Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aldatzeko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2022ko irailaren 22an
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak abstentzioa (I-Ek ez du osoko bilkuran parte hartu).
Artikulu bakarrean jaso dira 11/2005 Foru Legearen aldaketak. Foru legearen 33. artikuluan dirulaguntzen ordainketa aurreratuaren aukera ezartzen da norgehiagokako prozedura arruntetarako, eta aldaketaren helburua da aukera hori hedatzea ekitaldi bakoitzeko Aurrekontuei buruzko Foru Legean aurreikusten diren dirulaguntza izendunetara. Parlamentuak zuzenean ematen ditu dirulaguntza horiek 17.2.a) artikuluaren babesean.
Horretarako, kontuan hartuta litekeena dela dirulaguntza izenduna jasotzen duen proiektuak edo jarduerak “gauzatzeko denbora luzeagoa behar izatea ekitaldiaren amaieran obligazioa aitortu beharrak dakarrena baino”, egokitzat jotzen da ordainketa aurreratua egiteko aukera, “lortu nahi den helburuan eragin negatiborik izan ez dadin”.
Horiek horrela, obligazioak “ekitaldi berean aitortu beharko dira”, eta dirulaguntza ematen duten organoek dirulaguntza horien “jarraipena eta egiaztapenak” egin beharko dituzte 11/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azken batean, “ziurtatu behar da diruz lagundutako jarduketak berehala hasiko direla gauzatzen, eta gauzatuko direla arrazoizko epeetan, jarduera horien izaerarekin bat datozenetan”. Horregatik, beste paragrafo bat gehitzen zaio 33.5 artikuluari, dirulaguntzaren guztizko aurrerakina Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legean urte anitzeko gastu-konpromisoetarako ezarritako gauzatze-epeei lotzeko.
Foru legea irakurraldi bakarrean izapidetu da. Haren edukiak indarra izanen du NAOn argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta “jada emandako dirulaguntza izendunei ere aplikatuko zaie”.
Horrenbestez, honako hau dio artikulu bakarrak, 11/2005 Foru Legean egindako aldaketak jasotzen dituenak:
33. artikulua. Diru-laguntzen aurrerapena:
“33.2. Gainerako onuradunen kasuan, emandako dirulaguntzaren ordainketak aurreratzen ahalko dira dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan hori berariaz aurreikusten denean soilik, oinarriok ezarritako muga, baldintza eta, hala egokituz gero, bermeekin, eta, betiere, dirulaguntzaren xedeak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzen baldin bada, edo foru lege honen 17. artikuluko 2.a) apartatuan adierazitakoaren babesean emandako dirulaguntzak direnean”.
“33.5. Oinarri arautzaileek dirulaguntzaren guztizko aurrerakina emateko aukera ezartzen duten kasuetan, diruz lagundutako jarduera dirulaguntza ematen den ekitaldian hasi beharko da, eta gauzatzeko epea izanen da dirulaguntzaren izaerari dagokiona, baina gainditu gabe Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean urte anitzeko gastu-konpromisoetarako oro har jasotakoa”.
Xedapen iragankorra. Emanik dauden dirulaguntzak.
“Foru lege honen edukia aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2 a) artikuluan xedatutakoaren babesean emanik dauden dirulaguntzei”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (95. NPAO, 2022-09-06koa)