Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 26

Espainiako Gobernua premiatzen da LOMCE behin betikoz indargabetu dezan eta hezkuntzaren aldeko itun sozial eta politiko baten aldeko apustua egin dezan

Hezkuntza-erkidegoko sektore guztiekiko negoziazio-espazio bat ireki dezan eskatzen zaio, Lege berri bat eratzeko akordio sozial eta politiko bat lortzeko bidean

Parlamentuko Osoko Bilkuran ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPNren eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “LOMCE behin betikoz indargabetu dezan eta Hezkuntzaren aldeko itun sozial eta politiko baten aldeko apustua egin dezan, beste ezeren gainetik hezkuntza publikoa eta denen hezkuntza-eskubidea aldeztuko dituena”.

 

Helburu horrekin, eskatzen zaio “Hezkuntza-erkidegoko sektore guztiekiko negoziazio-espazio bat ireki dezan, honako hamar puntu hauetan oinarrituta”.

 

Lehenik eta behin, zehazten da “oinarrizko hezkuntzak helburu izan behar duela ikasleak gai izatea pertsona izaten ikasteko, duintasunez bizitzeko, munduko herritar gisa elkarrekin bizitzeko, eta kritikoak, libreak, justuak eta solidarioak izateko”.

 

Halaber, azpimarratzen da “hezkuntza oinarrizko eskubide bat dela, unibertsala, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela, ikastetxe publikoen behar adinako sare baten bidez bermatu ere, herritar guztien hezkuntza premiei erantzuteko”.

 

Era berean, eskatzen da “ekitatearen eta inklusioaren bermea, zeharkako balio diren aldetik”.

 

Gainera, “gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren sustapena” eskatzen da, “ikasleak eskolatzean sexuaren araberako bereizketa saihestuz. Eskolatze mistoa”.

 

Zentzu honetan ere eskatzen da “hezkuntza laiko baten bermea, kontzientzia-askatasuna errespetatuko duena eta hezkuntzaren esparruan doktrinatze-modu oro baztertuko duena”.

 

Bestalde, “eskola demokratiko eta parte-hartzaile baten” exigentzia ere ezartzen da.

 

Eta “curriculum alternatibo baten eraikuntza, belaunaldi berrien exigentziei eta beharrizanei egokitua”.

 

Halaber, eskatzen da “BPGaren % 5eko hezkuntza-inbertsioa, % 7ra heltzeko konpromisoarekin”. Puntu hau EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin onetsi da. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta PSNk aldeko botoa mantendu dute.

 

“Irakasleen eta hezkuntza arloko gainontzeko profesionalen aitortza, balorazioa eta haientzako babes sozial eta instituzionala” garrantzitsua ikusten dute.

 

Mozioak beste bi puntu zituen, biak baztertuak izan dira. Lehenengoak, “hezkuntza-politiken egonkortasuna” eskatzen zuen, eta UPN, PPN eta I-Eren aurkako botoekin eta EH Bildu eta PSNren abstentzioekin baztertu da.

 

Baztertutako bigarren mozioak, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk soilik eman baitute aldeko botoa, defendatzen zuen “hizkuntza normalizazio prozesuan dauden lurraldeetako hizkuntza ofizial eta propioak (katalana, euskara, galegoa, asturiarra eta aragoiera) hezkuntza transmititzeko erabil daitezela, eta barne eta kanpoko komunikazio tresna izan daitezela euren normalizazioan eta ezagutzan aurrera egiteko, eskoletan benetako integrazioagatik lan egitea ahalbidetu dadin”. UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Ek aurkako botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2016ko abenduan Diputatuen Kongresuak Hezkuntzaren aldeko Itun Sozial eta Politiko baterako sortutako Azpibatzordearen lana zalantzan jartzen du, eta zentzu horretan, Gobernuak Azpibatzorde honi ematen dion erabileragatiko kezka azaltzen du. Izan ere, luzamendutan ibiltzeko eta Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa –LOMCE– aplikatzen jarraitzeko erabiltzen du”.

 

“Oraindik ere legedia indarduna aldatzeari begira konpromiso zehatzik hartu ez dela ikusita, ezta hezkuntza publikoa bereziki ukitu duten hezkuntza arloko murrizketei buelta emateari begira ere”, sustatzaileak “hezkuntza-erkidegoarekiko negoziazio-espazioak irekitzeko deia egin du, hezkuntza munduko sektore askok hiru urtez gogor lan egin baitute, eta horren fruitua izan baita Hezkuntzari buruzko Lege berri baterako Oinarrien Dokumentua”.

 

Zentzu horretan, Eskola Publikoaren aldeko Estatu Plataforma aipatzen da, bere “oinarrizko hamar eskariekin Gobernuak eta hezkuntza arloko eragileek izan beharreko elkarrizketaren eta akordioaren abiaburu baita”.