Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 9

Errealitate soziolinguistikoan eta borondatezkotasun-printzipioan oinarrituta euskara sustatzeko egiten duen lana justifikatu du Nafarroako Gobernuak

Administrazioak herritarren hizkuntza eskubideekiko duen arreta maila errealitatearekin bat ez datorrela ziurtatu duen EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio

Javier Remírez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak gaur adierazi duenez, Gobernu bilkuran "laster" onartuko da Foru Administrazioan enplegua lortzeko merezimenduen dekretua, eta Gobernua euskara hainbat arlotan "sustatzen" ari dela defendatu du, azpimarratuz, hizkuntza bat "ez dela inposatu behar".

 

EH Bilduk kontrolerako osoko bilkuran egindako interpelazioari erantzunez, Remírezek esan du dekretua hiru printzipiotan oinarrituta landu dela: "aukera berdintasuna, errealitate soziolinguistikoa eta borondatezkotasun-printzipioa, Foruaren Hobekuntzan eta Euskararen Foru Legean adierazitakoa errespetatzeaz gain".

 

Eztabaidan, EH Bildu eta Geroa Bai kritikoak izan dira Foru Gobernuak hizkuntza politikan egin duen kudeaketarekin, eta, besteak beste, deitoratu dute Administrazioko plantilla organikoko profil elebidunen kopurua "oso txikia" dela. Podemos-Ahal Duguk ere bat egin du kritika horrekin plaza kopuruagatik, eta Izquierda-Ezkerrak ziurtatu du "euskararen normalizazioan, sustapenean eta garapenean aurrerapauso handiak" eman daitezkeela.

 

Hala ere, kontseilariak azpimarratu duenez, "Gobernu honekin aurrerapauso argia eman da hizkuntza-politikan eta Administrazioan euskaldunen arretarekin zerikusia duen guztian. Ez dut inolako bidegabekeriarik ezagutzen Foru Administrazioan edozein hizkuntza erabiltzeko orduan", azpimarratu du.

 

Javier Remírezek berretsi duenez, Nafarroako Gobernua "euskara berezko hizkuntza gisa sustatzen, zaintzen eta babesten ari da, baina eremu bakoitzeko legezkotasuna eta errealitate soziolinguistikoa betez. Errealitate soziolinguistikoa ezin da alde batera utzi, gero arazoak datoz eta. Hizkuntza bat ez da inposatu behar", esan du.

 

Gainera, kontseilariak defendatu du ez dela "mugatu" behar euskara Administrazio publikoan sartzeko ikuspegira, "prestigioa ematea eta euskara sustatzea askoz gehiago delako. Nafarroako Gobernua euskara guztion ondare gisa sustatzen eta zaintzen ari da, hitz egin ala ez", berretsi du.

 

Javier Remírezek adierazi duenez, borondatezkotasunaren, aukera-berdintasunaren eta errealitate soziolinguistikoaren printzipioak errespetatzea "euskarari, gizarte-kohesioari, berdintasunari eta bizikidetzari egin diezaiokegun mesederik handiena da. Hori da egiten ari garena eta egiten jarraituko duguna".

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) adierazi duenez, Euskararen Legeak "Administrazioarekiko harremanetan herritarrei arreta euskaraz jasotzeko eskubidea aitortzen die, eta horrek Administrazioari betebeharrak dakarzkio. Galdera da Nafarroako Administrazioa zenbateraino ari den betebehar horiek behar bezala betetzen", esan du, eta zehaztu du 2021eko urtarrilean Administrazioko plantilla organikoaren lanpostuen % 2 baino ez zirela elebidunak, D eta A ereduetako irakasleak kanpo utzita. "Datu horiek agerikoak dira, eta ez datoz bat legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubideekin, ezta zuetako askok aipatzen duzuen zerbaitekin ere, errealitate soziolinguistikoarekin, alegia", kritikatu du.

 

Gainera, Bakartxo Ruizek deitoratu duenez, "legegintzaldiaren amaiera honetan ez da onartu administrazio publikoan sartzeko merezimenduen dekretu berria. Legegintzaldi osoa joan zaigu eremu mistoan euskara baloratzerik izan gabe", adierazi du.

 

Iñaki Iriartek (Navarra Suma) esan du Administrazioan euskarazko arretaren arazoa konpontzeko hiru gauza hartu behar direla kontuan. Alde batetik, zenbat herritarrek eskatzen duten "benetan" arreta hori euskaraz eta zein eremutan. Bestalde, Nafarroako Gobernuak zer baliabide dituen. Eta, azkenik, honako hau ulertu behar da: "gehien-gehienek hizkuntza, berezko hizkuntza baina hizkuntza gutxitua, ezagutzen ez duten lurralde batean, hizkuntza hori ezin da bihurtu, ez bat-batean, ez pixkanaka, Administrazioan lan egiteko baldintza bat".

 

Inma Juriok (PSN) aitortu du euskaraz artatua izateko eskubidea "eremu euskaldunean bakarrik" dagoela bermatuta, gainerako eremuetan herritarrek Administrazioarengana euskaraz jotzeko eskubidea dutela, baina Administrazioak neurri egokiak hartu behar dituela herritarrek duten eskubide horri erantzuteko, “eskubide hori ez baita erabatekoa, Nafarroan euskara ez baita ofiziala lurralde osoan. Hori Euskararen Foru Legearen, euskararen foru dekretuaren eta hainbat epairen bidez modulatzen da, eta Foru Gobernua legea, dekretua eta epaiak betetzen ari da", zehaztu du.

 

Jabi Arakamak (Geroa Bai) adierazi duenez, hizkuntza eskakizuna duten lanpostuen kopurua "oso txikia da arreta euskaraz behar dugunon beharrei erantzuteko. Betetzen ari ez diren eskubideez ari gara, Administrazioak ezin du borondatezkotasunaz hitz egin, herritarrok eskubidea dugulako, eta Administrazioak betebehar bat duelako", esan du. Gainera, Remírezi adierazi dionez, "ez badakizue herritarrei ez zaiela euskarazko arretarik eman, lau urte hauetan Behatokiaren edo Arartekoaren txostenak irakurtzeko denborarik izan ez duzuelako izan da".

 

Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) zalantzan jarri du Administrazioan profil elebiduna duten plazen kopurua, Gobernuaren departamentu batzuetan "plazen ehunekoa lotsagarria" baita.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) Administraziora sartzeko merezimenduen dekretua oraindik onartu ez izana gaitzetsi du. "Non dago Administrazioko lanpostuen azterketa hizkuntza-eskakizuna zein lanpostuk eskatuko luketen zehazteko? Hori guztia egin gabe dago. Euskararen normalizazioan, sustapenean eta garapenean aurrerapauso handiak eman daitezke", adierazi du. Hala ere, zehaztu duenez, "Funtzio Publikoan sartzearekin zerikusia duen guztian, eskubideak koordinatu egin behar dira, ezin dira eskubide batzuk bermatu beste batzuen kaltetan".