Baztertu egin dira 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari UPNk, PPNk eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak
Otsailaren 23tik martxoaren 1era bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira batzordean eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da martxoaren 7an
Parlamentuko osoko bilkurak baztertu egin ditu gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin, 2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari UPNk, PPNk eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak.
UPNk, PPNk eta Voxek hiru osoko zuzenketak babestu dituzte, guztiak ere testu alternatiborik gabe.
Behin lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertuta, otsailaren 23tik martxoaren 1era bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko batzordean (zuzenketak aurkezteko epea gaur amaituko da, 14:00ean) eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da martxoaren 7an.
UPN talde parlamentarioak bere osoko zuzenketaren argudiatzeko adierazi du aurrekontuen izaera "kontinuista" dela; izan ere, “egindako akatsak” zuzendu beharrean, "zerga bidezko diru-sarrerak areagotzearen bidetik jarraitzen dute, baliabide gehiago lortzean zentratuz baina zerga neurrien eta gastu programen konbinazio eraginkorrik gabe. Inoiz baino aktibo gehiagorekin, hein batean inflazioaren eraginez, Nafarroak lehiakortasun fiskala eta inbertsioa erakartzeko gaitasuna galdu ditu".
Horri dagokionez, adierazi du “hazkundearen logika honek kalkulu politiko bati erantzuten diola, Gobernuko partaideen eskaerak asetzera bideratutako kalkulu bati, hazkunderako eta egonkortasunerako agertoki mesedegarri bat sortzera baino. Oreka falta hori nabaria da azpiegituretan, Nafarroako ubidea eta AHT bereziki aipatuz, edo ekonomia produktiboan, non aurrekontuak % 14 behera egin duen”.
Baliabide publikoen kudeaketa "ez-eraginkor eta kaltegarri" horretan sakonduz, azpimarratzen da Foru Gobernuak ez duela "konpromisorik" aipatutako inbertsio estrategikoekin, "erabakigarriak" izan arren ez dutelako "inbertsio-egutegirik eta eperik", eta ohartarazten da ez dagoela eredu egokirik "enpresa-sare produktibo, lehiakor eta oparotasuna sortzeko gai bat sustatzeko".
2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren izapidetzea "hiru hilabeteko" atzerapenarekin egin izana zalantzan jarri du UPNk, izan ere, "ez dago hori justifikatzen duen salbuespenezko baldintzarik, prozesua EH Bildurekin egindako itunekin lotutako beste mugimendu politiko batzuekin uztartzeko beharretik haratago”.
PPN talde parlamentarioak osoko zuzenketa aurkeztu du uste baitu aurrekontu “kontinuista” batzuk direla, aurreko ekitaldietako "arrakaletan eta gabezietan sakontzen" dutenak, bai hezkuntzan, osasunean eta gizarte-ongizatean, bai hainbat ekoizpen-esparrutan, non "gehiegizko zerga-politikak hazkunde ekonomikoa oztopatzen duen, inbertsioa moteltzen duen eta kalitatezko enplegua sortzea zailtzen duen".
Zentzu horretan, PPNk gaitzetsi egiten du "ordaintzen diren zerga altuen eta jasotzen diren gutxieneko zerbitzuen arteko elkarrekikotasun eza", eta agerian uzten du "kudeaketa arazo baten aurrean gaudela, ez finantzazio arazo baten aurrean", bereziki agerikoa dena Lehen Mailako Arretan, itxaron-zerrenda "onartezinak" baititu, Hezkuntzan, "bikaintasun akademikoa sustatzen duen politikarik gabe", eta gizarte-kohesioan, " biztanleriaren % 39,5ek zailtasunak baititu hilaren amaierara iristeko".
Horregatik guztiagatik, "AHT eta Nafarroako Ubidea bezalako azpiegitura beharrezkoetan inbertsiorik ez izateak dakarren lehiakortasun-galera eta enpresa-ingurune oparoa berrezartzea eragozten duen gehiegizko presio fiskala” azpimarratu ondoren, aurrekontuen eta Foru Komunitatearen benetako beharren arteko elkarrekikotasun falta salatu du PPNk, eta horren adibidetzat jarri du “euskara sustatzeko partida indartzea (+ % 12,64), jakinda kalean helduen artean % 10era iristen ez den" hizkuntza dela.
Vox parlamentarien elkarteak adierazi du aurrekontuak "irrealak, fikziozkoak eta Nafarroako errealitate ekonomiko eta sozialarekin bat ez datozenak" direla. Ildo horretan, Kontu Orokorren proiektua "hondamendi ekonomikoarekin, industria-sektorearen beherakadarekin, etxeetako kontsumo-gaitasunaren beherakadarekin, presio fiskal handiarekin, azpiegiturarik ezarekin edo landa-bizimoduaren estigmatizazioarekin" lotzen du.
Horregatik guztiagatik, izaera "konfiskatzailea" duten aurrekontuak direla uste du, " xahutze selektiboaren" ondorio direnak eta "gastu politiko eta ideologikoan" oinarritzen direnak, inolaz ere ez "sozialean". “Ez dute laguntzen nafarren egungo eta etorkizuneko arazoak konpontzen. Lan-merkatuaren baldintzatzaileak eta hori arautzen duten politikak iraultzea izan beharko lukete helburu, Europa mailan langabeziari dagokionez beherantz baikoaz. Nafarroak enpresaburuen konfiantza galdu du".
PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek osoko zuzenketen aurkako jarrera agertu dute, izan ere, proiektuaren % 51,4 “osasunean, hezkuntzan edo eskubide sozialetan inbertitzeko" baita. 3.000 milioi baino gehiagoko gastu soziala da, "hedapen-dinamika horri eustea erraza ez den une honetan". Azken helburua da "zerbitzu publikoak indartzea eta berdintasunean oinarritutako aurrerapen ekonomiko eta soziala ahalbidetzea". Gobernuak, zehaztu denez, "premia handiena duten edo desberdintasun-egoerak pairatzen dituzten kolektiboetan" zentratzen jarraituko du. Gobernua babesten duten hiru taldeen esanetan, UPNk, PPNk eta Voxek "ikuspegi katastrofista" dute.
EH Bilduk, bere aldetik, onartu du UPNk defendatutako osoko zuzenketaren "arrazoien zati bat" partekatzen duela, batez ere "baliabideak modu eraginkorrean esleitzeari eta ekitatez birbanatzeari" dagokionez. “Ezberdintasuna noren alde da. Guk argi daukagu, pertsonak erdigunean. Zerga-arloan eta garapen ekonomikoaren ereduan aldeak dauden arren, akordio ona lortu dugu Gobernuarekin. Aurrekontu hedakorrak eta diru-sarrera egonkorrak ditugu".
Zuzenketa partzialak aurkezteko epea amaituta, UPNk 290 erregistratu ditu, PSNk 100, EH Bilduk 54, Geroa Baik 75, PPNk 222 eta Contigo-Zurekinek 34. Gainera, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek beste 30 sinatu dituzte, konbinazio ezberdinetan. Guztira 775 zuzenketa aurkeztu dira, gehienak gastu-partidei zuzendutakoak. Gainerakoak artikuluei dagozkie.
2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua, 6.355.410.182 eurokoa, urtarrilaren 22an onartu zen izapidetzeko, eta hurrengo egunean argitaratu zen NAOn.
6.355.410.182 euro horietatik gastu ez-finantzarioaren zenbatekoa 5.835.972.554 eurokoa da (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua) eta gainerakoa, 519.437.628 euro, finantza gastuei dagokiena.
Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 10,5 igo da 2023ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.767.034.210 eurokoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 597 milioiko aldea dago.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (8. NPAO, 2024-01-23koa)
- Osoko Zuzenketak (14. NPAO, 2024-02-05ekoa)