Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 26

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da Nafarroako Elikagaien Bankura

160 boluntariok 3.640 tonatik gora elikagai banatu eta 25.551 pertsona artatzen dituzte urtean

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da Nafarroako Elikagaien Bankura. Bankua irabazi-asmorik gabeko fundazioa da, boluntarioek antolatu eta kudeatzen dutena. Nafarroako Elikagaien Bankuak elikagaiak bildu eta Nafarroan behar handiena dutenen artean banatzen ditu eta, halaber, elikagaiak alferrik galtzearen aurka borrokatzen du, bere jardueraren bidez eta sektore guztien –gazteak bereziki– sentsibilizazio sozialaren bidez.

 

Honako parlamentari hauek joan dira: Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Javier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García-Malo (PPN talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Fundazioko lehendakari Marisol Villarrek, patronatukide Ramón Navarrok eta entitateko gizarte langile Alba Equizak. 

 

UPN talde parlamentarioak eskatutako bisitaren xedea izan da “bertatik bertara ezagutzea entitatearen instalazioak, funtzionamendua eta beharrizanak”.

 

Jarraian bilera egin dute eta bertan Parlamentuaren ordezkaritzan fundazioaren jarduerak ematen dituen zenbakiak ezagutu ditu. Jarduera horrek xedea da gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsona-taldeen elikadura-baldintzak hobetzea, pertsona horiek gizarteratzeko oinarri gisa.

 

Misio argia duen lana, gizarte osoa inplikatu nahi duena boluntariotza sustatuz eta garatuz, Fundazioa "erakunde-eredu izan dadin, boluntarioek kudeatuta, modu eraginkor eta gardenean". Nafarroako Elikagaien Bankuak 160 boluntario ditu foru erkidego osoan, eta askoz gehiago izaten dira Bilketa Handia iristen denean.

 

Horien guztien laguntzarekin Nafarroan 3.640 tonatik gora elikagai banatu dira eta beharra duten 25.551 pertsona artatu dira.

 

Nafarroako Elikagaien Bankuaren helburuetako beste bat da enpresek eta gizarteak, oro har, arrazionalizazio-ohiturak hartzea elikagaien erabilerari eta kontsumoari dagokienez, ingurumen-inpaktuak murrizteko eta iraunkortasun handiagoa lortzeko bitarteko gisa. Hala, azaldu dutenez, 2023an 2.537 tona elikagai alferrik galtzea saihestu da. Aldi berean, elkartasuna, gardentasuna eta efizientzia bezalako balioak sustatzen dira entitateren filosofia gisa.

 

Batzordeko kideek Elikagaien Bankuaren instalazioak bisitatu dituzte eta entitatearen funtzionamendua ezagutu dute. Bertan lan egiten dute boluntarioek eta plantilla osatzen duten bost pertsonek: gizarte-langile batek, bi administrarik, biltegiko buru batek eta komunikazio- eta sentsibilizazio-arduradun batek.

 

Erakundeak banatzen dituen elikagaiak bi iturritatik datoz: batetik, berreskuratutako soberakinetatik (nekazaritzako elikagaien industriaren dohaintzak, soberakinak erretiratzeko EBren laguntzak jasotzen dituzten fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteak, edo Iruñerriko Mankomunitateak erretiratutako elikagai kontsumigarri ez-merkaturagarriak) eta, bestetik, elikagai- eta diru-bilketen bitartez (bilketa-kanpainak eta diru-bilketak, eta dohaintzekin egindako erosketak).

 

Bisita bukatzean, batzordekideek eskerrak eman dituzte entitateak egiten duen lanarengatik eta emandako azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua izanez gero egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.