Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa onetsi da
Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia gehitu da, eta fortuna handien gaineko aldi baterako zerga berria, ondarearen gaineko zergaren osagarri izanen dena
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa onetsi du gaur aho batez. Erabaki horrek bat egiten du Negoziazio Batzordean 2022ko abenduaren 28an sinatu zen akordioarekin, eta orain Gorte Nagusiek berretsi behar dute lege arrunt baten bitartez.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen babesa dela medio, Erregelamenduaren IX. tituluaren arabera legebiltzarraren erabakiak behar zuen gehiengo osoa lortu da.
1990eko Hitzarmen Ekonomikoak zortzigarren aldaketa du oraingoa. Aurretik 1993an, 1998an, 2003an, 2007an, 2015ean,, 2022ko martxoan eta 2022ko ekainean eguneratu dute.
Nafarroaren eta Estatuaren arteko aldebiko harremanaren esparruan, tributu eta finantza arloko akordioak egin dira energiaren eta finantza-entitateen gaineko karga berriak kudeatu eta biltzeari buruz.
Tributuen arloan adostu da Hitzarmenari zerga hauek gehitzea: berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga. Gainera, berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergan aplikatzekoak diren konexio puntuen eguneratzea jaso da, uztailaren 8ko 14/2022 Legean egindako azken aldaketetara egokitzeko.
Finantza gaietan, adostu da nola parte hartuko duen Nafarroak energiaren gaineko eta kreditu-entitate eta kreditu-establezimendu finantzarioen gaineko aldi baterako zergetan eta zer metodologia erabiliko den berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zergaren eta berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren bilketari doikuntzak egiteko.
Gainera, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari dagokionez, produktu horiek fabrikatzen diren kasuetan, Foru Ogasunak kudeatu eta bilduko du zerga, ontziak fabrikatzen diren establezimendua Nafarroako lurraldean badago. Zergaren xede diren produktuak Europar Batasunaren barruan eskuratzen diren kasuetan eta arauz kontra sartzen diren kasuetan, zergadunaren zerga-egoitza izanen da zerga kudeatzeko eta biltzeko konexio puntua.
Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergak hemendik aurrera zuzenean kargatuko du zergaren eremu objektiboaren parte diren gas fluordunak fabrikatzea, inportatzea, Europar Batasunaren barruan eskuratzea edo arauz kontra edukitzea. Gasak fabrikatzen diren kasuetan, baita biltegiratzaile gisa baimendutako zergadunek saltzen, entregatzen edo kontsumitzen dituzten kasuetan ere, jarduera egiten den establezimendua zein lurraldetan dagoen kokatuta, lurralde horretako administrazioak kudeatu eta bilduko du zerga. Zergaren xede diren produktuak Europar Batasunaren barruan eskuratzen diren kasuetan eta arauz kontra edukitzen diren kasuetan, zergadunaren zerga-egoitza izanen da konexio puntua.
Halaber, zeharkako bi zerga horiei dagokienez, bilketaren doikuntza bana ezartzea erabaki da.
Bestalde, fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga, zeina ondarearen gaineko zergaren osagarria baita, Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan ezarritako baldintza beretan eskatuko da Nafarroan, zerga hori indarrean den ekitaldi guztietan.
Nafarroak honako ordezkari hauek izan ditu Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean: Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria; Óscar Martínez, Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea; Javier Esparza (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta José Miguel Nuin (I-E).
Estatuko Administrazioaren ordezkari aritu dira Jesús Gascón, Ogasuneko estatu-idazkaria; Soledad Fernández, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusia; Inés Olóndriz, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako idazkari nagusia; Mónica García, Aurrekontu Egonkortauneko eta Kudeaketa Finantzarioko zuzendari nagusia, eta Javier Sánchez, Aurrekontuen zuzendari nagusia.