Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Apirilak 16

Espainiako eta Nafarroako gobernuak suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ardura Espainiako Babes Zibileko Sisteman zentralizatzera premiatzea baztertu du Parlamentuak

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Talde Mistoaren aldeko botoekin, zeinak Espainiako eta Nafarroako gobernuak premiatu nahi baitzituen «Espainiako Babes Zibileko Sistemaren barruan erantzun bateratua ematera suteak prebenitzeko eta itzaltzeko, horrelako hondamendien aurreko erantzuna modu bateratuan egituratu dadin; horretarako, behar diren funtsak eta plangintza nazional bat bideratu behar lirateke, eragindako administrazio guztien arteko koordinazioa ona izan dadin».

 

Ezetsitako mozioaren bigarren atalean, era berean, Espainiako eta Nafarroako gobernuei dei egiten zitzaien «langileen araubidea eta jarduteko protokoloak bateratu, eta babes zibileko kidego guztien eta suhiltzaileen lana koordinatu ahal izateko, eskuragarri dauden bitarteko guztien koordinazioa bermatzeko, tokikoena, komunitatekoena edo estatukoena, eta neguko prebentzio-lanen garrantzia udako itzaltze-lanekin beraiekin parekatzeko, suteen aurkako borroka integralaren mesedetan».

 

Era berean, hirugarren atalean, Espainiako eta Nafarroako gobernuei eskatzen zitzaien «suhiltzaileei eta larrialdi zerbitzuei baliabide material, teknologiko eta giza baliabide nahikoak emateko, erantzun eraginkor eta segurua bermatzeko».

 

Halaber, Espainiako eta Nafarroako gobernuei eskatzen zitzaien «metodo tradizionalak sustatzeko, hala nola abeltzaintza estentsiboaren larratzea, suebakiak egitea, mendiak garbitzea, sastrakak garbitzea edo egurra biltzea, mendeetan gure basoak garbi eduki dituzte-eta, eta baso suteek gure ingurune naturalean duten eragina murrizten lagundu dute eta».

 

Hala, Nafarroako eta Espainiako gobernuak behartu nahi zituen «suteen aurkako prebentzioaren eta borrokaren arloko teknologia emergenteetarako inbertsioak handitzea eta horien ezarpena sustatzea, metodo tradizionalen osagarri gisa».

 

Gainera, Nafarroako eta Espainiako gobernuei gonbita egiten zitzaien «Espainiako Uraren Plana bultzatzeko, arroen arteko konexioa ahalbidetzeko, azpiegitura hidrikoak modernizatzeko, urtegi berrien eraikuntza sustatzeko eta suteak prebenitzen laguntzen duten ibilguen garbiketa bermatzeko».

 

Esandakoaren ildotik, Nafarroako eta Espainiako gobernuei proposatzen zitzaien «Zigor Kodearen 352. artikuluan aurreikusitako zigorrak gogortzea, Espainiako lurraldeko mendietan edo baso masetan suteak eragiten dituztenentzat».

 

Bestalde, Nafarroako eta Espainiako gobernu animatzen ziren «suteak itzaltzeko erabilera potentziala edo aitortua izan dezaketen azpiegituren eta ibai-hesien inbentarioa egitera, eta azpiegitura horien mantentzea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak gauzatzea, azpiegitura horiek suntsitzea edo hondatuta egotea eragozteko».

 

Horri dagokionez, defendatzen zen Nafarroako eta Espainiako gobernuek «unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta babes zibileko agintaritzen arteko lankidetza sustatzea suteen arloan, suteen aurreko erantzuna hobetzea ahalbidetuko duten tresna digital berriak sortzeko».

 

Azkenik, Espainiako eta Nafarroako gobernuei eskatzen zitzaien «gure nekazarien eta abeltzainen zeregin estrategikoa aitortzea eta indartzea, funtsezkoak baitira Espainiako landagune abandonatuan biztanleguneak errotzeko eta haren hazkunde ekonomikorako; elikagaien segurtasunerako, kalitate goreneko nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren bidez; gure herriaren elikagai subiranotasunerako eta gure mendietako suteen prebentziorako».

 

Zioen azalpena kontuan hartuta, Talde Mistoaren iritzian, azken udetako sute boladen tamaina dela eta, gomendagarria da «ia soilik itzaltzean oinarritutako eredu bat alde batera uztea, prebentzio, mendiaren kudeaketa aktibo eta lurralde-egituraketako politika integral baterantz aurrera egiteko».

 

Horri dagokionez, «jarduera tradizionalak, hala nola abeltzaintza estentsiboa, baso aprobetxamendua eta azpiegitura hidrikoen kontserbazioa, berreskuratzen lagunduko duen esparru juridikoa sustatzearen» alde egiten da, neurri horiek «suteak prebenitzen laguntzeaz gain, landagunean herritarrak errotzea, elikagai subiranotasuna eta Espainiaren lurralde kohesioa bultzatzen baitute».

 

Bestalde, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanak zentralizatzeari dagokionez, adierazi da, «hondamendi naturalek ez dituztenez muga autonomiko artifizialak ezagutzen», egokia litzatekeela Espainiako Babes Zibileko Sisteman zentralizatzea «koordinazio eta eraginkortasun operatibo handiagoa» eskatzen duen arazo horretarako erantzuna.