Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Azaroak 20

Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da SEI - Servicio Socioeducativo Intercultural elkartearen egoitzara

Heldu berri diren etorkin adingabeen laguntza-eskari gero eta handiagoa asetzeko zailtasunez eta leku egoki batera aldatzeko laguntzaren beharraz jabetu da

Eskubide Sozialetako Batzordea gaur bisitan joan da, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeek eskaturik, SEI - Servicio Socioeducativo Intercultural elkartearen egoitzara. Irabazi-asmorik gabeko erakunde hori familiak berrelkartzeko eta migrazio-doluko prozesuetan laguntzeko espezializatuta dago, eta Iruñerrian ematen die arreta immigratutako pertsonei.

 

Batzordeko kide hauek joan dira bisitan: Mónica Doménech (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) eta Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa).

 

Ainhoa Aznárez Igarza lehendakaria buru zutela, Parlamentuko ordezkariei harrera egin die Maite Ziganda San Martín SEIko koordinatzaileak, bere lantaldeko kideekin eta Servicio Socioeducativo Cultural elkarteko erabiltzaileekin batera.

 

Instalazioak eta laguntza-lana in situ ezagutzea izan da bisitaren helburua. SEIk 1999tik eskaintzen du zerbitzu hori, 150etik gora boluntarioren laguntzaz eta 60 bat bazkideren babesarekin. Gainera, parlamentariak “heldu berri diren etorkin adingabeei eta, zenbait kasutan, haien familiei laguntzeko eskari gero eta handiagoa asetzeko zailtasunez” jabetu dira.

 

Harrera egin ondoren, Maite Zigandak azaldu die beharrezkoa dela zerbitzua duintzea. “Orain gainezka dabil, 40 adingabe daude itxarote-zerrendan eta oso egoera zaurgarria dute, askotariko arriskuen ondorioz. Familiaren babesik ez izatearen sufrimenduei maiz bestelakoak gehitzen zaizkie, mentalak edo emozionalak”.

 

Horri dagokionez, SEIko koordinatzaileak abegi-lan ona egitearen garrantziaz ohartarazi du, bestela “antzematen baitute ez direla inongoak eta ez dutela talderik, eta areagotu egiten zaie motibaziorik ezak, depresioak edo etsipenak jotzeko arriskua, bizi proiektuaren faltagatik”.

 

Testuinguru horretan, Zigandak Parlamentuaren laguntza eskatu du, “bitartekoak lehenbailehen gehitzea ahalbidetuko dien lokal publiko batera aldatu ahal izateko. Gaur egun dugun lekua, inork lagatakoa izateaz gain, txikiegia eta ezegokia da gatazken eta gizarte-bazterketaren prebentzioan behar bezala esku hartzeko, bai gizarte eta hezkuntza mailan, bai maila psikosozial eta soziokulturalean”.

 

SEI irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, familiak berrelkartzeko eta migrazio-doluko prozesuetan laguntzeko espezializatuta dago, eta arlo anitzeko lantalde profesionala dauka, Nafarroan bizi diren pertsona immigratuei laguntzen diena.

 

Bisita amaitu ondoren, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta PSN taldeetako eledunek balorazio positiboa egin diote SEIren proiektuari, eta geroagoko jarduketen zain gelditu dira laguntza ekonomikoaren eskaerari buruzko beren jarrera zehazteko.