Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 2

Etorkin ilegalei laguntza oro kentzeko Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa atzera bota dute

Aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko aniztasun- eta gizarteratze-politikekin aurrez aurre talka egiten duen eredua defendatu du Voxek, babesik lortu gabe

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat atzera bota du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “laguntza eta onura sozial oro ken diezaien Espainiako nahiz Europar Batasuneko legeak urratuz gure nazioan sartu diren etorkin ilegalei, salbu eta euren jatorrizko herrialdera itzularazi arte behar duten giza laguntza urgentea”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Gobernuari eskatzen zion “immigrazio ilegala eta pertsonen salerosketa edozein modutan sustatzen edo errazten duten elkarte, erakunde, fundazio nahiz gobernuz kanpoko erakundeentzako dirulaguntzak ken ditzan”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen zuen “hartu beharreko neurriak har ditzan bakarrik dauden adingabekoen zentroak ixteko, gatazkatsuenetatik hasita, gure kaleetan segurtasun eza sortzen baitute. Adingabe atzerritar guztiak berehala bidali behar dira bueltan gurasoen, familiartekoen edo ingurune gertuenekoaren ondora, jatorrizko herrira. Zentro horiek itxi bitartean, zentro horietako langileen segurtasuna, behar adineko espazioa eta inguruko bizilagunen segurtasuna bermatzeko jarri beharreko neurriak eta azpiegiturak jarriko ditugu”.

 

Horrez gain, Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “beharrezko lege-erreformak egin ditzan atzerritartasun-espedientea edo asilo-eskaera izapidetzean legez kontrako ezein etorkinek lege-iruzurra egin ez dezan”.

 

Bestetik, Gobernua premiatzen zuen “administrazio publiko guztiei eska diezaien pertsona fisikoei zuzenduriko dirulaguntza ororen deialdietan esplizituki jaso dezaten legezko bizitokiaren baldintza, ezen ez errolda hutsarena, dirulaguntza horiek jaso ahal izateko”.

 

Halaber, eskatzen zen “Espainiarrek lehentasuna izan dezaten, oro har, gizarte-laguntza publikoak eta mendekotasun-prestazioak jasotzeko orduan”.

 

Era berean, Gobernua premiatzen zen “Administrazio erregionalek aurka egin diezaioten lurralde nazionalean legez kanpo edo modu irregularrean sartu den etorkinik birkokatzeari, baldin eta ez badu ezein motatako nazioarteko babesik eskatu.”

 

Azkenik, Exekutiboari eskatzen zitzaion “behar diren bitarteko guztiak jar ditzan gure erregioan etorkin ilegalak birkokatzea xede duen aurrekontu-partidarik ez gaitzeko”.

 

Zioen azalpenean, Vox parlamentarien elkarteak sustatutako mozioak "kontrolik gabeko immigrazio-eredua” salatzen zuen, eta "nafarren etorkizuna, ongizatea eta oparotasuna arriskuan jartzearen eta segurtasun-gabezia areagotzearen" erantzukizuna egozten zion eredu honi.

 

Esparru horretan, adierazten zuen Foru Komunitatean “125.558 migratzaile daudela, 125.558 biztanletik (%18,55)”, eta hori dela eta "legezko immigrazioa, kontrolatua, Nafarroaren beharretara egokitua eta egokitzeko gaitasuna eta borondatea duena" eskatzen zuen.