Espainiako Gobernua premiatzen da Arma Nuklearrak Debekatzeko Tratatua babestu dezan
Armategi nuklearrak suntsitzearen alde egin du Ganberak, 2022ko urtarriletik aurrera nazioarteko legediaren parte den Arma Nuklearrak Debekatzeko Tratatuaren esparruan
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu “sostengua ematen diola Nazio Batuetako Idazkari Nagusiaren, Nazioarteko Gurutze Gorriaren, Mayors for Peace-ren eta ICAN-Arma Nuklearren Aboliziorako Nazioarteko Kanpainaren deiari, arma nuklearrik gabeko mundu baten aldekoari”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “aldezpen publikoa eman diezaion ANDT-Arma Nuklearrak Debekatzeko Tratatuari”. Atal honetan eta hurrengoan Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du eta PSNk aurkako botoa eman du.
Era berean, hirugarren atalean, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “ANDTari atxiki dakion eta Estatu Behatzaile gisa parte har dezan –jadanik Alemaniak, Finlandiak, Norvegiak, Suediak eta Suitzak hori eginen dutela iragarri duten bezala– ANDTaren Estatu Kideen Lehen Biltzarrean, zeina 2022ko ekainaren 21etik 23ra bitartean eginen baita, Vienan”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak Estatu Batuen eta Errusiaren arteko lankidetza nuklearraren narriaduraren berri ematen du, “aldebiko hitzarmenak ez baitira berrituak izan”, eta egungo egoerak dakartzan arriskuez ohartarazten du. Izan ere, “arma nuklearrak dauzkaten herrialdeak beren armategiak berritzen ari dira zama nuklear txikiagoko eta, beraz, suntsigarritasun txikiagoko armen multzo zabal baten bidez. Horrek esan nahi du arma horien erabilera egingarriagoa eta sinesgarriagoa dela”.
Testuinguru horretan, eta “Hiroshimak eta Nagasakik suntsitu zituztenak baino ahalmen suntsitzaile handiagoa duten 13.000 bonba nuklear baino gehiago geratzen direla jakinda”, deuseztatzearen alde egiten da Arma Nuklearrak Debekatzeko Tratatuaren (ANDT) esparruan, zeina 2022ko urtarriletik nazioarteko legediaren barruan dagoen.
Horretarako, eta arma atomikoak dituzten herrialdeek, hala nola Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak edo Errusiak, gehi NATOko herrialdeek, ANDT berretsi ez dutenez, Espainiako Gobernuari ANDTren lehen biltzarrean Estatu Behatzaile gisa parte hartzeko eta atxikitzeko eskatzen zaio, besteak beste, gizarte zibilaren, GKEen eta Bakearen Aldeko Alkateen Sarearen zati handi batek bultzatutako eskaerak bere eginez.
Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Iñaki Iriarte, Maribel García Malo, Miguel Bujanda, Pachi Pérez (Navarra Suma), Arantza Biurrun, Carlos Mena, Nuria Medina (PSN), Jabi Arakama, Pablo Azcona (Geroa Bai), Laura Aznal, Patri Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (64. NPAO, 2022-05-17koa)