Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Azaroak 26

Baztertu egin da 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa

Abenduaren 14tik 18ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira batzordean eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da abenduaren 23an

Parlamentuko osoko bilkurak baztertu egin du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin, 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa.

 

Behin lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertuta, abenduaren 14tik 18ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko batzordean (aurkezteko epea bihar amaituko da) eta irizpena Osoko Bilkuran eztabaidatuko da abenduaren 23an.

 

2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua azaroaren 11n onartu zen izapidetzeko, eta hurrengo egunean argitaratu zen NAOn.

 

Aurrekontua 4.870,5 milioi eurokoa da; kopuru horretatik 4.481,4 milioi euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 389,1 milioi euro, finantza-gastuari.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,28 igo da 2020ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.256,6 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 224,8 milioiko aldea dago.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu duen osoko zuzenketa justifikatzeko adierazi du, ez datorrela bat “lehentasun sozial eta ekonomikoei eraginkortasunez aurre egiteko beharrezko estrategiarik ez duten aurrekontuekin”, eta gainera, proiektu honek ez duela “ekonomia oparotasun iraunkorreko eredu baterantz bideratzeko beharrezko bultzadarik”.

 

Hala, datorren ekitaldirako Kontu Orokorren proiektua "inorena ez den lurrean" geratzen dela azpimarratu ostean, Navarra Sumak "zerbitzu publikoak bermatu eta egiturazko erreformak sustatzera" behartuta dagoen Gobernu baten aldetik "ziurgabetasuna" eta "lidergo eraginkorrik" ez izatea kritikatzen du, uste baitu bi helburu horiek ez direla "modu eraginkorrean" betetzen, aurrekontuak "gastuaren arloan" zein "azpiegitura estrategikoen arloan" betetzen duen "bigarren mailako papera" ikusita.

 

Navarra Sumaren arabera, "% 6,5etik urrun, gastuaren hazkundea % 1,4ra mugatzen da; beraz, espero da krisiaren ondorio ekonomiko eta sozial gogorrak azaleratzea, enpresak, langileak eta etxeak mantentzeko ezarritako ezohiko neurriak agortu ahala. Enplegu- eta inbertsio-programak sustatu beharko lirateke hazkundea bultzatzeko, baina Nafarroa Suspertu Planak ez du balio hazkunde-, berrikuntza-, berdintasun- eta ekitate-oinarri berriak ezartzeko, eta enpleguaren sustapenak ez du behar bezalako protagonismorik. Ziurgabetasuna da nagusi", berretsi du.

 

Navarra Sumak osasun arloan ere ez du baikortasunerako arrazoirik aurkitu, izan ere, "datuen arabera, Nafarroa Europako eskualde okerrenetako bat izan da hilabeteotan. Osasun-sistemaren presioa kezkagarria da oraindik ere, baina aurrekontua % 1,4 murriztu da, pandemian gehitutako gastua kontuan hartzen badugu. Txertoa ez da irtenbide magikoa".

 

Abiadura Handiko Trena eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasea bezalako azpiegitura handiei dagokienez, Navarra Sumak 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua itzultzeko eskaera egiten du "segurtasun falta" argudiatuta, bi zutabe "estrategiko” hauek Europako Funtsen esku uzten baitira. Momentuko eta etorkizuneko inbertsio publiko oso garrantzitsuak dira, izan ere, inbertitzen den euro bakoitzeko 4 eurorainoko inbertsio pribatua mugiaraz daiteke. Aurrekontuetan sartu behar ziren".

 

Landa Garapenari dagokionez. “datuak izugarriak dira. Inbertsioak % 28 murriztu dira aurtengo urriaren 31ra arte gastatutakoarekin alderatuta, eta Tokiko Inbertsioen Plan berririk ere ez da sartu. Bestalde, "zer esan Errenta Bermatuari buruz, laguntzek enplegu-neurrien eskutik joan beharko bailukete, neurri horiek iraunkorrak eta inklusiboak izan daitezen".

 

Navarra Sumak aurrekontuen proiektuak bi helburu nagusiei erantzuten ez diela berretsi du, hau da, desberdintasunak murriztu eta eraginkortasuna areagotu. Berdintasunaren esparruan, krisiaren kostuak banatu egin behar dira, eta, eraginkortasunarenean, susperraldi azkar bat lortzeko oinarriak ezarri behar dira. Kontuek ez diete premisa horiei erantzuten".

 

PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek osoko zuzenketaren aurkako jarrera babestu dute, "lehentasunezko helburua funtsezko zerbitzu publikoei eustea baita, sektore publikoaren lidergotik abiatuta, susperraldi ekonomiko eta sozial bidezkoa eta berdintasunezkoa bermatzeko".

 

Foru Gobernua sostengatzen duten taldeen esanetan, Navarra Sumak egindako osoko zuzenketak "Nafarroari kalte egin nahi dio, are gehiago abstentzioa eskaini ondoren, orain berriak ez diren argudio estrategikoekin deskalifikatzen dituzten kontuei sinesgarritasun gutxiko txeke zuri bat emanez. Eserlekuen ituna baino ez dute bilatu, ez edukiari buruzko akordioa. Nirekin edo nire aurka. UPNren 40 urteko historia gidatu duen diskurtsoa. Krispazioan eta manipulazioan geldirik jarraitzen dute".

 

Ildo beretik, EH Bilduk Navarra Sumaren argudioen aurka egin du eta “perfektuak ez diren baina bide onetik doazen” Kontu Orokorren aldeko jarrera agertu du. Beste fiskalitate bat nahiko genuke, baina urgentziak premia dauka. Akordioaren balio politikoa azpimarratzen dugu, bide luze baten urrats gisa ikusten dugu. Zenbat eta gehiago errepikatu Nafarroa arriskuan dagoela, orduan eta gehiago urruntzen dira herritarrengandik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu haien eragin politikoa ahalik eta txikiena izan dadin".