Enpresa pribatuen eta administrazio publikoaren artean zerbitzuak eta lanak kanpoan nahiz barruan kontratatzeko prozesuak aztertzeko Ponentzia eratu da
Lege proposamen bati erantzuten dio, laukoak sinatu eta azkenik erretiratu duen bati, zeinak Foru Komunitateko Administrazio Publikoan subrogatutako langileen izaeraren eta araubide juridiko aplikagarriaren erregulazioari ekiten baitzion
Gaur eguerdian eratu da Enpresa pribatuen eta administrazio publikoaren artean zerbitzuak eta lanak kanpoan nahiz barruan kontratatzeko prozesuetan jarraitu beharreko zuzenbidezko prozedurak aztertzeko Ponentzia, ukitutako langileen eskubideak babeste aldera.
Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak proposatutako lantalde horrek lege proposamen bati erantzuten dio, laukoak sinatu eta azkenik erretiratu duen bati, zeinak Foru Komunitateko Administrazio Publikoan subrogatutako langileen izaeraren eta araubide juridiko aplikagarriaren erregulazioari ekiten baitzion.
Ildo horretan, lege proposamenak xedetzat zuen Administrazio Publikoaren zerbitzuko langilerian sartzea langile subrogatuak, barneratutako langile izendatuta, hartara, enplegatu publikoak izan gabe, zerbitzuan aritu ahal zitezen, zerbitzuren bat barneratu edo Administrazio Publikora itzultzen zen kasuetan.
Ponentziaren sorrera pasa den urtarrilaren 30ean onetsi zen UPNren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin. Geroa Bai eta EH Bildu hasiera batean ekimenaren sustatzaileak izan ziren arren desmarkatu egin dira, Geroa Baik adierazi du “ez dagoela denborarik” horrelako gai pisutsu bati aurre egiteko. EH Bilduk, bestalde, lege proposamenaren edukia aldeztu du, baina aitortu egin du desadostasunak sortu direla “ea zer egin behar den langile horiekin, batzuek, hala izateko arrazoirik gabe, kaleratzeko aukera gisa ulertu zuten egoera batera bideratuta baitaude. Inoiz ez dugu defendatuko Administraziora sartzeko ate bat irekitzea berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioen kontra dagoen barneratze baten bitartez. Testuak bazuen aski segurtasun juridiko”.
Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek “prozesuari segurtasun juridikoa emateko beharra” azpimarratu dute, “kaltetutako langileen eskubideen babesaren bermea barne”. UPNk, hasiera batean Ponentziaren aurka zegoen arren, ohartarazi du dena “praxi oker baten bitartez sortua dela: arazo bat planteatuz konponbiderik izan gabe”.
Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) buru duen Ponentzia osatzen dute Sergio Sayas (UPN), Patxi Leuza (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Inma Jurío (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta Marisa de Simónek (I-E).
Lantaldeak hainbat pertsona, aditu eta eragile sozialen ekarpenak jasoko ditu, eta eskatutako lana amaitu arte arituko da bere eginkizunetan. Gehienez ere apirilaren 1a baino lehen lana amaitu eta txostena egin beharko du. Momentuz, martxoaren 4rako lanerako plana aurkeztu beharko dute.