Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 30

Espainiako Gobernua premiatzen da Sekretu ofizialei buruzko Legea XXI. mendeko estatu demokratiko baten eskubide eta printzipioetara egoki dezan

Informazioa eskuratzeko eskubidea errespetatuko duen eta eskubideen urraketak saihesteko eta ikertzeko balioko duen klasifikatzeko edo desklasifikatzeko prozedura argia eskatzen da

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Sekretu Ofizialei buruzko Legearen aldaketa izan dadin eraberritze demokratikoa bultzatze aldera Espainiako Gobernuko lehendakariak proposatu dituen neurrietako bat, halako moldez non lege hori XXI. mendeko estatu demokratiko baten eskubide eta printzipio demokratikoetara egokitzeko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gardentasunari lotutako arrazoiak ematen ditu legearen egokitzapena eskatzeko. Legea 1978an erreformatu zen, indarrean sartu eta 10 urtera, eta Gobernu zentralaren esku uzten du "Estatuaren segurtasuna eta defentsa babestea, egungo legezkotasun-, proportzionaltasun- eta behar parametroekin talka egiten duten balio batzuen arabera".

 

Sekretu Ofizialen Legea “edozein estatu demokratiko eta zuzenbide-estaturi dagozkion printzipioetara egokitzeko”, AEBetako, Erresuma Batuko, Alemaniako edo Suitzako legedietan egiten den bezalako eta “legezkotasuna, proportzionaltasuna eta premiaren” test hirukoitzaren araberako legedi bat eskatzen da, sailkatze-epe jakin bat izanen duena eta klasifikatzeko prozedura argi bat zehaztuko duena.

 

Ildo horretan, “informazioa eskuratzeko eskubidea ez murriztearen garrantzia” azpimarratzen da, gogoraraziz sekretutzat klasifikatuta daudela “dokumentu militar gehienak, harreman diplomatikoetakoak, terrorismoaren aurkako borrokakoak edo gastu erreserbatuetakoak; horietako asko, Ministroen Kontseilutik pasatu ere egin gabe”.

 

Etorkizunean giza eskubideen urratzea saihesteko, urraketen ikerketan sakontzeko eta biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela bermatzeko, paradigma berri bat eskatzen da “kasu horiek isiltasunaren eta zigorgabetasunaren estalpean jarraitu ez dezaten”.

 

Amaitzeko, aipatzen da “Sekretu ofizialei buruzko lege honetatik atera beharreko gertakariak” direla iraganeko zenbait gertakari; besteak beste, “Estatuak diktadura frankistan eta trantsizioan izandako jokabideak, 1981eko otsailaren 23ko gertakariak, 1985eko azaroan Mikel Zabalza desagertu eta hil izana edo GALen erailketak. Hainbeste urte igaro eta gero, gizarteak zer gertatu zen jakin behar du”.

 

Onartutako ebazpenak antzeko baldintzetan errepikatzen du Ganberak 2021eko martxoaren 18an hartutako erabakia.