Baztertu egin da Nafarroako Gobernuari etorkin ilegalen berehalako kanporatzea izapidetzeko eskatzen zion mozioa
Vox bakarrik geratu da gizarteratzeko eta aniztasuna kudeatzeko politikei amaiera emateko ahaleginean, "legez kanpoko etorkin batek ere bere egoera erregularizatu ez dezan"
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen "lehentasunez eta berehala izapidetu dezan gure herrialdera ilegalki sartzen diren etorkin guztien berehalako kanporatzea".
Baztertutako mozioak bigarren atalean Gobernuari eskatzen zion “amai dezan milaka pertsona bizitza arriskuan jartzera –eta gehiegitan tragikoki galtzera– eraman dituzten dei-efektuko politikekin, Europan etorkizun hobe baten promesa faltsuen ondoriozkoak”.
Era berean, hirugarren atalean, Gobernua premiatzen zen “Administrazio publiko guztien bidez mezu argia helaraz dezan: Espainian legez kanpo sartzen den edozein etorkinek ezingo du inoiz gure herrialdean duen egoera erregularizatu, ezta inolako laguntza publikorik jaso ere”.
Bestalde, Foru Exekutiboari dei egiten zitzaion “legez kontrako immigrazio mota oro sustatzen duten elkarte, erakunde, fundazio eta gobernuz kanpoko erakundeendako dirulaguntzak kendu ditzan, eta legez kontrako immigrazioaren mafien eta haien laguntzaileen aurkako zigorrak gogortu ditzan”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “udal- edo eskualde-administrazioek aurka egin diezaioten lurralde nazionalean legez kanpo edo modu irregularrean sartu den edozein etorkin udal-lurraldean edo eskualde-lurraldean birkokatzeari, baldin eta ez badu ezein motatako nazioarteko babesik eskatu”.
Zioen azalpenean, Vox foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozioak "europar guztien bizikidetzan, segurtasunean eta oparotasunean ondorio zuzenak dituen migrazio-inbasioaz" hitz egiten zuen, "Bruselako eliteei" egozten zien "onkeria suntsitzailearen ariketa", zeinaren helburu bakarra "eskulan merkea ekartzea" baita, eta "legez kanpo iristen den etorkin batek ere Espainian bere egoera erregularizatu ez dezan" ziurtatzearen alde egiten zuen.
* EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiek ez dute eztabaidan parte hartu, legegintzaldian Voxek aurkeztutako ekimenekin egiten ari diren bezala.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (34. NPAO, 2023-11-14koa)