Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 2

Baztertu egin da Nafarroako Gobernuari enpresen deslokalizazioa ekiditeko eskatzen zion mozioa

UPNren mozioak zerga-politika gaitzesten zuen eta familia-enpresen tributazioa aldatzeko eskatzen zuen, enpresa-jarduerari atxikitako ondareari dagokionez

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin gaur baztertu duen mozio batek proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “neurri ekonomikoak har ditzan, Nafarroan enpresen deslokalizazioa ekiditea xede dutenak”.

 

Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan honako hau eskatzen zitzaion Foru Gobernuari: “Familia-enpresen tributazioa alda dezan, enpresa-jarduerari atxikitako ondareari dagokionez”.

 

UPN parlamentu-taldeak aurkeztu du mozioa eta PSNk zuzenketa egin dio. Zioen azalpenean, Expansión egunkari ekonomikoak argitaratutako informazio bat aipatu ondoren, hau baieztatzen zen: “Ematen du UPN ez zebilela oker ohartarazten zuenean Foru Gobernuak sustatutako neurri ekonomiko eta fiskalek deslokalizazio-efektua izan zezaketela”.

 

Egunkari horretan argitaratutako datuei erreparatuta, proposatzaileak ohartarazten zuen Nafarroak 76 enpresa galdu dituela, eta “soilik Kataluniaren atzetik, enpresa-deslokalizazioak gehien kaltetutako erkidegoa” dela.

 

Horiek horrela, “enpresek enplegua sortzeko beharrezkoak diren baldintzak sorrarazteko” eskatzen zuen, “2016an enplegu gutxien sortu duen erkidegoa baita Nafarroa, Extremadurarekin batera”.