Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 30

Espainiako Gobernua premiatzen da Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena eta Etxeko Langileentzako Lanari buruzko 201. gomendioa berresteko lanean jarrai dezan

Sektorearen feminizazioaz, prekarietateaz eta ikusezintasunaz ohartarazi du ganberak, eta eskubideen urraketa eta diskriminazioarekin amaitzeko deia egiten du, baita kotizazio-oinarriei dagokienez ere

Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Baire, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Suma eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena (etxeko langileak) eta Etxeko Langileentzako Lanari buruzko 201. Gomendioa (hitzarmenaren xedapenen osagarria) berresteko lanean jarrai dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernu zentralari eskatzen dio “Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorretan 6777. zuzenketa onetsi izanaren ondorioak lehengoratu ditzan”. Horren arabera, 2019tik 2024ra atzeratzen da etxeko langileen kotizazio-oinarriak Erregimen Orokorraren sistemara egokitzeko akordioa, soldata errealaren arabera kotizatzeko eta pentsioak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko gainerako langileenak bezala kalkulatzeko.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Podemos-Ahal Dugu ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “neurriak har ditzan Nafarroako etxeetan lan egiten duten pertsonen eskubideak bermatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Duguk sustatutako ebazpenak martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretua aipatzen du, bertan zehazten baita etxeko langileena “funtsezko jarduera” dela, “onartuta haien lana zein garrantzitsua den zaindutako pertsonen ongizaterako eta biziraupenerako”. Aipamen hau egiten du, hain zuzen ere, Nafarroan etxeko lanen sektoreari buruz berriki argitaratu den ikerketa batekin kontrajartzeko, ondorioztatzen baitu sektore hori “esparru feminizatu, prekario eta ikusezina” dela.

 

Horri dagokionez, babes orokorreko sistemak etxeko lanari dagokionez dituen "hutsuneak" islatzen dira, eta "laneko diskriminaziotzat" jotzen da " langabeziagatiko prestaziorik ez egotea edo kotizazio-oinarriak beren soldatetatik beheiti mantentzea 2024ra bitarte”.

 

Esandakoaren harira, gogorarazten da etxeko langileen kotizazio-oinarriak Erregimen Orokorraren sistemara egokitzeko, hau da, soldata errealengatik kotizatuko zutela eta pentsioak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko gainerako langileenak bezala kalkulatuko zirela lortzeko, 2016an legez ezarritako muga 2019a zela. Aurreikuspen hori 2024ko urtarrilaren 1era atzeratu zen, 2018ko Aurrekontu Orokorren zuzenketa onartu ondoren.

 

Horrenbestez, kotizazio-irizpideak bateratzeko 2024ra arte itxaron beharko da, eta proposamena egiten duenak dio honek "diskriminazioa eta lan-eskubideen urraketa" dakarrela.

 

Oinarri izan den ikerketa «Las empleadas del Hogar de Navarra: análisis de sus condiciones laborales y su proceso de regularización» izeneko dokumentua da, zeina Begoña Elizalde San Miguel, Irene Lapuerta Méndez, Magdalena Díaz Gorfinkiel eta Victoria Bogino Larrambebere ikertzaileek egin baitute, eta helburu du etxeko lanen sektorea Nafarroan zertan den eta estatuaren baitan izaten ari den bilakaera argitzea generoaren ikuspegitik nahiz ikuspegi intersekzionaletik.