Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Azaroak 6

Europako funtsetan nahiz Espainiako Gobernuari proposatuko zaizkion proiektuetan Nafarroaren parte-hartzeari buruzko monografikoa

EH Bildu, Geroa Bai eta I-Ek egungo eredu sozioekonomikoa berbideratzeko deia egin dute, Navarra Sumak europazaletasuna aldarrikatu du eta Podemosek proaktibotasuna aipatu du

Adolfo Araizek (EH Bildu), talde proposatzailearen eledunak, eman dio hasiera Nafarroak Espainiako Gobernuari proposatutako proiektuen Europako finantzaketa aztergai izan duen osoko bilkurari. Irekitasuna eskatu die 124 ekimen horien inguruko eztabaida eta erabakitze prozesuko eragile politiko, sozial eta ekonomikoei.

 

3.419 milioitan baloratutako neurri multzoa da, eta horien bidez —Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez— eraldaketa ekologikoa eta digitala erraztu nahi dira, gizarte eta lurralde kohesio handiagoaren bila, hori guztia egungo krisiaren eraginei hurrengo hamarkadan zehar buelta emateko asmoarekin.

 

Adolfo Araizek foru gobernuaren arlo horretako jardunaren kritika gisa planteatu du bere hitzaldia. Izan ere, lehengo astean Next Generation proiektuen plana aurkeztu zuen gobernuak, argitaratu zen unera arte taldeei jakinarazi ez zitzaien dokumentu batekin; parte hartzeko ere ez zitzaien eskatu.

 

"Bestelako esparru bat eskatzen dugu, parte hartzeko bidea emanen duena", esan du Araizek, eta bere desadostasuna agertu du, halaber, uste duelako Gobernuak eskatu behar zuela ostiral honetako osoko bilkura EH Bilduk erreklamatzen duena azaltzeko; baina Gobernuaren dokumentuarekin ere kritiko azaldu da, "zehaztasun handiagoaren falta sumatzen dugulako".

 

Horregatik, gaurko osoko bilkuran xedea da "esparru bat ezartzea non ez duen foru gobernuak bakarrik erabakiko zein proiektu aurkeztuko dizkion Espainiako Gobernuari Europar Batasunean izapidetzeko, baizik eta proiektuok ahalik eta adostasun sozial handiena izanen duten".

 

Horren harira, "jokoan dagoena asko" dela esan du, ez bakarrik Nafarroak funtsak jasoko dituelako, baita "gure produkzio eta gizarte eredua diseinatu eta eraldatzeko" erabiliko direlako ere. Horregatik, "garrantzizko eztabaida dugu hau, eta ahalik eta eragile eta pertsona gehienek parte hartu behar dute".

 

Aldiz, Next Generation foru planean "eztabaida politikoaren falta nabarmena izan da, ez dugu ikusi gobernantza anitza, partekatua eta parte-hartzezkoa", azpimarratu du, nahiz eta Europako funtsak lortzeko baldintzek "adostasun zabala jaso duten proiektuak aurkeztera" behartzen duten.

 

Hori dela eta, Araizek esan du jakin nahi duela "zer irizpide erabili dituen gobernuak erabakitzeko horiexek izanen direla, eta ez beste batzuk, Nafarroak aurkeztuko dituen proiektuak. Eta beste batzuk baztertu egin badira, zergatik baztertu diren".

 

"Ezin dugu denborarik galdu, asko dugu jokoan erkidego eta gizarte gisa", esan du Araizek, eta akatsak antzeman ditu baita Nafarroako Gobernuak dokumentu horretan proposatutakoaren ildoetan ere. Esate baterako, "124 proiektuetatik bakarra da iraupen luzeko zainketei buruzkoa", eta planteatutako 3.419 milioietatik 53,7 milioi euroko zuzkidura du, nahiz eta "honek ereduaren benetako eraldaketa" izan behar lukeen.

 

Navarra Sumak europazaletasuna aldarrikatu du

 

Carlos Pérez-Nievasek (Navarra Suma) europazaletasunaren alde egin du bere hitzaldian, Nafarroako proiektuetarako Europako funtsei buruzko osoko bilkura monografikoan, baina ohartarazi du “erreformak exigituko” dituztela Europatik.

 

Pérez-Nievasen hitzetan “berriz ere EB etorri da Covid-19ak sortutako egoera latza konpontzera”, eta harekin alderatu ditu “batasuna arbuiatzen duten eta Europarengan sinesten ez duten alderdi horiek, orain Europari laguntza eske dabiltzanak”.

 

“Navarra Sumari beti interesatzen zaio Europa”, erantsi du, eta gogorarazi du honako hau dela “2008ko krisian gaitzetsitako Europa bera, elkartasunaren aldeko konpromiso bera duena”. Podemos, EH Bildu, I-E eta Geroa Bairi aurpegiratu die “orain EBri laguntza eskatu beharrean" daudela, "urteetan hura gutxietsi ondoren”.

 

“Europak egiturazko erreformak” eskatuko dituela ere ohartarazi du, eta hau gehitu du: “ezin izanen dira ordainketak axolagabeki egin, Europak bihar-etzi finantza-kontrola exigituko digulako”.

 

Pérez Nievasek kritikatu egin du, halaber, oraingo errezeta “dirua, dirua eta dirua” izan arren, Next Generation-en, 750.000 milioi euroko funtsaren, errealitatea dela “formalki onetsi gabeko tresna” izatea.

 

Gainera, Espainia “arinegi” ibiltzea deitoratu du, eta orain “hedapena” badugun arren ohartarazi du ez direla ahaztu behar defizit publikoaren kontrola eta zorraren kontrola, "ez delako zirkulatzeko dirurik egonen”.

 

Ildo beretik gogora ekarri du nola 2008an Europatik eskatzen ziren “kontrol finantzarioko neurriak, doikuntzak, defizita eta gastuaren kontrola, Konstituzioaren aldaketez gainera”. Neurri horiek, beraren iritziz, “arrakasta izan zuten”.

 

“Sistema suspertu egin zen eta bidea eman digu orain egoera hobean egoteko ezertxo ere egin ez bagenu baino”, baieztatu du.

 

Azkenik, Navarra Sumako eledunak Gobernuari adierazi dio Next Generation-en banderaren barruan planteatutako gauza guztiak “lehendik badiren politikak" direla, "hau ez zaio inori bururatzen", gehitu du.

 

Europako Batzordeko lehendakari Ursula von der Leyen “Europa digitalaz, aukera-berdintasunaz eta Europa indartsuago batez mintzatzen denean, hori hasieratik sinetsi behar den zerbait da”, gaineratu du.

 

Gainera, “ezin dugu orain azkartu lehendik eginda eduki behar genuena”, ohartarazi du, eta “dagoeneko hobeki” egon gintezkeela gehitu du.

 

Pérez Nievasek aitortu du “bizkor ibili” behar dela EBrekin lerrokatutako neurriak eta proiektuak martxan jartzen. Hala ere, “halako azeleratze azkarraren” ondorioez ohartarazi du eta esan du aintzat hartu behar dugula “geure errealitatea, ezin garelako orain izan herrialderik berdeena, ezta digitalena ere, industriaren errealitatera moldatu beharra dugulako”.

 

PSNk suspertzeko batasuna eskatu du

 

Ramón Alzórriz (PSN) Nafarroako suspertze proiektuak Europar Batasunaren eskakizunekin eta Espainiako nahiz Foru Komunitateko gobernuen programa-ildoekin "lerrokatzearen" alde aritu da, eta horretarako "batasun politiko, sozial eta ekonomikoa" eskatu du, beharrezkoa baita krisitik "elkarrekin irteteko".

 

Eledun sozialistak balioetsi egin du Covid pandemiak eragindako krisiaren aurrean Europar Batasunak emandako erantzuna. Ildo horretan alderatu egin ditu oraingo erantzuna eta EBk berak 2008ko krisian, bankuak lehenetsi eta pertsonak alboratu zituenean, eman zuen erantzuna". Orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyren jokabidea eta Pedro Sánchezena ere alderatu ditu.

 

Hala, Europak orain martxan jarri du suspertze eta erresilientzia plan bat, 1,1 bilioiko aurrekontuarekin 2021-2027 urteetarako, bai eta Next Generation Europe funtsak ere, 750.000 milioiko laguntzak emateko.

 

Eta hortxe aurkeztu ditu Nafarroak bere proiektuak laguntzak eskuratzeko. Proiektu horiek trantsizio ekologikoaren, digitalizazioaren, genero-berdintasunaren eta lurralde-kohesioaren helburuekin lerrokatuta daude, Europan helburu horiek sustatu nahi baitira suspertze-bide honetan.

 

"Krisi honek berriz eskaini digu Europar Batasunaren ikuspegi hurbilago eta enpatikoago bat: Europak ulertu du sare ekonomikoa indartzea, zerbitzu publikoei eustea, suspertze justua eta eraldatze ekologikoa orainaren zutabeak direla, etorkizuna izan dezagun", azaldu du sozialistak.

 

Azkenik, Alzórrizek hau baieztatu du: "Orain inoiz baino gehiago behar dugu batasun politiko, sozial eta ekonomikoa, elkarrekin aurrera egiteko eta etorkizuneko belaunaldiek guk izan ditugun aukera berak izan ditzaten, gutxienez ere".

 

Geroa Bai, eredu sozioekonomikoa berbideratzearen alde

 

Uxue Barkosek (Geroa Bai) apustu egin du Net Generation-eko Europako funtsekin eta urte anitzeko aurrekontuekin “eredu sozioekonomiko agortua” berbideratzearen alde.

 

Geroa Baiko eledunak adierazi du Europako funtsak ez dituela Covid-19aren ondoriozko krisi egoerak bakarrik definitzen, baizik eta “krisi honen aurretik ere eredu aldaketa" izan dela, "ekoizpen-eredua agortu baita”.

 

Barkosen esanetan, “benetako aukera dugu eredu sozioekonomiko berri bati ekiteko, eredu jasangarri bati. Funts horiekin ez da proposatu izurriteak hautsi duena berregitea, agortutako eredu ekonomikoa birmoldatzea baino”.

 

Gobernuko lehendakari ohiak gogora ekarri du nola ekonomiak “hiru hilabetean BPGan 9 puntuko beherakada" izan duen. “Egungo eredu ekonomikoak, akituta, ezin izan dio eutsi ezta krisiaren lehen erasoari ere”.

 

“Klimak politikaren luzakin bat izateari utzi dio, erdigunea eta helburua izateko”, erantsi du. Ildo beretik esan du asko eta asko direla "eredua agortu izanaren zantzuak eta klima aldaketaren beraren alarma deiak”.

 

Horregatik, bi ikuspegiak, suspertzearena eta ekoizpen-ereduarena, aurkeztu beharreko proiektuetan jasotzeko deia egin du.

 

EH Bilduko eledun Adolfo Araizi erantzunez, hark adierazi baitu proiektuak ez direla eztabaidatu, Barkosek esan du izan dugula aukera “aztertu ahal izateko, hainbat eztabaidatan eta proposatzeko ahalmenarekin, zein den ekarpena” Nafarroa Suspertu Plana bezalako proiektuetarako.

 

Navarra Sumaren eskaerari dagokionez, Barkosek Carlos Pérez-Nievasi gogorarazi dio “proiektu hauen baldintzak oraindik zehaztu gabe” daudela EBren baitan. “Baina horrek ez du esan nahi proiektuak aurkezteko bidea ez denik hasi behar oraintxe bertan. Berandu iritsiko gara geroko uzten badugu”.

 

Geroa Baiko eledunak eskatu du eredu berri horrek “parte hartzeko prozesu bat” izan dezala eta gazteak horretan sar daitezela, zeren “ez badugu lortzen gazteak eredu sozioekonomikoaren aldaketaren alde engaiatzerik, aldaketa hori ez baita izanen ez jasangarria ez egiazkoa”.

 

Gainera, Barkosek deia egin du toki entitateekin batera lan egiteko estrategia defendatzen, eta “lurralde osora hedatzeko moduan” egiteko. Lankidetza publiko-pribatuaren aldeko deia ere egin du, horrek “halako arbuio bat” eragiten duen arren.

 

Eskatu du, azkenik, funtsetan “profil propioarekin" parte hartzeko Nafarroatik, "indarguneetan bermatuta eta beharrei begira, inertziarik gabe”. Nahiz eta Nafarroa ez izan “estatu bat Europan, bada Europako Ogasun bat, ea behingoz horretan sinesten dugun”, esan du, azkenik.

 

Podemos-Ahal Duguk Nafarroaren proaktibotasuna balioetsi du

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) balioetsi egin ditu Europar Batasunak Covid izurritearen krisiaren ondotik suspertzeko eman duen erantzuna eta Nafarroako Gobernuak erakutsi duen "proaktibotasun izugarria", aurkeztu dituen proiektuak aurkeztuta "lana eginda baitugu" laguntzak emateko unea baino askoz lehenagotik.

 

Laguntza horiei lotutako prozesuaren zati handi bat oraindik ez dela ezagutzen aitortu arren, Mikel Builek azpimarratu egin du Next Generation ekimenaren garrantzia, Europak behar duen eraldaketa azkartzea baitu helburu nagusia.

 

Horri dagokionez, ez ironiarik gabe, PPri "doluminak" eman dizkio "planaren bidez lortu nahi denaren zati handi baten aurka bozkatu duelako. "Austeritate politiken" alde eginez, "PPk eta Navarra Sumak galdu egiten dute".

 

Gainera, "Nafarroako ekoizpen-ereduaren ondorioz pertsona guztiek ez dauzkate aukera berak” ohartarazi du Podemos-Ahal Dugu taldearen eledunak, eta horregatik beraren ustez "Europaren finantzabide horiek egitura-akats horiek zuzentzeko aukera emanen dute", bai eta “genero-arraila murrizteko eta gazteen enplegua bultzatzeko” ere.

 

Horren ildotik, Builek esan duenez, "funts horiek heltzen direnerako pentsatzekoa da lan-arautegia ez dela izanen PPk ezarritakoa".

 

Nolanahi ere, Europaren planari dagokionez, Podemos-Ahal Dugu taldearen eledunak ardatz "digitala, berdea eta morea” azpimarratu ditu, eta adierazi du pozik daudela ikusirik "gizarte-kohesioa" lantzen duela, zeren eta haien ustez “horixe baita zeharkako elementua”.

 

Hala ere, Builek ohartarazi du gizarte-kohesiorako funtsen zenbatekoa baino garrantzitsuagoa dela "nola banatzen den, hor datza erronkaren zati handi bat", azpimarratu du, eta ohartarazi du ezen, nolanahi ere, egungo ekoizpen-ereduaren jabeek ez dutela izan behar ekoizpen-eredua aldatzeari ekiten diotenak.

 

I-Ek dirua eskatzen du urtarriletik

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) Europar Batasunari eskatu dio Next Generation programako suspertzerako funtsak “2021eko urtarriletik ordaintzen hasteko, sei hilabete, udara arte, itxaron gabe”, proiektua gauzatu ahal izateko.

 

I-E taldearen eledunak eskatu du “Europa, Espainia eta Nafarroa beste era batekoak izatea”, zeren “eredu ekonomikoa, gizartea, ekoizpen eredua eta industria eredua guztiz bestelakoak izan behar baitira”. Beste eredu batzuk behar dira, oinarrian dauzkatenak “elkartasuna eta osasunari lehentasuna ematea mozkin guztien gainetik”.

 

De Simónek eskatu du “babestu daitezela langileak eta justizia soziala”, eta inbertsioak egin daitezela “gizarte-ongizatearen onerako, erantzun ekonomikoa emanez jendeari zein planetari”.

 

Horregatik, “beharrezkoa da finantza-merkatuak arautzea, aurreko krisietara eraman gintuzten espekulazioak eragozteko”; gainera, eskatu du egin daitezela ereduak oinarritzat hartuta “demokraziaren eta oinarrizko eskubideen defentsa”.

 

Halaber, esan duenez, “ez dugu behar gastu publikoa murrizten duten politika fiskalak ezartzen dituen Europar Batasuna”, baizik eta “Europa solidarioa eta lurraldeen arteko lankidetza”.

 

De Simónek esan duenaren arabera, funts horiek “aukera ematen dute krisi honen irtenbidea 2008ko krisian aplikatu zenaz bestelakoa izateko, aurrekontua ez baita izanen estatuen ekarpenen araberakoa”; aitzitik, beste finantzabide batzuk aztertuko dira, esaterako “enpresa handien gaineko zergak, transakzioen gaineko zerga eta karbono-emisioen gaineko zerga”.

 

Ondoren I-Eko parlamentariak esan duenez, “trantsizio ekonomikoaren eta digitalizazioaren alde egitea ongi dago”, baina Estatuak horiez gainera “industria sendotzearen eta desindustrializazioari buelta ematearen alde ere egin behar luke, zeren eta krisi honetan agerian gelditu baita zein ahula den ekoizpen-sistema”.

 

Azkenik, garapen jasangarrirako estrategien alde egin du; izan ere, “pandemia eta beraren ondorioak zuzenean lotuta daude ingurumenaren predazioan oinarritutako ereduarekin”.

 

Gizartearen eta garapenerako beste eredu bat Nafarroako Gobernurako

 

Foru Gobernuko lehendakari María Chivitek esan duenez, krisialditik irteteko Europatik heltzen diren funtsek "aukera ona" emango dute Nafarroaren etorkizuna argitzeko; nolanahi ere, laguntza horiek "ez dira zeruko mana izango, baizik eta pizgarriak gizartea eta garapena beste eredu baten arabera taxutzeko".

 

Chivite izan da azken hizlaria Nafarroako Gobernuak Madrilgoari Batasuneko funtsak jasotzeko proposatutako aurrekontuen proiektuei buruzko lehen ekinaldian; "itxaropena eta aukera” izan dira hitzaldiko mezu nagusiak. “Badago irtenbidea, suspertuko gara, eta itxaropena dugu", esan du; gainera, "irtenbideak modernitatea eta biziberritzea ekarriko ditu".

 

Gero azaldu du nola dagoen kokatuta Foru Komunitatea funts horiek eskuratzeko, eta esan du baikor dagoela, zeren bai Nafarroa Suspertu programan bai 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan ezarritako ikuspegia "asmo handikoa, baina errealista” baita, Europar Batasunaren ardatzekin bat datoz eta.

 

Chivitek eskerrak eman dizkie Parlamentuko talde guztiei "egin dituzten gogoetengatik", eta hitz-erdika kritika batzuei erantzun die, esaterako alderdiek proiektuen hautapenean eskurik ez edukitzea dela eta EH Bilduk egindakoei. Horren inguruan, oroitarazi du Parlamentuan proposatu zutela batzordea sortzea Nafarroa Suspertu planaren jarraipenerako, eta ezezkoa eman zietela.

 

Nolanahi ere, "Gobernuak ontzat hartu ditu beti alderdiek parte hartzea eta ekarpenak egitea, asmo onarekin eginez gero", esan du amaitzeko.

 

Ostiral honetan osoko bilkura egiteko arrazoia dela eta, Nafarroaren suspertzea bi ardatzetan, “ontzi komunikatuak", oinarritzearen alde egin du: Nafarroa Suspertu plana eta Next Generation plana. Bi plan horien helburua Nafarroa Covid-ak osasunean, ekonomian eta gizartean eragin duen krisitik ateratzea da. Izan ere, krisiaren magnitudea eta amaiera ezezagunak dira oraindik, eta horregatik "ausardia handiagoarekin" egin behar zaio aurre.

 

"Lan asko egin behar dugu egungo egoera eraldatzeko" eta horretarako Nafarroako Gobernuak 125 proiektu aurkeztu ditu, guztira 3.400 milioi eurotik gorako inbertsioak ekarriko dituztenak eta "Nafarroa nolakoa nahi dugun zehazten dutenak”. Proiektuok prest daude "Europak leihatila zabaltzen duenean" finantzabideak eskatzeko.

 

María Chivitek onartu du funtsak Espainiako Gobernuak bideratuko dituela, baina erdiak "autonomia erkidegoek erabili eta koordinatuko dituzte"; nolanahi ere, "planaren alderdi aktiboak dira" toki administrazioak, enpresak eta entitate pribatuak ere, eta horregatik "erakundeen arteko lankidetza eta publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza hobetu behar ditugu".

 

Gobernuko lehendakariak gogora ekarri du plan honek hiru ardatz dauzkala: berrikuntzarako estrategia, gizarte-kohesioa eta plan berdea. Esan du apustua "handia” dela, izan ere "kinka larrian gaude, bai egungo egoera kontuan edukita, bai etorkizunari begira, orain hartzen ditugun erabakiek markatuko baitute nolakoak izango diren hurrengo belaunaldietakoen bizimodua eta bizi-kalitatea".

 

Hori dela eta, "Nafarroa, Espainia eta Europar Batasuna bat datoz" politika horien izpirituan eta hori "lagungarria da eredu berrirako trantsizioan", esan du.

 

Lasaituta, Chivitek esan du "oraingoan erronkari aurre egiteko modua 2008an erabili zenaren kontrakoa” izango dela, eta horrek erakusten duela “konbentziturik gaudenokin” bat egin dutela aurrekoaren ondoriozko “prekarietatetik, desberdintasunetatik, zerbitzu publiko urrituetatik eta ongizate narriatutik” zerbait ikasi dutenek.

 

Orain "herritarrek nahi dute erantzuna bizi garen aldiko egoeraren neurrikoa izatea". Gainera, lehendakariaren esanetan, Nafarroako ikuspegia "asmo handikoa da, baina errealista ere bai, Europako ardatzekin bat dator eta".

 

Ildo beretik egin du Nafarroako aurrekontuen aurreproiektuaren edukia, esan baitu ez direla ezarri Batasunetik hel litezkeen funtsak; honela azaldu du arrazoia: "egoeraren argazki errealista egin dugu", baina "kontuak aurrerapenerako dira, eta asmo handikoak, eta laguntza horiek etorriz gero, indartu eginen dira".