Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Apirilak 21

Baliozkotu da 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko

Chivitek “talde guztien ekarpen eraikitzaileak” eskertu ditu, eta Navarra Sumak eta EH Bilduk autonomoentzako laguntzen jatorria beraiek 6/2020 Legeari aurkeztutako zuzenketetan kokatzen dute

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez baliozkotu egin du 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

 

Martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege gisa izapidetutako martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuarekin eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuarekin gertatu ez bezala, 3/2020 Foru Lege-dekretua ez da foru lege proiektu gisa eta presako prozeduraren bidez izapidetuko. Navarra Sumak egindako eskaerak ez du aurrera egin PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu baitute.

 

Hirugarren foru lege-dekretu hori ere ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusirik eman da; izan ere, beharrezkoa da hirugarren neurri sorta ezartzea ekoizpen eta gizarte sareari babesa eta sostengua ematen jarraitze aldera. Xedea da krisiaren inpaktua gutxitzea, behin osasun alarma bukatuta, jardueraren suspertze bat bultzatzeko eta kalte iraunkor edo egiturazkoak ekiditeko.

 

Kasu honetan, foru lege-dekretuak arreta berezia eskainiko die autonomoei. Talde hori 47.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute eta horietako askok alarma egoeran baimenduta ez daude jardueratan dihardute, hala nola kulturan, jarduera artistikoetan, kirol jardueratan, ostalaritzan, merkataritzan, ile-apainketan eta hezkuntzan, besteak beste.


Jarduera-eteteak gehien kaltetutako beren konturako langileei aitortzen zaie 2.200 euroko aparteko laguntza zuzena, betiere zenbait baldintza betetzen badituzte, besteak beste, jarduerari berrekitea gutxienez hamabi hilabetez. Beste batzuek –jarduera eteteagatiko prestazioari heldu ez baina diru-sarreren % 30eko galera gutxienez izan dutenek– 700 eta 800 euro arteko laguntza jasoko dute.


Laguntza multzo hau bateragarria da –muga batekin– beste edozein administraziotik jaso daitezkeenekin, eta apirilaren 3an 6/2020 Foru Legearen bidez onetsitakoak hobetzen ditu.


Hala nabarmendu du Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek, zeinak eskertu baititu talde parlamentario guztiek aurkeztutako “ekarpen eraikitzaileak”; izan ere, bere ustez horiek dira “alor ekonomiko, sozial eta osasunekoan oso korapilatsua izaten ari den egoerari aurre egiteko tresnarik onena”.

 

Halaber, Lehendakariak ihardespen txandan aipatu du “Gobernuak adierazi zuela autonomoen babeserako lanean ziharduela, baina batzuk aurrea hartzea erabaki dutela. Hori da errealitatea. Protagonismo politikoaren gainetik egon beharko luke zorroztasunak”, adierazi du Navarra Suma eta EH Bilduri zuzenduz.

 

Hala, beste foru lege dekretu bat iragarri du, zeinaren bidez zehaztasun batzuk eginen diren eta nekazari autonomoen kolektiboa aintzat hartuko den. Chivitek nabarmendu du “enplegua mantentzea” dela helburu argi eta uko egin ezinezkoa; izan ere, “aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen % 99,9a jarduera eteteari buruzkoak dira. Bateragarri egin behar ditugu langileen segurtasuna eta lana”.

 

Javier Esparzak (Navarra Suma talde parlamentarioa) adierazi du “lan autonomoak berriz ere izan behar duela protagonista, eta laguntza zuzenak direla ondoen egokitzen zaizkionak halako talde heterogeneo batean gertatzen den kasuistika zabalari. Kritikatua izan zen 20 milioiko zuzenketa baten bidez saiatu ginen zulo hori betetzen, zuzenketa izapidetu zedin saiatzeraino. Esaten zuten baliabideak mugatuak zirela, proposamenak ez zeukala aurrekontuan tokirik. Aitzakia bat zen, dirua egon bazegoelako; arazoa zen proposamena ez zutela sinatzen ez Gobernuak, ez PSNk, ez Geroa Baik. Atzera egin duzue; oso ongi, zeren eta oraingo honetan kontsentsua baitzegoen. Hori da bidea: Laguntza zuzenak jarduerari amaiera emateko eta, guk planteatzen genuena baino txikiagoak izan arren, jarduera eteteko. Malgutasun handiagoarekin egin zitekeen, eta hala egin beharko da etorkizunean, ez baitakigu Nafarroako ekonomiak nola erantzunen duen. Nahitaez galduko dira lanpostuak, eta galera horiek justifikatuta baldin badaude ez litzateke zigortu beharko laguntzak mantentzerako orduan. Foru lege-dekretu hau lege gisa izapidetzea eskatzen dugu, zuzenketak aurkezteko asmoa daukagulako”.

 

Ramón Alzórriz (PSN talde parlamentarioa) pozik azaldu da “Navarra Sumaren jarrera berria ikusita, zerikusirik ez daukana 2008an izan zuenarekin; izan ere, orduko kaleratzerik eta etxegabetzerik ez da izan, Gobernuak ezberdinak direlako eta lehentasunak ezberdinak direlako. Birusari buruz eztabaidatzea eta adostea, inor gibelean utzi gabe. Hori da herritarrek eskatzen dutena. Pertsonak erdigunean jartzea, ziurgabetasuna eta beldurra gutxitzea, gure ongizate-estatua berreraikitzeko xedez neurri ekonomiko eta sozialak ezarriz. Arrakala ekonomikoa hondorik gabeko putzu bihurtzea ekidin beharra dago, horrek gure lurraldearen etorkizuna kolokan jarriko zuelako. Laguntza hauek –Navarra Sumak ekarri zituenak halako hiru egiten dutenak– ahalegin handia dira, baina hori da produkzio-sistemari eta langileei likidezia eta egonkortasuna emateko modua”.

 

Eledun sozialistak “Gobernuaren eta talde parlamentarioen lana eta kudeaketa-gaitasuna” azpimarratu ditu. Gizarte-larrialdiak elkarrizketa exigitzen du; hori da Gobernuak abiarazi duen bidea: argia eta erantzun bat jarri nahi ditu den-denok ukitzen gaituen salbuespen-egoera honetan. Osasun-sistema sendo eta malgua daukagu, profesional handiekikoa, gaixoei enpatia transmitizen diena eta gizartearekiko ulerbera dena. Osasungintza da, oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen lan eskerga ahaztu gabe, lotu beharreko lehendabiziko katebegia. Bide zuzenean ari gara; hortaz, zuhurtziaz bada ere, bestelako neurri ekonomiko eta sozialak ezarri behar ditugu orain”.

 

María Solanak (Geroa Bai talde parlamentarioa) azpimarratu du Gobernuaren proposamenak “hobetu egiten duela, nabarmen hobetu ere” Navarra Sumak hasieran egindako ekarpena; izan ere, “beste publiko objektibo bati zuzentzen zaio, gehien kaltetutako autonomoei, jarduerari amaiera eman behar izan diotenei. Nafarroan 10.000 pertsona dira Estatuaren laguntza eskatu dutenak; horiek 2.200 euro jaso litzakete, eta Navarra Sumaren proposamenak kanpo uzten zituen. Hona ezin da ekarri konpontzen ez dituen angelu hilak dauzkan proposamen bat. Egokitzapenak egin beharko dira, baina ez arauari malgutasuna falta zaiolako. Dekretu honetan gauza asko geratzen dira jasotzeke, eta jaso jasoko dira, zeren eta, zorionez eta bestelako arrazoiengatik (lana eta zorroztasuna, esate baterako), beste autonomia erkidego batzuk baino hobeki gaude. Orain garrantzitsua dena da jakitea non gaduen, behar ez bezalako urratsik egin ez dezagun. Lehentasuna ez da moteltze-neurrietan lehenak izatea. Asko aurreratu dugu, baina ziurgabetasuna handia da oraindik ere, eta horrek erabakiak batera hartzea, adostasuna, exigitzen du.

 

Adolfo Araizek (EH Bildu talde parlamentarioa) gogorarazi du foru lege dekretu honek berezko dituen "elkarrizketa eta akordioa" ez zirela posible izan aurreko bi dekretuak lege bihurtu ziren eztabaidan. Apirilaren 3ko Osoko Bilkura hartan "PSNk eta Geroa Baik aipatu zuten gastua neurrigabea zela, desegokia eta diruzaintzako tentsioak eragiten zituela. Gaur onesten ditugun neurri ekonomikoen edukia Navarra Suma eta EH Bilduren orduko zuzenketena baino askoz handiagoa da. Autonomo guztiak biltzen zituzten bi zuzenketaren alde bozkatu zuen talde bakarra gara. Gaur jada ez dira 20 milioi izanen, behar direnak izanen dira eta pozten gara. Gure kalkuluen arabera, lana utzi behar izan duen kolektiboarentzat 51 milioi inguru izanen lirateke. Zuzenketa hori onetsi izan ez balitz, gaur ez ginateke egonen autonomoentzako funts horri buruz hitz egiten. Beste horrenbeste gertatzen da Toki Erakundeetarako Funtsa sortu zuen gure zuzenketari dagokionez. 25 milioirekin hornitu genuen eta zuhurrak izan ginen, gerakina 72 milioikoa baita. Eta horretarako tarterik badago, aurreko Gobernuaren kudeaketari esker da".

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) "errespetua" agertu dio "oposizioaren fiskalizazio lanari", eta hirugarren neurri sorta horrek "berreraikuntza ekonomiko eta sozialari egiten dion ekarpena" azpimarratu du. "Autonomoena, protagonismoetatik haratago, neurri handia da, Estatukoaren osagarria. Kasu honetan, adostasuna da berritasuna, nabarmendu beharrekoa. Ibilbide luzeko gizarte-bide baten aurrean gaude, non herritar guztiek bat egiten duten. Burokrazia ezin da oztopo izan garatu dugun babes-bokazio horretarako. Ados gaude krisi honetatik ez ateratzearekin lan-baldintzak desarautuz, indartsuenaren legea sustatuz. Erasoak latzak izanen dira, baina adostasunak garatzen jarraitu nahi dugu, besteak beste, aterkia izaten jarraitzeko aire zabalean egon den jendearentzat ".

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) zioen azalpenaren "argitasuna" aipatu du, "osasunaren, ekonomiaren, gizartearen eta lanaren sarearen deskonposizioaren mehatxuaren aurrean jardutea eskatzen duen krisiaren ondorio suntsitzaileak" egiaztatzeko. Produkzio-sarearen babesak eta finantzaketak kezkatzen gaituzte, helburua inor atzean ez geratzea izan behar baita. Funtsezkoa da administrazio publikoek azkar eta eraginkortasunez erantzutea, baita dohaintzak arautzeari dagokionez ere. Funtsezkoa da gaixotasunaren aurreko prebentzio-ekintzak koordinatzea. Etorkizuna, nolanahi ere, honaino ekarri gaituenaren ordezko eredu bat eraikitzea da".

 

Komunikabiderik gabe, saioa streaming bidez eskaini da eta honako hauek bakarrik bildu dira: Unai Hualde, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta Ganberan ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Gai hori borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak egitea, aurrez aurre edo telematikoki, 50 ordezkariekin. Gobernuko lehendakaria –hamaikagarren parlamentarioa–, María Chivite, bere bi lehendakariordeekin –Javier Remírezekin eta Jose Mari Aierdirekin– joan da, bai eta Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maezturekin ere.