Eskubide Sozialetako Batzordeko kideak bisitan joan dira Lizarrako San Jerónimo egoitzara
Zahar-etxeak, zeina bere egoitza-ereduagatik nabarmentzen baita, mendekotasunik ez daukaten zaharren beharrizanei erantzuteko laguntza publikoak handitzea eskatu du
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk eskatuta, Eskubide Sozialetako Batzordeko kideak bisitan joan dira gaur Lizarrako San Jerónimo zahar-etxera, zeina 1911ko abenduaren 27tik irekita dagoen irabazi asmorik gabeko patronatu bat baita.
Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Ángel Ansa, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Arantza Biurrun (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Txomin González (EH Bildu).
Legebiltzarraren ordezkaritzari honako hauek egin diete harrera: David Cabrero (zahar-etxeko zuzendaria), Andrea Muntoi (zahar-etxeko gainbegirale) , Esther Ciáurriz (psikologoa), Mario Ganuza (atxikitako etxebizitzen koordinatzailea) eta Mariaje Berrueta (zahar-etxeari atxikitako etxebizitzen erabiltzaileen erreferentziazko pertsona).
Bisita egitea proposatu duten talde parlamentario horietako eledunek beren lehen hitzetan azaldu dutenez, bisitaren xedea da “bertatik bertara ezagutzea zahar-etxearen instalazioak eta egoitza-eredua, zeina erakunde eta entitate askok saritu eta goratu baitute”.
Jarraian egin duten bileran, David Cabrerok eta Andrea Muntoik balioan jarri dute zahar-etxearen arreta-eredua, “pertsona ardatz hartzen duena eta erabiltzaileen beharrizanei eta lehentasunei erantzun bat ematea bilatzen duena”, eta hain zuzen ere horregatik sortu dute zahar-etxeari atxikitako Jerónima Uriarte etxebizitza-zerbitzua, banakako 10 unitatekoa.
300 pertsona baino gehiago baitaude itxarote-zerrendan, Cabrerok azpimarratu du zein garrantzitsua den zerbitzuak zaharren egungo beharrizanetara egokitzea. “Erabat sinesten dugu pertsonaren arreta integralean, eta horrek garamatza eguneroko bizitzan denik eta independentziarik eta kontrolik handiena bilatzera, erabiltzaileen lehentasunei eta erabakiei kasu ematera. Zahar askok eta askok sentitzen duten hutsune funtzionala betetzea bilatzen dute banakako unitate lagundu hauek, zeren pertsona horiek eskatzen dutena baita beren etxean baleude bezala bizi ahal izatea”.
Ondoren, Parlamentuaren ordezkaritzak bisita gidatua egin du zahar-etxean barrena, eta, zuzendariarekin batera, parlamentariek egoitza ezagutu ahal izan dute. Zahar-etxea 1911n ireki zen, eta 62 toki dauzka –horietako 15, itunduak–, eta 30 eguneko egonaldikoak –horietako 10, itunduak–.
Egoitza-ereduaz gain, zahar-etxearen bereizgarria da, zuzendariaren esanetan, erabiltzaileen profila, % 70 mendekotasunik ez daukaten pertsonak baitira. Halere, itundutako tokien % 15 mendekotasuna daukaten pertsonek betetzen dituzte.
Zahar-etxeak Nafarroako Gobernuari exigitzen dio laguntzak handitzea, zaharren egungo beharrizanei erantzun ahal izateko. “Konponbide publiko bat bilatu behar da zahar-etxe honetan sartu nahi dutenen profilarendako; toki itunduak egon beharko lirateke gogoz kontrako bakardade-egoeran dauden eta konpainia eta arreta behar duten mendekotasunik gabeko zaharrentzat”.
Bisita gidatua bukatuta, zuzendariak parlamentariei azaldu die zahar-etxeko langileek nahiz erabiltzaileek konfinamenduan zehar bizi izandako esperientzia, COVID-19a bertan sartzea eragoztearren plantillako 15 pertsonak 35 egunez egoitzan itxita egotea erabaki baitzuten. “Ahalegin horren emaitza adierazgarria izan da: ez da COVID-19 kasurik egon, eta bizikidetza askoz ere estuagoa izan da”.