Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Maiatzak 19

Eusko Ikaskuntzari harrera egin dio Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak

'Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan' txostena aurkeztu du Ganberan, "Foru Komunitatean bizikidetza garatzeko funtsezkoa den lana”

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariari eta Mikel Aranburu Zudaire Nafarroako lehendakariordeari harrera egin die gaur goizean.

 

Bilkuran zehar, Urkizak eta Aranburuk Eusko Ikaskuntzak gizarte-eredu hobea lortze bidean egiten duen lana azaldu diote lehendakariari. “Iragana ulertuz, lurraldeen berezitasunak kontuan hartuz eta gizartearen erronkak eta beharrak administrazio publikoei helaraziz” eusten diote helburuari.

 

Urkizak azpimarratu duenez, eztabaida soziala, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundea sustatzeko ahaleginean, garrantzitsua da hausnarketa-espazioak bultzatzea, desberdinen artean adostutako proiektu komun eta jasangarri bat sendotu ahal izateko.

 

Azkenik, Urkizak eskerrak eman dizkio Parlamentuko lehendakariari, eta gaur Legebiltzarrean aurkeztutako proiektuaren garrantzia azaldu dio, "Nafarroaren bizikidetza garatzeko funtsezko lana" dela iritzita.

 

Jarraian, Ana Urkizak eta Mikel Aranburuk Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza txostena aurkeztu dute Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean. Lan-bilkuran Julen Zabalo eta Amaia Nausia Pimoulier zuzendari zientifikoak eta proiektuaren arduradunak parte hartu dute, hurrenez hurren.

 

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Foru Aldundiek 1918an sortua, Eusko Ikaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian ofizialki hedatuta dagoen diziplinarteko zientzia-erakunde bakarra da.

 

Gaur egun, erakunde fundatzaile guztiek parte hartzen dute Kontseilu Errektorean, haiek ordezkatzen dituen pertsona baten bidez. Nafarroaren kasuan, Mikel Arregi Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzailea da, Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa.