Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Otsailak 24

Eskubide Sozialetako Batzordeak bisita egin du Olloko Gure Sustraiak baserri-eskolara

Adimen-desgaitasuna edo mendekotasun soziala duten gazte autonomoentzako landa inguruneko etxebizitza funtzionalaren eta zentro okupazionalaren programa berritzailea ezagutzeko

Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur bisita egin du, PSN parlamentu-taldeak eskatuta, Olloko Gure Sustraiak baserri-eskolara. Irabazteko asmorik gabeko proiektu hori 2002an inauguratu zen, eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa uztartzen du gizarte-ekonomiako eredu alternatibo bat sustatzearekin. Inklusioa, ekitatea eta parte-hartzea dira eredu horren oinarriak.

 

Batzordeko kide hauek joan dira bisitan: Carmen Segura (UPN parlamentu-taldea), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai parlamentu-taldea), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu parlamentu-taldea), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Nuria Medina (PSN parlamentu-taldea).

 

Parlamentuko ordezkari taldeari harrera egin diote Raúl Pilar Garcés baserri-eskolako koordinatzaile nagusiak, Leire Rivas Jorge gizarte arloko koordinatzaileak eta Gorka Cubelos Pérez hezkuntza eta turismo arloko koordinatzaileak.

 

Nuria Medinak azaldu duenez, bisitaren helburua izan da gizarte ekimeneko kooperatiba hori garatzen ari den “landa inguruneko etxebizitza funtzionalaren eta zentro okupazionalaren programa berritzailea ezagutzea”. Haren lanaren ardatzak hezkuntza, aisia, terapia eta egoitza zerbitzuak eta turismo inklusiboa dira, eta lan duina edo erantzukizun partekatua bezalako balioak ditu oinarri.

 

Harreraren ondoren egin den bileran Raúl Pilar eta Leire Rivasek proiektuaren kudeaketa eredua azaldu dute. Lau arlo nagusi lantzen ditu: turismoa, ingurumen hezkuntza, zentro okupazionala eta etxebizitza funtzionala, hori guztia natura ingurunean kokaturik, ikuspegi inklusiboarekin, eta jasangarritasunerantz bideratutako bizimodua erakusteko konpromiso irmoari eutsiz.

 

Egoitza-baliabideei dagokienez, Gure Sustraiak baserri-eskolan etxebizitza funtzional bat dute, eta zentro okupazional bat, bi modulu dituena, Turismoa eta Ingurumen Hezkuntza. Barnean hartzen ditu baserriko jarduerak, baratzezaintza, lorezaintza, ostatua eta jatetxea. Erabiltzaileak gazte autonomoak dira, gutxienez % 55eko adimen-desgaitasuna dutenak –edo arinagoa, mendekotasun soziala baldin badute, hau da, jokabidearen eta harremanen defizita badute–, eskolatze-aldiaren amaieran hautabide egokirik gabe gelditzen direnak.

 

Ohiko zentro okupazionaletan neska-mutil horiek “ez dira moldatzen motibazio faltagatik, baina hemen –erantsi du Raúl Pilarrek–, naturan murgilduta eta banakako arreta programa berariazkoei jarraituz, ongizate fisikoa eta emozionala areagotzen dute, garapen pertsonal handia lortzen dute eta hobetu egiten dituzte harreman pertsonalak eta are familiakoak. 2013an bost plazako programa pilotu batekin hasi ginen eta emaitzak izugarri onak izan ziren. Orain 12 neska-mutil ditugu, bi taldetan banatuta, baina laster aterako dugu Nekazaritza Turismoko modulua eta 20ra igoko dugu plaza kopurua”.

 

Gakoa da, Leire Rivasen esanetan, “helduen gisara erabiltzea, helduen gisara erantzun dezaten, eta horretan zeresan handia du proiektu honen izaera inklusiboak, hemen, bakartuta egon ordez, turismoa egitera datozen familiekin egoten baitira, edo gure ingurumen programetan parte hartzen duten ikasleekin (4.000 bat urtean). Beraz, hezi egiten dira, lan egiten dute eta, gainera, harremanak izaten dituzte beste pertsona batzuekin”.

 

Baliabide funtzional eta okupazional hori gauzatzeak, 2014an eraiki zen eta irisgarritasun unibertsaleko 36 plaza dituen aterpetxean integratzeak, beste ikuspegi bat eman zion Ostatuaren (54 plaza) inguruan sortutako hasierako proiektuari. Baimenak eskatu behar izan ziren, bestela ezin zelako etxebizitza funtzionalik ezarri turismo instalazio batean. “Baimena eman zuten eta ongi funtzionatu du”, baieztatu du Gorka Cubelosek.

 

Ez dira, nolanahi ere, plaza itunduak. “Nafarroako Gobernuak plaza ordaintzen du sare publikoan ez dagoen zerbitzu horri lotutako laguntzarekin. Hala ere, adierazi berri digutenez, asmoa da plaza itunduetarantz jotzea, nahiz eta modu pribatuan ere sar daitekeen”.

 

“Arlo okupazionalaren eta gizarte-eraldaketaren” ildo beretik doaz mendekotasun handia dutenentzako oporraldi planak Oncineda, La Atalaya, Las Hayas, Valle de Roncal eta Isterria zentroetan. “Hortik hasi ginen, hain zuzen horrexetan espezializatzen joan ginen, baina argi dugunez turismoa ez dela gure helburu nagusia, pixkanaka hazi gara, betiere gure ahalmenaren arabera. Ez da ahaztu behar gurea kooperatiba bat dela: 11 bazkide langile eta 80 bazkide laguntzaile ditugu”.

 

Eta etorkizunari dagokionez, Gure Sustraiak baserri-eskolan erronka berriei begira jarraitzen dute. Besteak beste, enplegu zentro berezi bat ireki nahi dute, eta beste etxebizitza berri bat zabaldu, “egoitzarako eta zentro okupazionalerako itxarote-zerrenda izugarri luzea baitugu”.

 

Bilera amaitu ondoren parlamentariek ibilbide gidatua egin dute aterpetxean eta baserri-eskolan zehar. Horrela, sustatzaileek lagundurik, han egiten diren jarduera jasangarriak eta okupazionalak ezagutzeko aukera izan dute.

 

Olloko Gure Sustraiak baserri-eskola irabazi-asmorik gabeko kooperatiba da, 2002an sortua, jasangarritasunaren kezkatik abiatuta aurrera egiteko balio sozial, ekonomiko eta kulturalak ezartzeko bidean, ororen gainetik “pertsonen onura eta ingurunearekiko oreka, baita hizkuntzaren arloan ere” (gaztelaniaren eta euskararen erabilera egokia) bilatzen dituen ingurumen-hezkuntzako proiektu baten atal gisa.