2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legea
Osoko Bilkurak onetsi du. 2024ko martxoaren 7an
Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin 2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea. 6.355.410.182 euroko kredituak bildu dira, horietatik 5.835.972.554 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio eta 519.437.628 euro gastu finantzariori (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa). UPNk, PPNk eta Voxek aurkako botoa eman dute.
Legearen 2. artikuluan jasorik dagoenez, 2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 6.355.410.182 euroko kredituak bildu diren, atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.
5.835.972.554 eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga, 2023koarekin alderatuz % 10,5 gehiago. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori. 2023rako aurrekontuarekin alderatuz, desberdintasuna 597 milioi eurokoa da.
Aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 4.684.182.014 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa eta Estatuari egindako ekarpena deskontatuta.
Hirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.
Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partida horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.
Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez (4. artikulua), Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.
Europar Batasunak kofinantzatutako proiektuak jasotzen dituzten partidei zuzenean eragiten dien kreditu-aldaketa orok Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko txostena beharko du. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (FEADER) kofinantzatutako kredituei eragiten dieten aldaketak salbuetsita daude.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47. artikuluaren 1. paragrafoaren a) idatz-zatitik g) idatz-zatira bitartekoetan aipatzen diren kredituez gain, 2024ko ekitaldirako zabalgarritzat joko dira terrorismoaren biktimen edo motibazio politikoko ekintzen biktimen aitorpenaren eta erreparazioaren ondorioz onar litezkeen dirulaguntzak eta maileguak emateko dauden edo sortu behar diren partida guztiak, bai eta Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketari dagozkion partida guztiak ere.
Era berean, zabalgarritzat joko dira Osasunbideako itxaron-zerrendak murrizteko neurriak finantzatzeko dauden edo sortu behar diren partida guztiak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluaren mugarik gabe.
Ekonomia eta Ogasun Batzordean otsailaren 23 eta 29 bitartean egindako eztabaidan onetsitako 355 zuzenketa jasotzen ditu legeak (guztiak PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sinatuta, konbinazio desberdinetan). Onetsitako zuzenketen balioa 17.254.962 eurokoa da.
Osoko bilkurako eztabaidan beraz UPNk (321) eta PPNk (227) mantendutako 548 zuzenketa eztabaidatu dira. Gaur aurkeztutako bost in voce zuzenketak (denak PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek konbinazio desberdinetan aurkeztuta) onetsi egin dira.
Eztabaida amaitu denean, 2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Lege proiektuaren behin betiko bozketa egin da.
2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiektua urtarrilaren 19an sartu zen Ganberan, 22an izapidetzeko onartu zen eta 23an Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Ondoren, UPNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketak gainditu zituen, Gobernuari kontuak itzultzeko babes nahikorik lortu gabe.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege proiektua (8. NPAO, 2024-01-23koa)
- Zuzenketak (14. NPAO, 2024-02-05ekoa)
- Zuzenketak (24. NPAO, 2024-22-20koa)
- Irizpena (36. NPAO, 2024-03-07koa)