2024ko apirilaren 29ko bilkura
MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, 2024ko APIRILAren 29a– EGINIKO BILERAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilera presentziala egin dute gaur, astelehena, apirilak 29, 10:00etatik aurrera, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
MOZIOAK:
- Honako mozio hau erretiratzeko eskaria: Nafarroako Gobernua premiatzen da plan bat egin dezan, larrialdikoa ez den arretarako bermatuko duena 48 ordukoa izatea Oinarrizko Osasun Laguntzako gehieneko itxaronaldia. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Leticia San Martín Rodríguez andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nazioarteko Olinpiar Batzordea premiatzen da ez dezan onar Israel 2024ko Olinpiar Jokoetan. Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioko Daniel López Córdoba jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Osasun Departamentuaren eta haren mendeko erakunde autonomoen ordainsari-sistemari buruzko azterlan bat egin dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Domingo González Martínez jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da 0-3 zikloa modu integralean eskain dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Eneka Maiz Ulaiar andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da laguntza eta onura sozial oro ken diezaien Espainiako nahiz Europar Batasuneko legeak urratuz gure nazioan sartu diren etorkin ilegalei, salbu eta euren jatorrizko herrialdera itzularazi arte behar duten giza laguntza urgentea. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteko María Teresa Nosti Izquierdo andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da programa bat taxutu dezan, Kubako Gobernuak bere herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko eskatzen duen laguntza humanitarioa bidaltzeko. Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak balio errepublikanoekiko konpromiso irmoa adierazten du. Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da LGTBIfobiaren aurkako Foru Behatokia sor dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Kevin Lucero Domingues jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Diputatuen Kongresua premiatzen da Hauteskunde-araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa alda dezan, halako moduan non tokiko hautesle-elkarteen eta alderdi txikien egiazko beharrizanen arabera mugatuko baita gastua eta zehapen-araubide proportzional bat ezarriko baita. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela 2015etik aitzina baliatzen ari diren memoriaren alorreko politika publikoak jorratzen jarraitzea. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Hezkuntzako kontseilariarena, balorazioa aurkez dezan Ikasle zaurgarriei lagun egiteko eta orientabide pertsonal eta familiarra emateko unitateen programei buruz eta eskola-sustatzaileen bidez gizarte- eta hezkuntza-alorreko esku-hartze jarduerak egite aldera toki-entitateei dirulaguntzak emateko programari buruz. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Eneka Maiz Ulaiar andreak aurkeztu du.
- Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariarena, Nafarroan industria digitalizatzeko prozesuari buruz informa dezan. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.
- Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarena, azal dezan nola defendatuko dituen Kasedako Udalaren herri-lurrak, HELIOSOLAR, SL merkataritza-sozietateak sustatutako Sangüesa I eta Sangüesa II instalazio fotovoltaikoen ezarpenaren aitzinean. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarena, azal dezan Nafarroako Gobernuak zer jarrera duen eta zer neurri hartuko duen Europar Batasunak apirilaren 24an Nekazaritza Politika Erkidea malgutzea onetsi eta gero. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.
- Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariarena, Parlamentuaren inguruetan martxoaren 7an gertatutakoak argitu ditzan. Nafarroako Alderdi Popularra talde parlamentarioak eta Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Caja Navarra Fundazioaren lehendakariarena, 2023ko jardueren oroitidazkia aurkez dezan. Caja Navarra Fundazioaren patronatuko lehendakari José Ángel Andrés Gutiérrez jaunak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- COLEFNA-Gorputz Hezkuntzako Lizentziadunen Nafarroako Elkargoaren ordezkariekin, azal dezaten zertan den Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen erregelamenduzko garapena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Javier Trigo Oubiña jaunak aurkeztu du.
- Makrohaztegien aurkako Nafarroako Plataformaren ordezkariekin, azal dezaten zer arazo sortzen duen nitrato-kutsadurak ibaietan, iturrietan eta pertsonen osasunean. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Mena Blasco jaunak eta EH Bildu Nafarroa, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.
- "Hotz-bolada" sarearen ordezkariekin –honako hauek osatua: París 365, Elkarte, PIM, Lantxotegi, Apoyo Mutuo, Intermon Oxfam, Haritu eta Nafarroako SOS Arrazakeria–, azal dezaten nola ikusten duten etxerik gabe dauden edo etxebizitza duin bat izaterik ez duten pertsonek bizi duten gizarte-bazterketako egoera, eta zer proposamen egiten duten hori dela-eta. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Olga Chueca Chueca andreak eta EH Bildu Nafarroa, Geroa Bai, Nafarroako Alderdi Popularra eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.
- Ezgaitasunaren Arreta Integralerako San José zentrora, bertatik bertara ezagutzearren instalazioak eta haren funtzionamendua. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Olga Chueca Chueca andreak eta EH Bildu Nafarroa, Geroa Bai, Nafarroako Alderdi Popularra eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.
AHOZKO GALDERAK:
- Espainiako Alderdi Komunistari ebatsi eta Nafarroako Gobernuaren esku dauden elementu sinboliko eta bereizgarriei buruzkoa. Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioko Carlos Guzmán Pérez jaunak aurkeztu du.
- Etxe-utzarazpenen prebentzioari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du. Osoko Bilkura. Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria.
IDATZIZKO GALDERAK:
- Ablitasko Kontserbazio Bereziko Eremuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Félix Zapatero Soria jaunak aurkeztu du.
- Jakitekoa ea aurreko urteetan zenbat pertsona utzi diren itxaron-zerrendetatik kanpo. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Leticia San Martín Rodríguez andreak aurkeztu du.
- Bertizko Jaurerriko Aizkolegi Jauregia birmoldatu edo leheneratzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Francisco Javier Trigo Oubiña jaunak aurkeztu du.
- Jakitekoa ea nork osatu zuen Los Ángelesera joan zen Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza, Robot Dreams filmaren taldeari babes instituzionala ematekoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Javier Trigo Oubiña jaunak aurkeztu du.
- Boluntariotzaren arloan egon litekeen genero-arrakalari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.
- Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta estatuko 7/2023 Legea uztartzeko gida errazari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Félix Zapatero Soria jaunak aurkeztu du.
- Cascanteko osasun-etxe berria egiteko proiektuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina López Mañero andreak aurkeztu du.
- Cascanteko osasun-etxe berriaren proiektuan izandako atzerapenari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina López Mañero andreak aurkeztu du.
- Zainketen aldeko ituneko 2023ko ahalduntze programetan izena emateko inprimakietako irisgarritasun-neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.
- Sangüesa I eta Sangüesa II eguzki-plantetan herri-lurrak desafektatzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Sangüesa I eta Sangüesa II eguzki-plantetako herri-lurrei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Sangüesa I eta Sangüesa II eguzki-plantetako herri-lurrei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Sangüesa I eta Sangüesa II eguzki-plantetako herri-lurren defentsan Kasedako Udalak emandako erantzunari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat jo dute emandako abalei eta abalatutako zenbatekoei buruzko 2024ko lehen hiruhilekoaren gaineko informazioa, Nafarroako Gobernuak aurkeztua.
BESTELAKO GAIAK:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, foru parlamentariak Legebiltzarreko organoen bilkuretara joatearen gaineko kontrolari buruzkoa.
Horrekin lotuta, Mahaiak erabaki du taldeei bi asteko epea ematea, gaia aztertu eta proposamenak egin ditzaten, bilkuretara joatearen gaineko kontrola egiteko (edo ez egiteko) moduaren gainean. Proposamen horiek Mahaiak maiatzaren 13an eginen duen bilkuran aztertuko dira.
Bilkuretara joatearen gaineko txosten juridikoaren konklusioak hauexek dira:
Lehena. Bilkuretara joatea parlamentarien betebehar nagusietako bat da, eta oinarrizko aurrebaldintza gertatzen da eginkizun parlamentarioak betetzeko eta, horien bitartez, Espainiako Konstituzioak eta Foruaren Hobekuntzak legebiltzarrei esleitzen dizkieten eginkizunak ere betetzeko.
Bigarrena. Gure sistema demokratikoan parlamentariek betetzen duten ordezkaritza-eginkizunari ematen zaion pisua dela-eta, Parlamentuko araudiak aukeratu du legebiltzarreko organoen bilkuretara joateko eskubide-betebehar horren betetzea faboratu eta bermatzeko mekanismoak arautzea.
Hirugarrena. Erregelamenduzko berme horiek hiru dira nagusiki: bilkuretara joatea baldintza izatea banakako diru-esleipena jasotzeko eta taldeek beren esleipenak jasotzeko, eta diziplina-neurriak aplikatu ahal izatea, halako moldez non zehapen posibleetako bat izanen bailitzateke diru-saria jasotzeko eskubide etetea.
Laugarrena. Mahaiari dagokio banakako diru-saria jasotzeko eta dirulaguntza parlamentarioak jasotzeko araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta baldintza horien artean jasotzen da bilkuretara joateko betebeharra. Hartara, Mahaiak ahalmena du baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko behar diren urratsak abian jartzea, laugarren oinarrian azaltzen den moduan.
Bosgarrena. Bilkuretara joateko betebeharra behin eta berriro, era nabarmenean eta norbere borondatez urratzeak diziplina-zehapen bat ezartzea ekar dezake, Parlamentuko Erregelamenduko 13. artikulutik 19.era bitarte jasotako eskubide parlamentarioen behin-behineko etena dakarrena. Eskubide horietako bat da, hain zuzen, diru-sari bat jasotzearena. Edonola ere, zehapena aplikatzeko, zehapen-prozedura bat izapidetu beharko da, Erregelamenduaren 134. artikulutik 137.era bitarte aurreikusten den moduan.
Beste alde batetik, eta Voxek eginiko eskaerarekin lotuta –gainerako parlamentarien absentziei buruzko informazioa eta justifikazioa eskatu zizkion Mahaiari–, Parlamentuko gobernu-organoak erabaki du eskaera hori ezestea, eskatzailearen eskumenik ezagatik.
Horri dagokionez, txosten juridikoak berak dio “ez dela bidezkoa eskaera aintzat hartzea Erregelamenduaren 14.6 artikuluan oinarrituta, parlamentariaren eginkizunen artean ez baitago bilkuretara joateen gaineko kontrola egitea; ezen eginkizun hori, ikusi dugun bezala, Parlamentuko Mahaiak dauka esleituta”.
Hala ere, "baldin eta Mahaiak, ofizioz edo talde parlamentario batek eskatuta, diru-sariak edo dirulaguntza parlamentarioak jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesu bat hasiko balu, zilegi litzateke parlamentariak horretan parte hartzea, bere elkarteak Mahaiaren bilkuretara joateko hautatutako parlamentari gisa, Erregelamenduaren 43.3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz”.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiaren epaia, 5671-2022 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsori buruzkoa, zeina Gobernuko lehendakariak aurkeztu baitzuen, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aldatzen duen urriaren 21eko 17/2021 Foru Legearen artikulu bakarraren bigarren eta hirurogeita bosgarren apartatuen aurka.
- Eskaria, Nafarroako Gobernuari errekerimendua egin dakion, eskatzen zaion informazioa emateko daukan betebeharra betetzekoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Leticia San Martín Rodríguez andreak aurkeztu du.
GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, Zerbitzu Juridikoen txosten-oharrarekin bat, ondokoa erabaki dute Gardentasunari buruz onesten diren ebazpenak argitaratzeari dagokionez:
“Nafarroako Parlamentuaren webguneko gardentasunari buruzko eremuan ebazpenak argitaratzeko atal berezi bat gaitzea , Gardentasunari buruzko Erregelamenduaren 10.6 artikuluan aurreikusita dagoen moduan.
Ebazpenak Parlamentuko Mahaiak ezartzen dituen zertzeladei jarraikiz argitaratuko dira, jasotzen dituzten datu pertsonalak bereizi ondoren”.
- Mahaiak onetsi du Nafarroako Parlamentuak bat egitea Fibromialgiaren eta Neke Kronikoaren Sindromearen Mundu Egunaren ospakizunarekin. Hori dela-eta, heldu de maiatzaren 12an Parlamentuaren fatxada kolore arrosa-morez argiztatuko da, 22:00etatik 24:00etara.
- Mahaiak onetsi du Ideagintza suizidako kasuetarako prebentzioa, detekzioa eta esku-hartzea jardunaldiak egitea, Nafarroako Eskola Kontseiluak antolatuak. 2024ko maiatzaren 10ean, 17:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 11n, 10:00etatik 14:00etara, izanen dira.
- Mahaiak jasotzat eman du Nafarroako Arartekoaren apirilaren 25eko 15/24 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira zuzenbideko gradua duten pertsonak Nafarroako Arartekoaren erakundean jarduteko prestakuntza-beka baten deialdiaren oinarriak. Bekak urtebeteko iraupena izanen du, eta euskaraz jakitea eskatzen da.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:
- Eledunen Batzarrak errefusatu egin du adierazpen instituzional bat egiteko proposamena. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak salatzen du Israel Gazan egiten ari den genozidioa, eta elkartasuna adierazten dio palestinar herriari. EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute.
UPN, PSN eta PPN abstenitu egin dira; Voxek aurka bozkatu du.
Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak salatzen du Israel Gazan egiten ari den genozidioa, eta elkartasuna adierazten dio palestinar herriari.
2. Nafarroako Parlamentuak Israeli exijitzen dio Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa bete dezan, bai eta NBEren ebazpenak ere.
3. Nafarroako Parlamentuak Israel premiatzen du korridore humanitarioak irekitzea onar dezan eta berehalako su-eten iraunkorra dekreta dezan Gazan eta Zisjordanian.
4. Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen du Palestina eskubide osoko estatu gisa aitor dezan eta palestinar herriari ematen zaion laguntza humanitarioa handitu dezan.
5. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio Nazio Batuen Erakundearen UNRWA Agentziari, ezinbesteko lana egiten duela aitortzen du, eta haren funtzionario erailengatiko dolumina adierazten du.
6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Estatuko Gobernuari eta gainerako nazioarteko eragileei eskatzen die manten ditzaten Palestinarekiko jadaneko lankidetza proiektuak, eta babes ditzaten alor horretan lan egiten duten entitateak, hala nola UNRWA.
7. Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua eta nazioartea premiatzen ditu areagotu ditzaten gerra-egoera baretzera eta bake iraunkorra lortzera bideratutako urrats diplomatikoei bultzada emateko ahaleginak.
8. Nafarroako Parlamentuak aldeko jarrera adierazten dio “Yala Nafarroa Palestinarekin” elkarteari, eta aldeztu egiten du giza eskubideen eta Palestinan bake justu eta iraunkorra lortzearen alde egiten ari den lana.
9. Nafarroako Parlamentuak aldeko jarrera adierazten dio "Askatasunaren Flotilla"ri, eta Israel premiatzen du ez dezan eragotz laguntza humanitarioa Gazako zerrendako herritarrengana helaraztea.
- Eledunen Batzarrak errefusatu egin du Langilearen Nazioarteko Egunaren kariaz egiteko adierazpen instituzional bat. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute.
Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Immigrazio politika batzuk bertan behera uzteko garaia da, espainiar langileei eta haien familiei kalte larria egiten ari zaienez, enplegua prekarizatzen, eta jasanezina egiten gizarte-estalduren egitura eta osasun-laguntzaren moduko zerbitzu publikoak ematen jarraitzea; bai eta auzo asko betiko auzokideentzat ezezagunak bihurtzen eta delituak nahiz segurtasun-falta areagotzen ere.
2. Urgentea eta beharrezkoa da legez kontrako immigrazio masibo eta kontrolgabearekin amaitzea eta apustu egitea immigrazio ordenatuaren, nazioaren beharrizanei egokituaren eta integrazio-borondatea duenaren alde.
3. Urgentea eta beharrezkoa da behar diren neurri guztiak hartzea, kanporatze aldera Espainian ilegalki sartu diren immigratzaile guztiak, delitu larriak egin dituztenak eta delitu arinak beren bizimodu bihurtu dituztenak; eta segurtasuna eta lasaitasuna itzultzea kale eta auzo guztietara, bereziki xumeenetara.
4. Beharrezkoa da Europako Itun Berdearen eta 2030 Agendaren politikak atzera botatzea, langabetze-plan masiboa dakarkietelako gure landa-eremuari, industriari eta energiaren sektoreari.
5. Bada garaia erakunde publiko guztiek –udaletakoak, autonomikoak, naziokoak eta Europakoak– neurriak har ditzaten, nazioen subiranotasuna eta langileen beharrizanak lehenestekoak eliteei bakarrik mesede egiten dieten eta pobrezia eta miseria besterik ekartzen ez duten politika batzuen aldean.
6. Urgentea eta beharrezkoa da enplegu egonkorrak eta soldata duinak sustatuko dituzten politika ekonomikoak bultzatzea, langileei ahalbidetuko dietenak gizarte ongizatea lortzea, beren bizitza-proiektuak gauzatzea, beren familien jasangarritasuna erdiestea eta lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea, eta erkidegoaren kohesioa, beren lurraldean sustraitzea eta ingurunearen babesa lortzea.