Euskal Herriko Txistulari Elkarteak ‘1521’ kontzertua eskaini du Parlamentuan, 2021eko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien barruan
Unai Hualdek proiektu honen balio historikoa azpimarratu du, “1521ean Nafarroa bizi eta defendatu zutenei omenaldia eta esker ona eskaintzen baitie”
Ekitaldi Instituzional baten bidez, Nafarroako Parlamentuak jarraipena eman dio gaur arratsaldean 2021eko Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako programari. 1985etik abenduaren 3an ospatzen da honako eguna, eta orain (1995etik) Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egiten du.
Unai Hualde Lehendakariaren agurrarekin hasi da ekitaldia, eta ondoren Euskal Herriko Txistulari Elkarteak kontzertua eskaini du. Ganberaren egoitzako atalondoan ehun bat lagun bildu dira, hautetsien eta gizarte zibileko hainbat erakunde, elkarte eta kolektibotako ordezkarien artean.
Nafarroako ereserkia interpretatu ondoren, Unai Hualdek bertaratutakoei zuzendu dien hitzaldian, “balio historiko handia duen” kontzertuaren esanahia azpimarratu du, 1521ean Nafarroa bizi eta defendatu zutenei omenaldia eta aitortza egiten dielako. “Garrantzitsua da zer izan ginen jakitea eta hau duela 500 urte gertatu zena ezagutzeko beste modu bat da. Musikaren bidez egiten dugu, eta, zehazki, txistuaren bidez, protagonismoa gure jai eta ospakizunetan izan ohi badu ere, maila jasoagoko kontzertu batean ere ederki asko molda daiteke, beste musika-tresna eta ahots batzuekin batera agertokian”.
Horrela, “Komunitateko hainbat herri zeharkatu ondoren atalondoan zirkulua ixten duen musika-proiektuaren” jatorria azaldu ondoren, Lehendakariak lotu egin ditu “1521 proiektuaren errepertorioak transmititzen duen Nafarroako historiaren berreskurapena eta aitortza, gure foruen defentsarekin eta autogobernuarekin, zeina egunero gauzatzen baita Lorafnaren babesean. Zentzu horretan, hitzemandako transferentziak atzeratzea eta Konstituzio Auzitegiak Foru Berriaren aurka emandako ebazpena albiste txarrak dira. Autogobernuaren termometroa hobetu arte, goza dezagun kontzertu honetaz”.
Txistuari eta gainerako orkestrari bide eman aurretik, Unai Hualdek Legebiltzarraren esker ona helarazi die Patxi Rodríguez elkartearen zuzendariari, Arkaitz Ibarra diru-zainari eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko gainerako taldekideei, “Nafarroako historian barrena egindako ibilbide musikal polit honekin gozarazteagatik. Eskerrik asko kontzertu honengatik eta bertaratzen zareten guztioi, goza ezazue”.
Ondoren, lehendakariak Foruen Monumentuaren erreplika bat eman dio Aitor Urkizari, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko zuzendariari, eta bueltan, lehendakariari txistu eta danbolin baten erreplika bat oparitu diote Unai Hualderi.
Jarraian, 100 lagun ingururen aurrean eskaini du kontzertua Euskal Herriko Txistulari Elkarteak. Aitor Urkizaren zuzendaritzapean, honako errepertorioa interpretatu dute musikariek: Iñigo Casaliren Noaingo Bataila; Iñigo Casaliren eta Koldo Azkonaren Navarra en Pau; Iñigo Casaliren eta Koldo Azkonaren Ahuntza; Anne Perez de Azpeitia Hamiltonen Aires sefardíes; Jokin Zabalzaren Dantzen suite; Joaquín Lecumberriren Kakuetako oihartzunak, Aunitz urtez, Arizkungo Sagar-Dantza eta Bi Mutil-Dantza; eta Eneko Azparrenen Jaun Baruak.
1927an Arraten (Eibar) sortua, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen helburua, euskal kulturaren osagai garrantzitsu den txistua zaindu eta garatzea da: txistuak herri kultura eta tradizioan duen egitekoa bultzatzea eta, aldi berean, musika tresna honen aukera musikal eta sozialak ahal den gehiena landu eta aberastea. Horretarako ekimen desberdinak proposatu, koordinatu eta aurrera eramatea du asmo.
Omenaldia funtzionario erretiratuei
Nafarroako Parlamentuak omenaldia eginen die funtzionario erretiratuei, 18:00etan, erakunde aretoan.
19:30ean, Nafarroako Musika Banden Federazioak kontzertua eskainiko du atarian, eta Vanessa Gardek Noaingo Guduaren V. Mendeurrena dela-eta egindako musika lana aurkeztuko da.
Nafarroaren Egunean, abenduaren 3an, Nafarroako armarria ageri den oihala jarriko da Parlamentuaren egoitzako fatxadan, eta gauean fatxada hori gorriz argiztatuko da.