Baztertu egin da UPNren proposamena, terrorismo delituengatik zigortutako pertsonak dirulaguntzarik gabe uztekoak, bereziki hezkuntza arloan
PSN, Bildu, GB eta C-Zk Parlamentuko juridikoek emandako argudioei eutsi diete eta nabarmendu dute lortu nahi den xedea eta foru-lege proposamenean jasotakoa ez datozela bat
Legebiltzarraren Osoko Bilkurak ezetsi egin du gaur, irakurketa bakarrean izapidetzea eragotzi baitu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzeko proposamena. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek aurkako botoa eman dute; UPN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabeko parlkamentariak, berriz, aldekoa. Beraz, ez da beharrekoa izan foru-lege proposamena bera bozkatzea.
UPNk bultzatutako foru-lege proposamena da eta haren xedea zen terrorismo delituengatik epai irmoz zigortutako pertsonei dirulaguntzak ematea ekiditea. Debeku hori aplikatzekoa zitzaien, baita ere, pertsona juridikoei, egoera horretan zeuden beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk enplegatu gisa izanez gero nahiz haiekin jarduera azpikontratatuz gero, baldin dirulaguntzak bideratuak baziren “pertsona adingabeentzako proiektu edo jarduerak egitera, barne hartzen dutenak haur edo nerabeekiko harreman errepikatu, zuzeneko eta ohikoa izatea”.
Esparru horretan, eta kontuan hartuta administrazio publikoek beren langileen “aginpide etiko eta morala” zaintzeko betebeharra dutela, arreta berezia jartzen zen hezkuntzaren alorrean, bertan diharduten langileek “eredugarriak” izan behar baitute pertsona guztien duintasuna errespetatzeari dagokionez, inongo bereizkeriarik gabe.
Horretarako, eta gizarteko bizitza arautzen duten arauen izaera berdinzalea eta ez baztertzailea ezertan galarazi gabe, aipatzen ziren “terrorismoaren ondorio lazgarriak, bereziki ETAk eragindakoarenak”, eta 11/2005 Foru Legean araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izaera eskuratzeko betekizunen artean zigor-aurrekariei buruzko ziurtagiria sartzeko beharra aldezten zen.
Aldiz, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin talde parlamentarioek Nafarroako Gobernuaren argudioak baliatu dituzte ekimen horrekiko "desadostasuna" adieraztean, eta Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek egindako txostenari heldu diote; izan ere, legelari nagusiak ebatzi du foru-lege proposamenak “nolabaiteko zehaztugabetasuna dutela”, eta, hori dela eta, “litekeena dela Konstituzioaren 9.3. artikuluan bermatutako segurtasun juridikoaren eta legezkotasun printzipioekin bateraezinak izatea”.
Zehazki, txostenak ohartarazten du UPNren ekimenaren bidez ez dela lortzen “hezkuntza arloan dirulaguntzak mugatzeko” helburua; izan ere, “ikastetxeei, beren izaera bereziagatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin homologagarria ez den araudia dagokie (hezkuntza itunak).
Foru Gobernuari babes parlamentarioa ematen dioten taldeek ohartarazi dute lortu nahi den xedea eta foru-lege proposamenean jasotakoa ez datozela bat; izan ere, foru-eskumenak Estatuko arau-esparruak baldintzaturik daude, eta zehazki, alor honetan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aipatu dira, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legeaz eta Hezkuntza itunei buruzko arauen erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaz gain.
Bestalde, Parlamentuaren gehiengoak uste du pertsonen eskubideak mugatzen dituzten neurriak “ondo oinarrituta justifikatu behar direla zehapen-neurritzat har daitezen ekiditeko”, are gehiago kontuan hartzen bada “dirulaguntza-jarduera Konstituzioan jasotako eskubide, balio eta printzipioen sustapenaren zerbitzura dagoela”.
Foru-lege proposamenaren artikulu bakarrak bi apartatu (3 bis eta 6 bis) gehitzen zizkion 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari, dirulaguntzen onuradun izaera lortzeko betekizunak gogortzeko xedez. Hona hemen testua:
“3. bis. Ezein kasutan ez dute foru lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izaerarik eskuratzerik izanen pertsona fisiko haiek zeinak Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren II. Liburuaren XXII. Tituluaren VII. Kapituluan tipifikaturiko edozein deliturengatik epai irmoz zigortuak izan baitira, edo pertsona juridiko haiek zeinek egoera horretan dauden beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk enplegatu gisa baitituzte nahiz haiekin jarduera azpikontratatzen baitute, baldin dirulaguntzak bideratuak badira pertsona adingabeentzako proiektu edo jarduerak egitera, barne hartzen dutenak haur edo nerabeekiko harreman errepikatu, zuzeneko eta ohikoa, ezen ez noizbehinkako hutsa, bai eta, beti, xede nagusitzat pertsona adingabeak dauzkaten guztiak ere.
Ondorio horretarako, berdin iritziko zaie Europar Batasuneko kide diren Estatuetako zigor-zuzenbideko ebazpen judizialei, eratorriak direnean terrorismo-delituetatik edo erakunde nahiz talde terrorista baten sustatze, eratze, antolatze edo zuzendaritzan aritzearen edo horrelako baten kide izatearen delituetatik.
Zertzelada hori aintzat hartzeko, beharrezkoa izanen da delitu horietakoren batengatik zigortuak izan diren pertsonak proiektu edo jarduera horien gauzatzea zuzenean egitekoak izan daitezela, edo gauzatze horretan parte hartzekoak.
Horretarako dirulaguntzen deialdietako oinarri arautzaileek berariaz adieraziko dute onuradun edo entitate laguntzaile izatearen debeku hori".
“6. bis. Goragoko 3. bis apartatuan adierazitako debekuari buruzko deliberoa automatikoa izanen da. Pertsonek nahiz entitateek halako debekurik ez daukatela justifikatu beharko dute Zigortuen Erregistro Zentralak jaulkitakoa den zigor-aurrekariei buruzko ziurtagiri bat aurkeztuz, diruz lagunduak izatekoak diren proiektu eta jarduerak zuzenean egitera edo haietan parte hartzera doazen pertsona guztiei buruzkoa".
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea.
Indarrik gabe geratzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
- https://parlamentodenavarra.eus
- Foru-lege proposamenaren argitalpena (29. NPAO, 2025-03-11koa)
- Mediatekako irudietarako esteka