Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Abenduak 18

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du

20 zuzenketa sartu dira, gehienak PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk batera aurkeztuak

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Ondoren osoko bilkurara eramanen da 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren irizpenarekin batera, abenduaren 23ko saioan behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak 20 zuzenketa onetsi ditu (horietatik 4 in voce zuzenketak izan dira), guztiak ere PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren ekimenez, konbinazio desberdinetan. Gainerako zuzenketak (Navarra Sumaren 48 eta Izquierda-Ezkerraren 12) atzera bota dira.

 

Hona hemen zerga- eta tributu-neurriei buruzko lege proiektuan jaso diren neurri nagusiak:

 

PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

 

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, kooperatibetako bazkide langileek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateetatik jasotzen dituzten prestazioen salbuespena deklaratzen da (prestazio horien zerga-tratamendua ezintasun iraunkor absolutuagatiko edo baliaezintasun handiagatiko Gizarte Segurantzaren edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen prestazioen tratamenduarekin parekatzen da).

 

Bizitzeko gutxieneko errenta ere salbuetsi egiten da, errenta bermatuak bezalako tratamendua izan dezan; baita bekak, garraiorako, mantenurako eta alojamendurako laguntzak eta familia eta lana bateratzeko laguntzak ere.

 

Lan etekinen alorrean, gauzazko zenbait ordainsari halakotzat hartu behar direla zehazten da, baina salbuetsita daudela deklaratzen da. Horrek ez dakar tributazioaren aldaketarik, kalifikazioa bakarrik aldatzen baita.

 

Jarduera ekonomikoen etekinei dagokienez, zenbatespen objektiboaren araubidearen ordez, datorren urtarrilaren 1etik aurrera zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidea jarriko da enpresa- eta lanbide-jardueren etekinak zehazteko.

 

Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako jardueretan, zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidea aplikatuko da baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia ez bada 300.000 euro baino handiagoa izan. Eta baliokidetasun-errekargua edo BEZaren araubide erraztua aplikatzen duten gainerako jardueretan, gehieneko zenbateko hori 150.000 euro izanen da.

 

Diru-sarreretatik gastuak kenduko dira, baina ez dira kengarriak izanen hornidurak, amortizazioak eta garraioko elementuen edo nekazaritzako makineriaren errentamendu- edo lagapen-gastuak.

 

Etekin garbitik haren % 10 kendu ahalko da arau orokor gisa, % 35 nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantzako jardueretan, eta % 45 salgaiak errepidez garraiatzeko jardueretan. Gainera, salmenta eta diru-sarreren eta erosketa eta gastuen erregistro-liburua eraman beharko da.

 

Uko egiteko eta errebokatzeko araubidea zuzeneko zenbatespen erraztuan bezala izanen da.

 

Familia-enpresa eskualdatzeari dagokionez, 2020-01-01etik aurrerako ondorioekin, eskuratzaileak enpresa 5 urtez mantentzearen baldintza ez da urratutzat joko eskuratzailea hiltzen bada (orain arte bezala) eta beste kasu honetan ere: baliaezintasun erabatekoa edo handia onartzen zaionean.

 

Nazioarteko zerga gardentasunaren alorrean, ezartzen da bazkideari egotziko zaizkiola atzerriko filial kontrolatuak lortutako eta banatu gabeko errenta mota batzuk: atzerriko establezimendu iraunkorrek lortutako errentak, finantza-errentamenduko eragiketetatik ateratako errentak edo aseguru-jarduera, banka-jarduera eta bestelako finantza-jardueretatik ateratakoak.

 

Gizarte-aurreikuspeneko planetarako enpresa ekarpen eta kontribuzioengatiko zerga-oinarriaren murrizketarako gehieneko mugei dagokienez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera 2.000 eurora jaitsiko da muga orokorra, eta 5.000 eurora 50 urte baino gehiago dutenentzako muga. Eta 5.000 eurora igoko da partaideei egotzitako enpresa-kontribuzioetarako ezarritako muga bereki eta independentea.

 

Kooperatibei dagokienez, betebehar hau ezartzen da: kooperatibek ekarpen sozialak eskualdatzearen edo itzultzearen ondoriozko errentei buruzko informazioa eman behar dute.

 

Informazio-betebehar berriak, diru birtualak edukitzeari eta haiekin egindako eragiketei buruzkoak:

 

-Diru birtualen titularrek daukaten saldoari buruzko informazioa eman beharra: diru birtualen jabeei horrelako dirua gordetzeko zerbitzua ematen dieten entitateen aitorpena:

 

Behartuta egonen dira Espainian egoitza duten pertsonak eta entitateak eta atzerrian egoitza duten pertsonek edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrak, hirugarrenen izenean zerbitzuak ematen badituzte pasahitz kriptografiko pribatuak gordetzeko, eta diru birtualak edukitzeko, biltegiratzeko eta eskualdatzeko.

 

Eman beharreko informazio hori diru birtual guztiei dagokie, eta barnean biltzen ditu diru birtual bakoitzean eta, kasua bada, legezko dirutan dauden saldoak, bai eta saldo horien titularren, baimendunen edo onuradunen identifikazio-datuak ere.

 

-Diru birtualekin egindako eragiketei buruzko informazioa eman beharra: eskuratzea, eskualdatzea, trukatzea, transferitzea, kobrantzak eta ordainketak egitea.

 

Aurreko betebeharra duten subjektuei dagokie, eta honako hauei ere bai: diru birtualen eta legezko diruaren arteko truke-zerbitzuak edo zenbait diru birtualen artekoak ematen dituztenei eta horrelako eragiketetan, edozein modutan, artekari aritzen direnei.

 

Betebehar bera dute diru birtual berrien hasierako eskaintzak (ICO) egiten dituztenek, beste diru birtual batzuen edo legezko diruaren truke entregatutakoei dagokienez.

 

2021erako, zuzeneko zenbatespen berezian aplikatu beharreko etekin garbiaren murrizketaren ehunekoa % 50 izanen da (% 45aren ordez) salgaien errepide-garraioaren jardueretan, eta % 20 (% 10aren ordez) ostalaritza eta jatetxe jardueretan.

 

Zuzeneko zenbatespen bereziaren araubideari uko egiteko epe berezia 2021eko martxoaren 31ra artekoa izanen da.

 

SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

 

Zehazten denez, egoitza Espainiako lurraldean duen entitate batek egoitza aldatzen duenean, titular gisa dituen elementuei erantsitako gainbalioei lotutako errenta integratu beharko du, gainbalio hori gauzatu ez bada ere, Espainiako lurraldean zergapetu daitezen. Orain arte, egoitza Europar Batasuneko beste estatu batera edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari atxikitako beste herrialde batera aldatzen bazen, zergadunak eska zezakeen irteerako zergaren ordainketa geroratzeko, onartutako ondare-elementuak hirugarrenei eskualdatzen zitzaizkien egunera arte.

 

Tratamendua Europar Batasunaren araudian ezarritakoari egokitzeko, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ordainketa geroratu ordez zerga bost urtetan zatikatuko da.

 

Aurreikusten da, gainera, aktiboen lekualdaketak irteerako zergapetzea izan badu Europar Batasuneko estatu kide batean, Espainian balio fiskaltzat onartuko dela estatu horrek zehaztutako balioa, salbu eta merkatuko balioa islatzen ez duenean.

 

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zinema ekoizpenei eta ikus-entzunezko serieei dagokienez, aldatu egiten da kenkariaren oinarria: ikus-entzunezko obraren kostua izanen da oinarria, Film baten kostuaren eta ekoizlearen inbertsioaren aitorpena arautzen duen abenduaren 18ko ECD/2784/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera zehaztuta.

 

Kenkariaren oinarrian sartuko dira, besteak beste, ekoizleak kopia estandarra edo master digitala lortu arte egindako gastuak, finantza gastu jakin batzuk eta publizitate eta sustapen gastuak, filma egitearen kostuaren % 40ko mugarekin.

 

Gainera, kenkariaren muga 5 milioi eurora igotzen da. Eta bi prozedura ezartzen dira, zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularrak garatuko dituenak: bata, kenkaria aplikatu ahal izateko baliozkotze prozedura, eta bestea, eragindako kostuak ondoren justifikatzekoa, kenkariaren oinarria zehazteko.

 

Filma amaitu eta gero, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ZIAI-ICAA) emandako kostuaren aintzatespenaren ebazpenean oinarritua, eta Nafarroan egin diren gastuetan oinarritua, Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du, zeinean zehaztuko baita kenkariaren oinarriaren zenbatekoa.

 

Aplikatutako kenkaria handiagoa bada ebazpenean ezartzen den kenkariaren oinarriaren arabera zegokiokeena baino, zergadunak kenkaria erregularizatu beharko du Kulturaren ebazpena jakinarazi zaion zergaldiari dagokion autolikidazioan.

 

Enplegua sortzeagatiko kenkariari dagokionez, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, kenkaria finkatzeko baldintzetako bat kentzen da, zehazki plantillei eusteko betebeharra, kenkaria errazteko asmoz.

 

Baldintza hori 2021eko hamabi hilabeteetarako ere kentzen da 2019an sortutako kenkarietarako.

 

EJZko kuotetako kenkariari dagokionez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ez dira konturako ordainketatzat hartuko 1.000.000 eurotik beherako negozio-zifraren zenbateko garbia duten zergadunek ekonomia jardueren gaineko zerga dela eta ordaindutako kuotak, zergadun horiek salbuetsita daudela deklaratu baita.

 

Nazioarteko zerga gardentasunaren alorrean, araubidea aldatu egiten da 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako; hala, nazioarteko zerga gardentasunaren eremuan sartzen dira atzerriko establezimendu iraunkorrek lortutako errentak eta finantza-errentamenduko eragiketetatik edo aseguru-jarduera, banka-jarduera nahiz beste finantza-jarduera batzuetatik ateratako errentak. Horrela Nafarroako foru araudi espezifikoa erabat egokitu ahal izanen zaio 2016/1164 (EB) Zuzentarauari, zenbait errenta egozteko metodoari dagokionez.

 

Argitzen da ezen partzialki salbuetsita dauden entitateek egiten dituzten inbertsioek kuotaren kenkaria izateko eskubidea emanen dutela bakarrik zergapeko eta salbuetsi gabeko jarduerekin lotuta badaude.

 

Automobilgintzako ekoizpen prozesuetan berrikuntzarako pizgarriak ematea helburu, 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan berrikuntza teknologikoagatiko kenkariaren ehunekoa % 25 izanen da, % 15 izan ordez.

 

TRIBUTUEI BURUZKO LEGE OROKORRA

 

2021era arte luzatzen dira zerga-zorra geroratzeko edo zatikatzeko egindako eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak, 2017tik 2020ra arte indarrean egon direnak.

 

Halaber, atzerrian kokatutako diru birtualei buruz 720 ereduan informazioa eman beharra ezartzen da, baita betebehar hori ez betetzeagatiko isuna ere: 5.000 euro diru birtual bakoitzari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko; gutxienez, 10.000 euroko isuna izanen da.

 

Subjektu arau-hausle gisa sartzen da balio erantsiaren gaineko zergaren entitate-taldearen araubide bereziko entitate nagusia.

 

Zerga-kontrolerako neurri gisa, ezartzen da kontabilitateko edo enpresa kudeaketako prozesuen euskarri diren sistema informatikoak edo elektronikoak egokitu behar direla erregistroen osotasuna, kontserbazioa, irisgarritasuna, irakurgarritasuna, trazabilitatea eta aldaezintasuna bermatzen dituzten baldintza jakin batzuetara, eta zehapen araubide espezifiko bat ezartzen da, sistema edo programa horiek ziurtapen egokirik izan gabe ekoizte hutsaren edo edukitzearen ondorioz.

 

BESTE TRIBUTU-ALDAKETA BATZUK

 

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzea ere aurreikusten da, bertan jasotzeko, beste neurri batzuen artean, milioi bat eurotik beherako negozio-zifra dutenak salbuetsita daudela ekonomia jardueren gaineko zerga (EJZ) ordaintzetik. Neurri horrek 31.000 langile autonomo eta 7.000 ETEri baino gehiagori eraginen liekeela kalkulatu da.

 

Onetsitako 20 zuzenketen zerrenda

 

  • In voce zuzenketa, foru lege proiektuaren lehen artikuluaren (PFEZari buruzko Foru Legea) Zortzi apartatua aldatzekoa; apartatu horrek 36. artikulua aldatzen du. Artikulu horren B) letra aldatzen da, 1. apartatuari c) letra gehituz. Honela dio: “c) Ezin izanen dute modalitate hau aplikatu balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezitik edo araubide erraztutik kanpo geratzen diren edo uko egiten dioten subjektu pasiboek”. Gainera, 7. apartatua gehitzen da. Hona hemen: "7. Errenta egozpeneko araubideko entitateak. a) Zenbatespen zuzeneko araubideko modalitate berezia aplikatzekoa izanen da 11. artikuluak aipaturiko entitateek eginiko enpresa-jardueren etekin garbia zehazteko, baldin eta B) letra honetan ezarritako betekizunak betetzen badira eta haien bazkide, oinordeko, erkide edo partaide guztiak zerga honen subjektu pasibo diren pertsona fisikoak badira. b) Modalitate honi uko egiteko, B) letra honetako 5. apartatuak ezarritakoari jarraitu beharko zaio, eta bazkide, oinordeko, erkide edo partaide guztiek eginen dute. c) Modalitate hau aplikatuko da zein ere diren bazkide, oinordeko, erkide edo partaideengan biltzen diren inguruabarrak. Hala ere, diru-sarreren bolumena konputatzeko, kontuan hartu beharko dira, entitateak berak egozpen-araubidean eginiko enpresa jarduerei dagozkien eragiketez gain, baita haren bazkideek, oinordekoek, erkideek edo partaideek egindakoei dagozkienak; ezkontideak, ondorengo ahaideek eta aurreko ahaideek egindakoei dagozkienak; aipatu pertsona horietako edozeinek parte hartzen duen errenta-egozpeneko araubideko entitateek egindakoei dagozkienak; edo pertsona horiekin Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazitako moduan lotutako entitateek egindakoei dagozkienak. Betiere, haietan inguruabar hauek biltzen badira: 1. Gauzatzen diren enpresa-jarduerak berdinak edo berdintsuak izatea. Ondorio horretarako, berdintzat edo berdintsutzat joko dira ekonomia jardueren gaineko zergari begira talde berean sailkaturikoak. 2. Jarduera horien zuzendaritza bateratua izatea, giza edo gauza baliabideak partekatuz”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren lehen artikuluaren (PFEZari buruzko Foru Legea) Bederatzi apartatua aldatzeko zuzenketa; apartatu horrek 39.4 artikulua aldatzen du. Zuzenketak barne hartzen du artikulu horretako e) letrako lehen paragrafoaren aldaketa, bai eta bederatzigarren apartatuaren goiburuarena ere. Honako hau dio: “e) Enpresa bat edo Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 5.8 Bi artikuluan arauturiko salbuespena aplikatzekoa zaien entitateetako partaidetza guztiak edo partaidetza batzuk eskualdatzen zaizkienean enpresako langileei, honako betekizunak biltzen direnean:”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren lehen artikuluari (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina) Hogeita lau ter apartatua gehitzeko zuzenketa. Hirurogeita hirugarren xedapen gehigarria gehitzea. Hona hemen: “Ondorengoak, aurrekoak, beste ahaide batzuk eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzeagatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kuoten kenkaria 2021ean. Familiaren etxean 62.9.c) artikuluan aipatzen diren pertsonak zaintzen lan egiten dutenekin formalizatutako kontratuen ondorioz Gizarte Segurantzari egiten zaizkion kotizazioengatik subjektu pasiboak 2021ean ordaindutako kopuruen ehuneko 100eko kenkaria aplikatu ahalko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osoan. 2021eko ekitaldian ez da aplikatuko 62.9.c) artikuluan aurreikusitako kenkaria".

     

    PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren lehen artikuluari (PFEZari buruzko Foru Legea) Hogeita lau bis apartatua gehitzeko zuzenketa. Honako hau dio: “Hogeita lau bis. Hirurogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzea, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin”. “Hirurogeita bigarren xedapen gehigarria. Zuzeneko zenbatespen bereziko atxikipenak eta ordainketa zatikatuak. 1. Etekin garbia zuzeneko zenbatespen bereziko araubideari jarraikiz zehazten denean, honako jarduera hauen kontraprestazio gisa ordainduriko guztizko diru-sarreren gaineko ehuneko 1eko atxikipen-tasa aplikatuko da: EJZ EKONOMIA JARDUERA, Salgaiak errepidez garraiatzea, Aldaira-zerbitzua. 2. Subjektu pasiboak ez dira behartuta egonen 1. apartatuak aipatzen dituen jarduerengatiko konturako ordainketak egitera, apartatu horren aplikazioaren ondorioz haien diru-sarrerak atxikipenpean daudenean. 3. Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa erregelamendu bidez aldatu ahalko da”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Bat apartatua gehitzeko zuzenketa. Orain arte Bat apartatua izandakoa Bat bis apartatua izanen da. Honako hau dio: “Mozkin operatiboa zehaztuko da abiapuntutzat harturik ekitaldiko galera-irabazien kontuko ustiapen-emaitza, Merkataritza Kodeari eta garapena egiteko gainerako kontabilitate-araudiari jarraikiz zehaztua, eliminatuz ibilgetuaren amortizazioa, ibilgetu ez-finantzarioaren dirulaguntzen eta besteren egozpena eta ibilgetuaren narriadura eta besterentzeengatiko emaitza, eta gehituz ondare-tresnetako partaidetzetatiko diru-sarrera finantzarioak, baldin eta badagozkie dibidenduei edo halako entitateetako portzentajeei non partaidetza-portzentajea, zuzenekoa edo zeharkakoa, gutxienez ehuneko 5ekoa baita, salbu eta partaidetza horiek eskuratu direnean halako zorrekin zeinen gastu finantzarioak ez baitira kengarri 23.1.g) artikuluaren aplikazioa tarteko”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Bi bis apartatua gehitzeko zuzenketa. Aldatu egiten da 1.a) apartatuko lehen paragrafoa. Hona hemen: “Entitatearen kapitaleko edo funts berekietako partaidetza, zuzenekoa edo zeharkakoa, ehuneko 5ekoa izatea, gutxienez”. Aldatu egiten da, gainera, 6.a) apartatuko lehen paragrafoa. Hona hemen: “a) 4. apartatuan ezarritako baldintzak betetzea. Dena den, partaidetza-ehunekoari buruzko baldintza bete dela ulertuko da ehuneko hori iritsi baldin bada eskualdaketa gertatzen den egunaren aurreko urteko uneren batean”. Azkenik, 11. eta 12. apartatuak gehitzen dira: “11. Artikulu honetan jasotako salbuespena aplikatzekoa zaien dibidenduen edo entitateen mozkinetako partaidetzen zenbatekoa, bai eta entitate bateko partaidetzaren eskualdaketan eta 4. apartatuak aipaturiko gainerako kasuetan lorturiko errenta positiboaren zenbatekoa ere, ehuneko 5 murriztuko da salbuespen hori aplikatzearen ondorioetarako, partaidetza horiekin loturiko kudeaketa-gastu kontzeptuan. 12. Aurreko apartatuak aipaturiko entitateen dibidenduei edo mozkinetako partaidetzei aplikatzekoa den murrizketa ez da aplikatuko honako inguruabar hauek biltzen direnean: a) Entitate dibidendu-hartzailea: 1. aurre-aurreko zergaldian izan duen negozio zifraren zenbateko garbia 40 milioi euro baino gutxiagokoa izatea. Negozio zifraren zenbateko garbia zehazte aldera, aplikatzekoa izanen da 12.1.a) artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoek xedaturikoa. 2. ez da ondare-entitatetzat hartua izan behar, 8.2 artikuluak ezarritako moduan. 3. ez du partaide izan behar, b) letrak aipaturiko entitatea eratu aurretik, Merkataritza Kodeko 42. artikuluaren araberako sozietate talde batean, zein ere diren egoitza eta urteko kontu bateginak aurkezteko betebeharra. 3. ez du zuzeneko edo zeharkako partaidetzaren portzentajerik izan behar, b) letrak aipaturiko entitatea eratu aurretik, beste entitate baten kapitalean edo funts berekietan, ehuneko 5ekoa edo handiagoa denik. b) dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak etortzea 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren eraturiko entitate batetik, zeinean, zuzenean eta eratu zenetik, kapitalaren edo funts berekien osotasuna edukitzen baita. c) dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak jasotzea horiek banatzen dituen entitatea eratu zen urtearen aurre-aurreko eta ondo-ondorengo hiru urteetan amaitzen diren zergaldietan”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Lau bis apartatua gehitzeko zuzenketa. 51. artikuluan, 1.a) apartatuak hau dio: “Egoiliar ez den entitatearen kapitaleko zuzeneko edo zeharkako partaidetza gutxienez ehuneko 5ekoa izatea”. Gainera, 4. apartatuko lehen paragrafoak hau dio: “4. Kenkari honek, dibidenduei edo mozkinetako partaidetzei dagokienez 56. artikuluan ezarritakoarekin batera, ezin izanen du gainditu Espainian errenta horiengatik ordaindu beharko litzatekeen kuota osoa, errenta horiek Espainiako lurraldean lortu izanez gero. Kuota oso hori kalkulatzeko, dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak ehuneko 5 murriztuko dira, partaidetza horiek loturiko kudeaketa-gastu kontzeptuan. Murrizketa hori ez da eginen 35.12 artikuluan ezarritako inguruabarrak dituzten dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen kasuan”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluaren (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Bost apartatua aldatzeko zuzenketa (Bost apartatuak aldatu egiten ditu 65. artikuluko 1. apartatua, 2. apartatuko seigarren paragrafoa eta 6. apartatuko c) letra). Aldatu egiten da 65.1 artikulua. Hona hemen: “1.a) Espainiako film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) ekoizpenetan egindako inbertsioek, seriean egiteko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen dutenek, kuota likidoan ehuneko 35eko kenkaria egiteko eskubidea emanen diote ekoizleari. Kenkariaren oinarria, zeina kultura alorrean eskudun den Nafarroako Gobernuaren organoaren ebazpen bidez zehaztuko baita, ekoizlearen inbertsioak osatuko du, baldin eta nafar lurraldean eginiko gastuak inbertsioaren ehuneko 40ra iristen badira. Bestelakoan, kenkari-oinarria izanen da nafar lurraldean eginiko gastuak 0,4rekin zatitzearen emaitza. Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez zehaztuko dira kenkariaren oinarriaren parte izan daitezkeen gastuak, bai eta gastuak nafar lurraldean egintzat hartzeko irizpideak ere. a) letra honen lehen paragrafoan ezarritako kenkari-portzentajea ehuneko 40koa izanen da kenkari-oinarriko lehen milioiarentzat, honako hauen kasuan: 1. Jatorrizko bertsio bakarra euskarazkoa duten ekoizpenak 2. Emakumezko zuzendariek baizik eginak ez diren ekoizpenak 3. Ekoizpen dokumentalak 4. Animazio-ekoizpenak 5. Inolako film luze zinematografikorik edo fikzio-, animazio- edo dokumental-alorrekoa den ikus-entzunezko serierik zuzendu edo kozuzendu ez duen pertsona baten zuzendaritzapeko ekoizpenak. Apartatu honetan araututako kenkariaren zenbatekoa ez da 5 milioi euro baino gehiagokoa izanen. Koprodukzio baten kasuan, apartatu honek adierazitako zenbatekoak koekoizle bakoitzarentzat zehaztuko dira koprodukzioan duen partaidetza-portzentajearen arabera. b) Kenkaria obraren ekoizpena bukatzen den zergaldian sortu dela ulertuko da. Hala eta guztiz ere, ekoizpenak hamabi hilabete baino gehiagoko epea duenean edo entitatearen zergaldi batean baino gehiagotan eragiten duenean, entitateak zilegi izanen du kenkaria aplikatzea ordainketak egiten diren neurrian eta ordainketa horien zenbatekoan, kenkaria hasteko datan kenkarietarako indarrean dagoen araudia aplikatuz. Kasu horretan, kenkaria ordainketak egiten diren aldietan sortu dela ulertuko da. c) Kenkari horri heldu nahi dioten zergadunek proiektuaren azalpen-memoria bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuko kultura arloko zuzendaritza nagusi eskudunean, eta hark txosten bat emanen du proiektu horrek kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzen dituen argitzeko. Txosten hori eskatzeko edukia eta prozedura zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak zehaztuko ditu. Txostena eskatu ondoren, zergadunak sortutako kenkaria kontsignatzen ahalko du bere aitorpen-likidazioan. d) Kenkari hau aplikatzeko nahitaezkoa izanen da produkzioak dagokion naziotasun-ziurtagiria eskuratzea eta, halaber, edukiaren izaera kulturala dela, errealitate kulturalarekiko lotura duela edo Espainian aurkezten diren lan zinematografikoen aniztasun kulturalari egindako ekarpena dela egiaztatzen duen ziurtagiria, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak emana. e) Naziotasun-ziurtagiria eskatu eta sei hilabeteko epean, zergadunak ekoizlearen inbertsioaren justifikazioa aurkeztu beharko dio kulturaren arloko eskumena duen Nafarroako Gobernuaren zuzendaritza nagusiari, bai eta kenkaria egiaztatzeko ezarritako gainerako betekizunak betetzearen justifikazioa ere, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak zehazten dituen baldintzetan. Aurreko paragrafoan adierazitako epea betetzen ez bada, aplikatutako kenkaria galduko da, eta 76.3 artikuluan ezarritakoaren arabera erregularizatuko da. Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik 6 hilabeteko epean, ebazpena eman eta jakinaraziko du. Ebazpen horretan, kenkariaren oinarria zehaztuko du, kontuan hartuta ekoizlearen inbertsioa eta nafar lurraldean eginiko gastuak. Ebazpen horretan aitortutako kenkari-oinarria aitortutako kenkari-oinarria baino txikiagoa bada, zergadunak ordaindu beharko ditu, ebazpena jakinarazi den zergaldiko kuotarekin batera, bidegabeki aplikatutako kenkariari dagokion kuota osoa gehi berandutze-interesak”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluaren (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Bederatzi apartatua aldatzeko zuzenketa; Bederatzi apartatuak 83. artikulua aldatzen du. Zuzenketak artikulu horren 6. apartatuko lehen paragrafoa aldatzen du. Hona hemen: “6. Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak ez dira zerga-oinarrian sartuko, zerga-oinarrian sartua izan den errenta positiboari dagokion zatian. Horri dagokionez, dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoa ehuneko 5 murriztuko da, partaidetza horiei loturiko kudeaketa-gastuen kontzeptuan, salbu eta 35.12 artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean. Tratamendu bera aplikatuko zaie konturako dibidenduei”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Hamar bis apartatua gehitzeko zuzenketa. Honako hau dio: “Zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza eskualdatzetik datorren errenta kalkulatzeko, eskurapen-balioari egiazki banatu ez diren onura sozialen zenbatekoa gehituko zaio. Onura sozial horiek bazkideei haien akzioen edo partaidetzen errenta gisa, eskurapenetik eskualdaketara doan aldian, egotziko zizkioketen errentei dagozkie. Ildo horretan, paragrafo honek aipagai dituen onura sozialen zenbatekoa ehuneko 5 murriztuko da, partaidetza horiekin loturiko kudeaketa-gastu kontzeptuan”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Hamaika bis apartatua gehitzeko zuzenketa. Honako hau dio: “35.11 artikuluak ezarritakoa aplikatzeagatik banakako zerga-oinarrietan sartuak izan behar diren zenbatekoak ez dira eliminatuko”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluaren (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Hamabost apartatua aldatzeko zuzenketa. Hogeita batgarren xedapen gehigarria gehitzen da. Hona hemen: “Kenkaria, automobilgintzaren industriaren balio-kateko ekoizpen-prozesuen berrikuntza teknologikoko jarduerengatik. 1. 2020. eta 2021. urteetan hasten diren zergaldietarako efektuekin, 61.3 artikuluan aipatzen den kenkariaren ehunekoa 10 portzentaje-puntu gehituko da berrikuntza teknologikoko jardueretan egindako gastuetarako, baldin eta horien emaitza bada aurrerapen teknologikoa egitea automobilgintza-industriaren balio-kateko ekoizpen-prozesu berrien lorpenean, edo lehendik dauden prozesuetan funtsezko hobekuntzak egitea. 2. Zilegi izanen dute gehikuntza hori aplikatzea enpresa txiki eta ertaintzat hartuak diren zergadunek, xedapen honi heldurik: I. eranskina, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 zenbakiko Erregelamenduarena (EB), zeinaren bidez zenbait laguntza-mota barne-merkatuarekin bateragarritzat deklaratzen baitira, Tratatuko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. 3. Artikulu honetan aurreikusitako gehikuntzari dagokion kenkari-zenbatekoa ezin izanen da 7,5 milioi euro baino handiagoa izan zergadunak garatutako proiektu bakoitzarengatik. Horrez gain, aipatu kenkariaren zenbatekoak, zergadunak jasotako gainontzeko laguntzekin batera, ezin izanen du gainditu diruz lagundu den proiektuaren kostuaren ehuneko 50. 4. Artikulu honetan jasotako gehikuntza aplikatzeko, 61.6 artikuluari jarraikiz eskatutako txostenak zehaztu beharko du berrikuntza teknologikoko jarduerak emaitza gisa duela aurrerapen teknologikoa egitea automobilgintza-industriaren balio-kateko ekoizpen-prozesu berrien lorpenean, edo lehendik dauden prozesuetan funtsezko hobekuntzak egitea”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta EH Bildu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Hamabost bis apartatua gehitzeko zuzenketa. Hogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzen da. Hona hemen: “Enpresen eraldaketa digitalerako kenkaria. 1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, establezimendu iraunkorraren bidez jarduten badute eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera enpresa txikiak badira, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek, jarduera ekonomikoak egiten badituzte eta beren jardueraren etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren bidez zehazten badute, enpresen eraldaketa digitalerako kenkaria egin ahal izanen dute kuota osoan: 2020an eta 2021ean enpresaren eraldaketa digitalerako eta merkataritza elektronikoaren ezarpenerako egindako gastu eta inbertsioen ehuneko 30. 2. Gastu eta inbertsio hauengatik aplikatu ahal izanen da kenkaria: a) Salmenta, fakturazio edo kontabilitate prozesu administratiboak digitalizatzeko, hodeiko zerbitzuetarako sarbideak eskura ipintzeko edo web-orriak egiteko softwarea erosi, harpidetu, eguneratu edo berritzea, barnean harturik softwarea instalatzeko eta ezartzeko gastuak. b) Merkaturatze eta salmenta elektronikoa ahalbidetzen duen softwarea erosi, harpidetu, eguneratu edo berritzea, barnean harturik softwarea instalatzeko eta ezartzeko gastuak. 3. Kenkariaren oinarria egindako gastu eta inbertsioen zenbatekoa izanen da, 5.000 euro gainditu gabe; gehieneko zenbateko hori inbertsioak hartzen dituen zergaldien multzoari aplikatuko zaio, kasua bada. 4. Xedapen honetan ezarritako kenkaria sozietateen gaineko zergari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraituz aplikatuko da, eta ez zaio aplikatuko kuota likidoaren ehuneko 25eko muga, 67.4 artikuluan arautzen dena".

     

    PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) Hamasei apartatua gehitzeko zuzenketa, zeinaren bidez hogeita bederatzigarren xedapen iragankorra gehitzen baita. Honako hau dio: “20 milioi baino gehiagoko eskuratze-balioa duten partaidetzen zergapetze-araubidea. 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago hasitako zergaldietan eskuratutako partaidetzek, 20 milioi euro baino gehiagoko eskuratze-balioa baldin badute, baina 35.1.a) artikuluko lehen paragrafoan edo 57.1.a) artikuluan ezarritako portzentajera iritsi gabe, 35. edo 57. artikuluan ezarritako araubide fiskala aplikatuko dute, kasuaren arabera, baldin eta haietan aurreikusitako gainerako betekizunak betetzen badituzte 2021, 2022, 2023, 2024 eta 2025. urteen barrenean hasten diren zergaldietan zehar”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren hirugarren artikuluaren (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra) Hamar apartatua aldatzeko zuzenketa; apartatu horrek 116.4 artikulua aldatzen du. Azken paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da: “Konkurtso-deklarazioak ez du etenik eraginen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuz onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren arabera konkurtso-kalifikazioa duten zorrak ordaintzeko borondatezko epean, horrek ezertan galarazi gabe epe exekutiboko jarduketak testu bategin horretan xedatutakoari jarraitzea”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren bigarren artikuluari (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra) Hamar bis apartatua gehitzeko zuzenketa. Honako hau dio: “117.1 artikulua, hirugarren paragrafoa, eta 2., 3. eta 4. apartatuak, 2021eko martxoaren 1etik aurrera ordaintzen diren zorretarako efektuekin: “Errekargu horiek elkarrekin bateragarriak dira, eta borondatezko epean ordaindu ez den zorraren osotasunaren gainean kalkulatzen dira. 2. Errekargu exekutiboa 100eko 5ekoa izanen da, eta aplikatuko da borondatezko epean ordaindu gabeko zor guztia premiamendu-probidentzia jakinarazi aurretik ordaintzen denean. 3. Premiamendu-errekargu murriztua 100eko 10ekoa izanen da, eta aplikatuko da noiz eta borondatezko epean ordaindu gabeko zor guztia eta errekargua bera ordaintzen direnean premiamendu-prozedura abiarazi duten zorren ordainketari begira erregelamenduz ezarritako epea ordaindu aurretik. 4. Premiamendu-errekargu arrunta 100eko 20koa izanen da, eta aplikatuko da artikulu honetako 2. eta 3. apartatuetan adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direnean”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuaren hirugarren artikuluaren (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra) Hamasei apartatua aldatzeko zuzenketa; hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria gehitzen da: “Hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria. Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2021ean egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak. Tributu zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2021ean egiten diren eskaerei, baldin eta horren diru-bilketa kudeatzeko lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, honako xedapen berariazko hauek aplikatuko zaizkie: 1. Geroratzeetan ez da bermerik eskatuko baldin eta zorraren zenbatekoa, guztira, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 51.1.b) artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa bada, betiere zerga edo geroratu beharreko zorrari dagokion kontzeptua ez badago aipatutako erregelamenduaren 48.3 artikuluan adierazitako salbuespenen artean, maiztasuna hilerokoa bada, epea ez bada bi urte baino handiagoa, eta eskatzaileak geroratzea eskatutako zorraren 100eko 30 ordaintzen badu tramitatu aurretik: 2. Bai borondatezko epean bai ordainarazpen aldian egindako geroratze edo zatikatze eskaeretan, betiere geroratu edo zatikatu beharreko zenbatekoa 6.000 eurotik beherakoa bada, geroratze edo zatikatze epea hamabi hilekoa gehienez, eta maiztasuna hilerokoa, ez da bermerik eskatuko, ez eta ordainketa tramitazioaren aurretik egin beharra ere. 3. Premiamendu bidez geroratu edo zatikatu beharreko zorren artean baldin badaude bide horretan berean lehenago geroratu edo zatikatutako zorrak, kitatuta daudenak, zor horien saldoaren 100eko 30, arestian aipatutako lehen xedapenean aipatzen dena, ordaintzeko eskatuko da, bai eta bete gabeko geroratze edo zatikatzean kontuan hartu ziren zorrei dagozkien ordainarazpen aldiko errekarguak eta interesak ere, osorik, horiek ordaintzeko beharra atzeratu egin baitzen geroratzea onartu zenean, 117.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Zenbateko horiek exijituko dira, halaber, bermea eratzeko beharra dakarten geroratze edo zatikatzeetan, Diru-bilketaren Erregelamenduaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat. Geroratu edo zatikatzeko eskaeran sartutako gainerako zorretarako, baldin badago, aurreko lehen eta bigarren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. 4. Borondatezko epeko zorren kasuan, geroratze edo zatikatze eskaera automatikoki ezetsiko da baldin eta erabat kitatu gabe badaude lau tributu-zor edo gehiago edo Nafarroako Zerga Ogasun Publikoaren bestelako eskubide ekonomiko batzuen hiru sarrera edo gehiago, salbu eta geroratzeko eskatutako zergak bermatzen badira edo aurrekoak bermatuta badaude, soil-soilik aipatutako Diru-bilketa Erregelamenduaren 50.1 eta 50.2.a) artikuluetan adierazitako berme motekin bermatuta egon ere”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuari zazpigarren artikulua (Saltoki handien gaineko zerga) gehitzeko zuzenketa. Abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legearen hamaikagarren artikuluko Zazpi b) apartatuaren azken apartatuak honako testu hau izanen du: “Kontzeptu hori murriztuta kontatuko da, 2.000 metroko azaleraren eta produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren artean dagoen aldearen proportzioan. Azkenik, 0,9rekin biderkatuko da”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

     

  • Foru lege proiektuan beste xedapen gehigarri bat, bosgarrena, gehitzeko zuzenketa: “Covid-19aren ondorioz emandako aparteko laguntza batzuen salbuespena pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ordaindu beharretik salbuetsiko dira covid-19aren ondorioz emandako aparteko laguntza hauek: a) apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuak, koronabirusaren osasun krisiak (COVID-19a) eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituenak, lehen tituluan langile autonomoentzat arautzen dituen laguntzak. b) Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren ekainaren 2ko 6/2020 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz emandako laguntzak; agindu horrek 2020rako dirulaguntza-deialdi hau onesten du: Laguntzak emigrante nafarrei eta haien familiei, behin betiko itzul daitezen, itzuleraren arrazoia denean zailtasun ekonomikoak dituztela edo COVID-19ak eragin duen osasun krisiaren ondorioz lana galdu dutela. c) Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 625/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraituz emandako laguntzak; ebazpen horrek zezenketetarako aziendarendako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruaren baitan, eta 2020ko laguntzen deialdia onesten du. d) Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 22ko 358/2020 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz emandako laguntzak; agindu horrek dirulaguntzen deialdi bat onesten du aparteko laguntzak emateko COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei. e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 70/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraituz emandako laguntzak; ebazpen horren bidez turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdia onesten da, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko”.

     

    PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

     

  • Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk ezartzen dituen Foru Lege proiektuaren azken xedapenetako bigarrena aldatzeko zuzenketa; xedapen horren bidez aldatzen da uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. 239.1 artikulua aldatzea urriaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: “1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateek, erakunde publikoek, ente instrumentalek eta sozietate publikoek azalera-eskubidea eratzen ahal dute beren jabetzakoak diren lurretan edo lurzoruaren ondare publikoa osatzen dutenetan, babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak eraikitzeko edo gizarte intereseko beste erabilera batzuetarako. Eskubide hori azalera-hartzailearena izanen da”.

     

    PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.