Espainiako Gobernuari Sexu askatasunaren berme integralari buruzko 10/2022 Lege Organikoa berrikusteko eskatzen zion mozioa baztertu da
Ganberak baztertu egin du Navarra Sumak Berdintasunerako ministroak eta idazkariak Berdintasunerako Legearen inguruan egin dituen jarduerak gaitzesteko egin duen saiakera
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat atzera bota du PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren eta I-Eren aleko botoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baitzen “Berdintasun Ministerioari exiji ziezaion berehala berrikustea irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa, bertan behera uztearren lege horrek sexu-delituak egiten dituztenen zigorren gehieneko mugan eginiko beherapena, halako moldez non 2022ko irailekoa den egungo araubidearen aurretik indarrean zeuden zigor berak aplikatuko baitira berriro”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “arbuia zezan Berdintasuneko ministro Montero andreak epaileriaren aurka abiarazitako eraso inoiz ez bezalakoa, eta arbuio hori aipatu ministerioari helaraz ziezaion”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “arbuia zitzan Estatuko idazkari Rodríguez andreak berriki jaulki dituen adierazpen onartezinak, "Bai soilik da bai" lege organikoa aplikatzearen ondorioei buruzkoak, eta arbuio hori Estatuko Idazkaritza horri helaraz ziezaion”. I-Ek azken bi parrafo hauen aurkako botoa eman du.
Geroa Baik lehen puntua ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta horren bidez, Espainiako Gobernua premiatu nahi zuen “irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa berrazter zezan, bermatze aldera sexu-delitu larriengatik kondenatuak izan direnak ez direla zigor-murrizketa nabarmenekin mesedeturik suertatuko, legegileak aurreikusi gabeko ondorioak tarteko”.
PSNk eta Podemos-Ahal Dugu-k ere ordezteko in voce zuzenketa bat defendatu dute, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, onartu ez duena. Helburua zen 10/2022 Lege Organikoan jasotako “prebentzio-politika aktiboen” balioa nabarmentzea eta aitortzea “zigor-tipo zaharren eta berrien arteko trantsizioa konplexua” dela, “politika penalari buruzko paradigma aldarazteak, sexu-erasoa ez baitu indarkeria egotearen arabera definitzen, biktimaren onarpenik ez izatearekin baizik”. Hori dela eta, behin Auzitegi Gorenaren doktrina finkatuta, Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion “zigorren balizko beherapenak interpreta zitzan Auzitegi Gorenaren Legearen izaeraren arabera”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak bultzatutako mozioak Legearen helburuaren eta haren aplikazio praktikoaren artean zeuden kontraesanak nabarmentzen zituen, “aurreko legeriarekin zigortutakoei zigorrak murriztean zetzana”, izan ere, adierazten denez, “Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak aurreproiektuari buruzko txostenean ohartarazi zuen hori”.
Testuinguru horretan, Berdintasun Ministerioaren jarduera gaitzesten da; izan ere, “akatsa onartu beharrean, magistraturaren aurka egin da, errespeturik gabeko eraso, akusazio eta adierazpen onartezin eta jasanezinekin”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (6. NPAO, 2023-01-17koa)