Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 16

Espainiako Gobernuari segurtasun pribatuari buruzko araudia gaurkotu eta egokitu dezan eskatzen zion mozioa ezetsi dute

Parlamentuaren osoko bilkurak, UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta Voxen aldekoarekin mozio bat baztertu du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Nazioko Gobernua premia dezan segurtasun pribatuaren arloko araudia eguneratu eta egokitu dezan (batez ere, besteak beste, Segurtasun Pribatuari buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 9ko 2364/1994 Errege Dekretua), sektoreari behar duen duintasuna emateko eta bere eginkizunak hobeto bete ditzan”.

 

Egokitzapen horrek, adierazten zenez, eduki beharko luke, alde batetik, “babes juridikoa, estatus profesionalari dagokiona, agintaritzaren agente izaeraren aitortza zalantzagabearen bidez”. Hurrengo bi ataletan bezala, UPNk, PPNk eta Voxek aldeko botoa eman dute.

 

Bestetik, “babes materiala, beharrezkoak diren babes-neurriak emanda, aurre egin beharreko arriskuaren neurrikoak eta horiei buruzko araudia eguneratuta, eta, halaber, araudian aurreikusita zaintzaile-binomioen lana, enpresaren arriskuen eta segurtasun-mailaren arabera. Horri dagokionez, aztertu beharko da ebakien eta traumaren aurkako eskularru eta txalekoen erabilerak eta, are gehiago, zerbitzu arriskutsuen kasuan, balen aurkako txalekoena, derrigorrezkoa izan beharko duen, bai eta babes-ekipamenduak eta hilgarriak ez diren defentsa-bitartekoak (hala nola defentsa-espraia eta elektrotxoke-arma, Tasser pistola elektrikoa, adibidez) ematea ere. Gainerako kasuetan ere oraingoa baino luzeagoa den borra izan beharko lukete”.

 

Halaber, jaso beharko luke “lan arloko babesa, ez-betetze, abusu edo lege-iruzurreko egoera batzuk saihestea eta desagerraraztea ahalbidetuko duena: aparteko orduei buruzko araudia ez betetzea mugak gainditzeagatik, segurtasun pribatuko zaintzaileen arrisku berariazkoak aintzat hartzen dituen lan arriskuen prebentzioaren arloko araudiaren garapen falta eta araudia betetzen dela hobeto zaintzea (besteak beste, segurtasun enpresen betebehar gisa ezarrita langileei dagokien defentsa-material guztia ematea), bai eta egiazki gaitutako segurtasun-zaintzaileak ez diren pertsonek egiten duten intrusismo profesionalaren aurka egitea ere”.

 

Era berean, kontuan hartu beharko litzateke “segurtasunaren arloko langileen prestakuntza, bai oinarrizkoa bai etengabea. Horretarako, nazioan erdi mailako prestakuntza arautua eta espezializatua ezarri beharko litzateke, bai eta urteko etengabeko prestazioa ere, gaur egun nahikoa ez dena baino hobea”.

 

Baztertutako mozioak, bigarren atalean, Espainiako Gobernuari eskatzen zion “kontratazio publikoaren arloan zaintzea eginbeharrak ez betetzeagatik ( horien artean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta ez izateagatik) epai judizial bidez edo administrazio-ebazpen bidez zigortuak izan diren segurtasun arloko enpresek ez direla gaituta egonen lizitazio publikoetan parte hartzeko eta Nafarroako administrazio publikoekin kontratuak egiteko, horretarako beharrezkoak diren araudi-aldaketak bultzatuta”.

 

Aldi berean, Estatuko Gobernuari exijitzen zitzaion “behar bezala bermatzea segurtasun pribatuko zerbitzuak modu egokian ematen direla, haien bideragarritasuna, esleipenaren egoera, kasua bada, eta enpresa esleipen-hartzailearen kredentzialak egiaztatzea”.

 

Azkenik, eskatzen zen “prestakuntza etengaberako urteko plan bat taxutzea segurtasun pribatuaren arloko langileentzat”.

 

Zioen azalpenean, Voxen mozioak lanbide hau "duintzearen” alde egiten du, "ordena publikoko indarrekin batera, herritarren segurtasuna hobetzen laguntzen duelako". Hori dela eta, "jasaten duten arriskua" ikusita, beharrezkotzat jotzen da lanbide hori birformulatzea, ordainsariak hobetzea eta hura arautzen duen araudia gehiago errespetatzea".