Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Martxoak 12

Auzia argitzeko Legebiltzarraren konpromiso irmoa helarazi die Parlamentuko lehendakariak Mikel Zabalzaren senideei

Unai Hualdek martxoaren 1ean onartutako adierazpen instituzionala eman die Orbaizetako gaztearen arrebei, zeinak haren heriotzarekin lotutako audioak sakonki iker daitezen eskatzen baitu

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Mikel Zabalzaren arrebak, Lourdes eta Idoia, hartu ditu gaur bere bulego ofizialean, eta martxoaren 1ean eledunen batzarrak onartutako adierazpen instituzionala eman die.

 

Nafarroako Parlamentuaren jarrerari dagokionez, aho batez eskatzen baitu "Mikel Zabalzaren heriotzari buruz agertutako audioak sakon ikertzea", Idoia eta Lourdes Zabalzak erabakiaren garrantzia baloratu dute, baina formaltasun hutsean ez geratzeko eskatu dute.

 

"Adierazpenaren garrantzia baloratzen dugu, orain gutxi arte pentsaezina zen, baina horrek dakarren babes instituzionaletik haratago, auzia argitzeko behar diren pausoak ematen laguntzea nahiko genuke. Ez genuke nahi ekintza formal hutsean geratzea. Hainbeste difamazio eta urtetako bakardadearen ondoren, Nafarroako Parlamentuaren babesa sentitzen dugu. Hasieratik defendatzen ari garen egia ziurtzat jotzen dela esan nahi du. Orain, bakoitzak bere eskumenen esparruan, benetan eraginkorrak diren neurriak antolatzen lagundu behar du".

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Nafarroako erakundeek "egia, justizia eta biktima guztien erreparaziorako eskubidearekin duten konpromiso irmoa" azpimarratu du eta, ildo horretan, "kasua sakonki ikertu" behar dela azpimarratu du, "erabat argitu dadin. Egia ofizial bat dago, gizarteak zalantzan jartzen duena, eta agertu berri diren ebidentzia hauekin ezinbestekoa da ikerketa amaierara arte eramatea. Nafarroako Parlamentuak hau aho batez esan izanak balio handia du, are gehiago Ganbera honen aniztasuna kontuan hartuta, ez dezagun ahaztu Nafarroako herritar guztiak ordezkatzen dituela”.