Bizikidetzarako eta Nazioarteko Elkartasunerako Batzordeak harrera egin dio Lourdes Huanca lider aimarari
Peruko Emakume Nekazari, Artisau, Indigena, Natibo eta Langileen Federazioko lehendakariak salatu du giza eskubideak urratzen ari direla Peruko egungo Gobernuaren aurkako mobilizazioetan
Bizikidetzarako eta Nazioarteko Elkartasunerako Batzordeko parlamentariek harrera egin diote gaur Lourdes Huanca lider aimarari. Peruko Emakume Nekazari, Artisau, Indigena, Natibo eta Langileen Federazioko (FENMUCARINAP) lehendakaria da, eta harekin batera Nafarroako perutar kolektiboko zenbait pertsona egon dira: Luis Martín Junco, Mabel Medina, Segundo Leonidas Noriega, Geraldine Príncipe, Cecilia Themme eta Julián Torres.
Bileran, Lourdes Huancak batzordeko parlamentariei jakinarazi die Peruko egungo Gobernuak “larriki” urratzen dituela manifestazioetan haren aurka jotzen dutenen giza eskubideak.
FENMUCARINAPek 2006an sortu zenetik egiten duen lanaren berri eman du Huancak. “Laguntza kolektiborako gune bihurtu da emakumeen eskariak jasotzeko”, eta gaur egun 126.000 baino gehiago dira kideak. Gizarte erakunde horren borrokarako ardatz nagusia emakumeen ahalduntzea da. Gainera, elikadura-burujabetzaren defentsa sustatzen du eta La Via Campesina ekimenaren parte da, hau da, mundu osoko milioika ekoizle txiki biltzen dituen nekazarien mugimendua.
Huancak gaineratu du emakumeen eskubideen defentsa “ez dagoela difamazioetatik eta erasoetatik salbuetsita”, eta salatu du hilabeteak daramatzala “jazarpena jasaten ahotsa altxatzeagatik, osotasun fisiko eta morala arriskuan jartzen duen jazarpen polizial baten biktima izanik”. Horregatik, Europan zehar bidaiatzen ari da, hainbat lurraldetako perutar komunitateekin elkartasun sareak ehuntzeko.
Nafarroako perutar kolektiboak laguntza eskatu dio Nafarroako Parlamentuari, Lourdes Huancaren antzera giza eskubideak defendatzen dituztenei babesa eman diezaien, izan ere, pertsona horiei “oinarrizko eskubideak murrizten baitizkiete beren herrialdean gertatzen dena salatzeagatik”, eta Peruko biktimei eta senideei laguntzeaz arduratu dadin “garapenerako laguntza proiektuen eta nazioarteko lankidetzaren bidez”.
Parlamentariek, bestalde, eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute egokitzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko.
Batzordekide hauek izan dira bileran: Arantza Biurrun (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Patricia Perales (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).