Baztertu egin da 8/2022 Foru Legea, toki inbertsioen plana arautzen duena, aldatzea
UPNk proposatzen zuen 500 biztanle baino gutxiagoko toki entitateen inbertsio-ahalmena eta eskumenen esleipena lerrokatzea, ezinbesteko obren finantzaketa % 100era igoz
Parlamentuaren Osoko Bilkurak baztertu egin du, gaur, Toki inbertsioen plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen aldaketa. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek kontra bozkatu dute, eta UPN, PPN eta Voxek, berriz, alde.
UPNk sustatzen zuen aldaketaren xedea zen toki entitateen eskumenen esleipena eta inbertsio-ahalmena lerrokatzea, finantza-baliabiderik ez dutenean zenbateko ez finantzagarriari aurre egiteko zenbait obratan (hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak, zoladura-lanak sareekin, sarerik gabeko zoladura-lanak, zeharbideen urbanizazio-lanak), indarrean dagoen arauaren 15. artikuluan zehazten den moduan.
Horretarako, eta kontuan hartuta inbertsioen gehienezko finantziazio-ehunekoak zenbateko kengarriaren (BEZa kanpoan utzita) % 65 eta % 85 artekoak izan ohi direla, proposatzen zuten hobari hori % 100era igotzea “500 biztanle baino gutxiagoko” toki entitateentzat, baldin eta haien “aurrekontua eta diruzaintza-geldikina diruz lagundu ezin den kargua baino txikiagoak” baziren. Gainera, ezartzen zenaren arabera, zorra izan beharko zen “urteko aurrekontutik azpikoa” eta jarduteko beharra “justifikatua”.
Obraren finantzaketa osoa, zeinari “atzera-eragineko” izaera ematen zitzaion, baldintzatzen zen aldez aurreko txosten batera, gaian eskumena duen departamentuko zerbitzu tekniko, juridiko eta ekonomikoek eginera.
Zioen azalpenean toki autonomiaren printzipioak aipatzen ziren, non bermatzen den, besteak beste, beren eskumenak garatu eta gauzatu ahal izateko finantza-ahalmena, eta ohartarazten zen “interes eta osasun publikorako kalte eta arriskuak” egon litezkeela egoera jakin batzuetan, jarduketa batzuei ezin aurre egiteagatik, esaterako, “fibrozementuzko hoditeria zaharrak berritzea” jarduketari.
8/2022 Foru Legea 15. artikuluari 4. apartatua gehituz aldatu nahi zuen artikulu bakarrak honela zioen:
«4. Zilegi izanen da zenbateko lagungarriaren (BEZa barne) % 100 finantzatzea, Departamentuko zerbitzu tekniko, juridiko eta ekonomikoek aurretiaz txostena eginda, 500 biztanle baino gutxiagoko toki-entitate batek aurkezturiko inbertsioen kasuan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Inbertsioaren premia behar bezala justifikatuta egotea.
b) Toki-entitatearen aurrekontua txikiagoa izatea toki-entitate horri artikulu honen 1. eta 2. puntuen arabera bere gain hartu beharrekoa suertatuko zaion partearen zenbatekoa baino.
c) Toki-entitatearen diruzaintza-gerakina txikiagoa izatea toki-entitate horri artikulu honen 1. eta 2. puntuen arabera bere gain hartu beharrekoa suertatuko litzaiokeen partearen zenbatekoa baino.
d) Toki-entitatearen zorra, halakorik egonez gero, txikiagoa izan beharko da haren urte-aurrekontua baino.
5. Goiko 4. apartatuak aipatzen duen finantzatzea atzeraeraginez aplikatuko zaie bertan zerrendaturiko baldintzak betetzen dituzten entitateenak izanik planean sartuta dauden inbertsio guztiei".
2022ko martxoan onetsi zen Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Legearen aldaketa, irakurketa bakarraren bidez izapidetuta, NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko zen indarrean.
- www.parlamentodenavarra.es
- Foru-lege proposamenaren argitalpena (84. NPAO, 2024-06-07koa)