Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 16

Europako erakundeak premiatzen dira bertan behera utz dezaten afganiar migratzaileei Europara heltzea eragozten dien Turkiarekiko akordioa

Legebiltzarrak udalei “babes-hiri” deklara daitezen eskatzen die eta Nafarroako Gobernua premiatzen du urgentziaz taxutu dezan harrera-plan bat, bereziki emakume eta adingabeentzat

Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Europako erakundeak premiatzen baitira “bertan behera utz ditzaten afganiar migratzaileei Europara heltzea eragozten dien Turkiarekiko akordioa eta Afganistanerako deportazioak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, Navarra Sumaren aurkako botoarekin eta gainerakoen aldekoarekin, Europar erakundeei eskatzen die “korridore humanitario bat ezar dezaten Afganistandik atera nahi duten asilo-eskatzaileentzat”.

 

Bestalde, hirugarren atalean, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta gainerakoen aldeko botoarekin, Espainiako Gobernua premiatzen da “Europako Parlamentuan jardun dezan, korridore humanitario bat ezartzeko Afganistandik atera nahi duten asilo-eskatzaileentzat”.

 

Ildo berean, eta aho batez, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “urgentziaz taxutu dezan harrera-plan bat eta udalei eska diezaien babes-hiri deklaratzeko, aberriratutakoak eta exiliatuak hartze aldera”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da, aho batez baita ere, “protokolo berezi bat ezar dezan egoera horretan diren emakume eta adingabeentzat, haien beharrizan emozionalak betetzeko”.

 

Azkenik, Europako Parlamentuari eskatzen zaio “abian jar dezan 2001/55/EE Zuzentaraua, lekualdatutako pertsona ugari etorriz gero aldi baterako babesa emateko arauei eta Europar Batasuneko herrialdeen artean ekitatezko ahalegina sustatzeko neurriei buruzkoa”. Podemos-Ahal Duguren gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau, Izquierda-Ezkerra titularrak onetsi ostean. Navarra Sumaren abstentzioarekin eta gainerako taldeen aldeko botoekin onetsi da.

 

PSNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, onartu ez dena, eta ebazpenaren lehen hiru puntuak ordeztu nahi zituen, Europar Batasuna premiatuz “Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren bitartez, Afganistanen talibanek eragindako izutik ihesean atzean geratu diren milaka pertsona hartzeko korridore humanitarioa indartu dezan eta Afganistandik lekualdatutako pertsona ugari etorriz gero aldi baterako babesa emateari buruzko 2001/55/EE Zuzentaraua abian jar dezan”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak talibanek boterea hartu zutenetik Afganistanen bizi den egoera "dramatikoa" nabarmentzen du. Izan ere, 2008tik hona, 71.000 pertsona baino gehiago izan dira Europar Batasunetik Afganistanera deportatuak. Europar Batasunak Turkiarekin egindako akordioa, zeinaren ondorioz deportatu baitituzte afganiarrak, “berehala eten beharko litzatekeela” dio ebazpenak, “herrialde ez-seguru batera eta pertsona horientzako arriskutsura deportatzea ekiditeko”.
 

Testuinguru horretan, Kabuldik aberriratutakoen ebakuazioa amaituta, "alde egin ezin izan duen populazio zibilaren eskubideak eta babesa bermatu behar dira; bereziki, mehatxurik handiena pairatzen duten taldeena”. Horrez gain, iritsitako migratzaileen banaketa errazteko premia azpimarratzen da, eta horrek "Espainiako Udalen eta Probintzien Federazioaren harrera sarearen eta Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko koordinazioa" eskatzen du.