Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Abuztuak 27

abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten baitira, COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko

Osoko bilkurak baliozkotu du. 2020ko abuztuaren 27an

Gaurkoan, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du baliozkotzea abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten baitira, COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren eta uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren kasuan ez bezala (lehen biak martxoaren 27an baliozkotuak eta apirilaren 3an foru lege bihurtuak, eta hirugarrena uztailaren 30ean baliozkotua eta Foru Lege gaur bihurtua), 8/2020 Foru Lege-dekretua ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez, 3/2020, 4/2020, 5/2020 eta 6/2020 foru lege-dekretuekin gertatu bezala. Ezein taldek ez du hori eskatu.

 

8/2020 Foru Lege-dekretuaren testuingurua egoera epidemiologikoaren okerragotzea da, pixkanaka gora egin baitute gizarte, aisialdi, gau eta familia giroekin zerikusia duten kasu positiboek, batez ere Iruñerrian eta Tutera aldean. Hori dela eta, gomendagarria da murriztapenak igotzea Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osoko Bilkurak hilaren 14an erabaki zituen haien mailaraino, kontuan harturik modu "ez hain zorrotzean" jaso zirela uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuan.

 

Horregatik guztiagatik, eta intzidentzia metatuaren pixkanakako gorakadari aurre egiteko, zeinak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, Foru Komunitatea "lurralderik ukituenen" artean jartzen baitu, zenbait neurri hartzen dira urgentziaz, "kutsatzeen hedapena ekiditeko", bai ostalaritzaren, jatetxeen eta gaueko aisiaren esparruetan, jolas-establezimenduak barne (elkarteak, peñak, ikuskizunak), bai esparru sozio-sanitarioan.

 

Harreman sozialen esparruko neurri berezien artean dago jardun-debekua, dantzaleku, diskoteka eta gaueko tabernentzakoa, zuzeneko musika-emanaldidunak izan nahiz ez izan. Halaber, ostalaritza, jatetxe eta terrazen itxiera-ordua 01:00era jaisten da (00:00etatik aurrera, harrera-debekua dago), eta haietan bermatu beharko da 1,5 metroko pertsonarteko distantzia, bai barran bai mahaien edo mahai-taldeen artean, eta gehienez 10 pertsonako taldeekin.

 

Arau horiek halaber aplikatzekoak zaizkie jolas-aretoei, ziberzentroei, bingo-aretoei, joko- eta kirol-aretoei, bai eta elkarte gastronomiko eta peñei ere, horiek ere beranduenik 01:00ean jendegabetzera behartuta.

 

Era berean, botiloia eta kale, parke, plaza publiko eta joan-etorri komunitarioko beste leku batzuetako antzeko topaketak debekatuta geratzen dira. Kontrolaren eta aplikatzekoak suerta litezkeen zehapenen ardura segurtasun indar eta kidegoen eskuetan uzten dira.

 

Halaber, eta tabakoaren nahiz horri parekaturiko gaien kontsumoari dagokionez, debeku da kalean edo aire zabaleko guneetan erretzea, posible ez denean gutxienez bi metroko pertsonarteko distantzia mantentzea. Muga hori bera aplikatuko zaio tabakoa arnasteko beste edozein gailu, ur-pipa, pipa edo antzekoen erabilerari.

 

Ekitaldi eta jarduera jendetsuei dagokienez, horien gauzatzea baldintzatzen zaio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aurretiazko ebaluazio bat egiteari. Horren ondoriozko txostena, loteslea eta aginduzkoa, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osasun Publikoko Batzordearen irizpideei jarraikiz eginen da.

 

Testuinguru horretan, ohartarazten da beren horretan mantentzen direla Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 5ean emandako 598/2020 Ebazpenaren efektuak, zeinaren bidez prebentzio neurri batzuk ezarri baitziren, gaueko aisialdiari dagokionez, herriko eta zaindarien jaien sasoirako. Jai horiek bertan behera utzi dira Nafarroa osoan.

 

8/2020 Foru Lege dekretuak halaber arautzen ditu egoitza-izaerako zentro soziosanitarioak, eta aurreikusten da haietan PCR proba diagnostikoak eginen zaizkiela kanpotik egoitzaratutako pertsona guztiei (gehienez ere, 72 orduko aurredenboraz), 14 egun baino gehiagoko baimen-aldi eta oporretatik itzultzen diren langile guztiei eta berritik hasten diren langile guztiei. Zahar eta ezgaituen etxeetako egoiliarrei eginen zaizkien bisitak modu mailakatuan eginen dira, eta pertsona bakarra baimenduko da egoiliar bakoitzeko, egunean ordubetez gehienez ere, salbu eta egoiliarrak bizitza-amaierako prozesuan daudenean. Egoiliarren irtenaldiak ahalik eta neurri handienean murriztuko dira.

 

Agerraldi epidemiko bat sortuz gero, osasun agintariek PCR proben bidezko baheketak eginen dituzte birusaren eraginpean egon daitezkeen arriskudun-taldeetan, hala nola zentro soziosanitarioetako egoiliarren artean, transmisio komunitarioa duten auzoetan, ikastetxeetan, birusak jota dauden etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan eta egokitzat jotzen diren guztietan.

 

Neurriek indarrean iraunen dute harik eta "espresuki" indargabetzen diren arte. Betiere, osasun-agintariei gaikuntza ematen zaie xedapen gehigarri edo osagarriak eman ditzaten, agerraldi lokalizatuen hedapena ekiditekoak, "proportzionaltasunez eta ezinbestekoa den denboraz baino ez".

 

Langileria alorrean, baimena ematen da Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aparteko orduen sortzapena izateko, noiz eta, lanaldi esklusiboaren osagarria esleituta izanda ere, koronabirusaren osasun-krisia dela-eta ohiz kanpoko zerbitzuak eman dituztenean. Diru-ordain bat eman beharra dagoen kasuetan, ordainketarako beharrezkoa izanen da justifikazio-txosten bat eta emandako zerbitzuen zerrendatze xehakatua. Dena den, horren ordainketa "ez da bateragarria" izanen O-NOZari atxikitako langileentzat ezarritako Covid-19agatiko aparteko produktibitatearen osagarria jasotzearekin.

 

Beste ildo batetik, eta lehenbiziko xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, aldatu egiten da Ondare-eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren testu bateratua, aipatu kargaren mailaz mailako kuotaren salbuespena hedatze aldera salgai-garraio publikoaren eta bidaiariek eskatu ahalako autobus-garraioaren sektorearentzako moratoria formalizatzeko eskrituretara. Aurreikuspen hori uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-dekretuan jasota dator, Covid-aren inpaktuari garraioaren eta etxebizitzaren esparruetan aurre egiteko suspertze ekonomikoko neurriei buruzkoan.

 

Bestetik, urriaren 31ra arte mantentzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ehuneko zeroko tasaren aplikazioa Covid-19a borrokatzeko osasun-materialaren hornitzeari, inportazioei eta Europar Batasunaren barneko erosketei, horien hartzaileak entitate publikoak, irabazi-asmorik gabekoak eta ospitaleak direnean. Neurri hau aplikagarri zaien ondasunen zerrenda ere eguneratu da, apirilaren 23tik aurrerako ondorioekin. Horretarako, ukiturik suertatzen diren subjektu pasiboek Foru Lege-dekretu honek indarra hartu aurretik erasan edo ordaindu den kargaren zuzenketa eginen dute.

 

8/2020 Foru Lege-dekretuak, zeinak baitakar uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. Titulua eta xedapen gehigarriak indargabetzea, bai eta hartan xedatuaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

 

Bilkura mistoa izan da (presentziala eta telematikoa), eta honako hauek bildu ditu Osoko Bilkuren aretoan: Unai Hualde, Parlamentuko lehendakaria; Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak; Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak; eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten sei taldeen eledunak eta parlamentariak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Borondatezko gauza da hori, baina interes publikoko osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatu egiten da.

 

Gobernuko lehendakari María Chivite andrea Lehen Lehendakariordearekin batera, Javier Remírez jaunarekin, etorri da, bai eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saiz andrearekin, Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Eskubide Sozialeko kontseilari Carmen Maeztu andrearekin, Lurralde Kohesio kontseilari Bernardo Ciriza jaunarekin, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza jaunarekin eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos jaunarekin.