Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea onetsi da
Neurriak ezartzen dira beren xederako erabil daitezen sektore publikoaren dirulaguntzak, zeinak kasu honetan garapen ekonomiko eta sozialarekiko konpromisoaren mende baitaude
Parlamentuaren osoko bilkurak Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin.
EH Bilduk sustatu duen legeak honakoa du xedea: “deslokalizazio prozesuei aurre eginez, bermatu nahi da enpresek Nafarroako sektore publikotik jasotako dirulaguntzak Nafarroaren garapenari ekarpen ekonomiko eta soziala egiteko izan daitezela”.
Legea aplikatzekoa zaie Nafarroan lantokia duten enpresei eta Gobernuaren laguntzak ere jasorik enpresa esparruan jarduten duten fundazio eta elkarteei.
Hala ere, irizpide orokor gisa, lege horren eremutik kanpo utzi dira I+G+B jarduerak sustatzera bideratutako dirulaguntzak, jarduera horien helburua "lehiakortasuna edo ezagutzaren transferentzia hobetzea" bada. Nolanahi ere, deialdi bakoitza arautzeko oinarrietan departamentu eskudunak egokitzat jotzen dituen betebeharrak ezarri ahalko ditu, sustatu nahi den jarduketa zehatzaren arabera.
Foru lege honen ondorioetarako, enpresa bat deslokalizatu egin dela ulertuko da, bi baldintza hauek batera gertatuz gero: enpresak Nafarroan duen jarduera bertan behera uztea edo nabarmen murriztea eta aldi berean, edo hori gertatu aurreko nahiz ondorengo hiru urteetan, Nafarroan jarduera bertan behera utzi duen erakundeak berak jarduera hori Nafarroatik kanpoko beste leku batean garatzea, edo beste erakunde batek garatzea, baldin eta harekin Merkataritzaren Kodeko 42. artikuluan aipatzen diren harremanak baditu.
Enpresak Nafarroan egin izan duen jarduera lurralde horretatik kanpoko leku batean garatzen ari dela ulertuko da, bai kanpoko leku horretan jarduera abian jartzen bada eta baita kanpoko leku horretan lehendik zegoen enpresa-jarduera hazten bada ere, Nafarroan bertan behera utzi den edo murriztu den heinean.
Bestetik, bigarren jarduera bertan behera geratu dela ulertuko da, bai erakundea desegiten denean eta baita, desegin ez arren, Nafarroan dituen produkzio instalazio guztiak edo horietariko batzuk ixten dituenean ere.
Salbuespenez, behar bezala egiaztatutako kasuetan, enpresa-deslokalizaziorik ez dagoela ulertu ahal izango da, baldin eta baldintza horietan egokitzen den enpresak, zuzenean edo berarekin Merkataritzaren Kodeko 42. Artikuluan aipatutako harremanak dituen beste erakunde baten bitartez, Nafarroako lurralde eremuan enpresa-jarduera berriak abian jartzen baditu, eta batean galdu dituen adina lanpostu edo gehiago Nafarroako beste eremu batean sortzen baditu.
“Jarduera nabarmen murriztea” terminoak esan nahi du langileen kopurua “erdira baino gutxiagora jaistea eta horrek, betiere, gutxienez 25 langileri eragitea”. Kalkuluak egiteko kontuan hartuko da “aurreko bi urteetan izandako langileen batez besteko kopurua”.
Hori horrela, laguntzak eskuratzen dituzten enpresen betebeharrak eta mugak deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzearekin lotuta daude. Gobernuak baldintza hori ezarri beharko die dirulaguntzak emateko oinarri-arauetan, gutxieneko edukiaren barruan. Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa egitekotan, Gobernuaren erabaki bidez eginen da, garapen ekonomiko eta enpresarialaren arloan eskumena duen departamentuak proposatuta. Deslokalizazioa gertatu eta ondoko lau urteko epean abiarazi ahalko da deklarazioa.
Enpresa-deslokalizazioa deklaratuz gero, enpresak aurreko zortzi urteetan jasotako dirulaguntzak itzuli beharko ditu, % 20ko errekarguarekin eta diru kopuru bakoitza jaso zuenetik sortutako berandutze-interesarekin batera. Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko du ordaintzeko prozedura.
Legea erregelamendu bidez garatzeko sei hilabeteko epea ematen zaio Gobernuari. Legea atzeraeraginez aplikatuko zaie laguntza publikoei, baldin eta “deslokalizazioa arau hau indarrean jartzen denetik aurrera gertatzen bada eta ez badira zortzi urte igaro dirulaguntza eman zenetik”. Errekargua, aldiz, “legea indarrean jartzen denetik aurrera ematen diren dirulaguntzei soilik jasanarazi ahalko zaie”.
Osoko bilkuran egin den eztabaidan PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk sinatutako 6 in voce zuzenketa onetsi dira. Horien artean, Batzordean ezabatutako 4. artikulua berreskuratzen duena, zeinetan zehazten baitira deslokalizazio gisa definitzeko kontzeptu eta baldintzak.
Zioen azalpenean adierazten denez, ekonomiaren mundializazio eta globalizazio prozesuek enpresen deslokalizazioa eragiten dute. Izan ere, enpresa batzuek, mozkinak handitu nahian, ezaugarri hauek dituzten estatuak bilatu ohi dituzte: “eremu sozialean gutxi garatutako lan legeriak, soldata baxuagoak eta ingurumenaren kontserbazioari dagozkion lege arau malguak”.
Horren aurrean, “Gobernuak behar diren bitartekoak antolatu behar ditu egoera horrek dakartzan ondorioei aurre egiteko. Enplegu egonkorra eta lan-baldintza duinak sortu behar dira. Bide hori izanen da lehiakortasunera eramanen gaituena”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (66. NPAO, 2020-06-09koa)
- Zuzenketak (119. NPAO, 2020-11-04koa)
Archivos adjuntos