Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 18

Ez da aintzat hartu Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legea aldatzeko proposamena

Nafarroako Hondakinen Funtsaren banaketan prebentzioa, berrerabilera eta birziklatzea lortu nahian aplikatzen diren irizpideak argitu nahi zituen EH Bilduk

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur, Navarra Suma, PSN eta Geroa Bairen aurkako botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta EH Bilduk eta I-Ek emandako aldeko botoarekin, ez dute aintzat hartu Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea aldatzeko foru lege proposamena.

 

EH Bilduk aldezturiko lege proposamenaren xedea zen prebentzioa, berrerabilera eta birziklatzea sustatzeko asmoz Nafarroako Hondakinen Funtsa banatzean erabilitako irizpideak argitzea. Funts hori emaitzarik onenak lortzen dituzten eragileen eta entitateen artean banatzen du urtero departamentu eskudunak, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari kontsulta egin ondoren.

 

Horri buruz, gogorarazten zen ezen norgehiagokaren prozedura kontraesanean dagoela Legeak ezartzen duen banaketa-ereduarekin, zeina betiere pentsatuta baitago "gaikako bilketan –batez ere, frakzio organikoarenean– edo balorizazio globalean adierazlerik onenak lortzen dituzten toki entitateak saritzeko".

 

Eta, azpimarratu ondoren arauaren asmoa ez dela "toki entitate guztiak berdintasunez tratatzea", baizik eta "hondakinek gizakiaren osasunean eta ingurumenean duten eragin kaltegarria arintzearekin egiazki konprometituta daudenak lehenestea", Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluari heltzen zitzaion, non jasota agertzen baita dirulaguntzak zuzenean emateko aukera, Nafarroako Hondakinen Funtsa kudeatu, antolatu eta banatzeko irizpideei dagokien erregelamenduzko garapenean xedatzen den bezala.

 

Eta horregatik, ziurtatzearren Nafarroako Hondakinen Funtsetiko kopuruak zuzen-zuzenean jasoko dituztela toki entitateek, norgehiagokaren aukera bazterturik, asmotan hartzen zen 14/2018 Foru Legearen 43. artikulua aldatzea, halako moldez non pizgarriak emanen zaizkien honakoetarako ekintzei: prebentzioa, ikerketa, sentsibilizazioa, berrerabilera, balorizazioa, eremu andeatuen leheneratzea edo ekonomia zirkularrari bultzada ematea.

 

Horiek horrela, toki entitateak Hondakinen Funtsaren banaketatik at utziko ziren, baldin eta frakzio organikoaren bilketa abiarazita ez badaukate gutxienez ere beren populazioaren %50 hartzen duen lurraldean. Eta, gainera, baldintzak dira beren hondakin desegokien portzentajeak, pisuan, ez gainditzea % 16, lehen urtean; % 13, bigarrenean; % 11, laugarrenetik seigarrenera bitarteko urteetan; eta % 10, zazpigarrenetik aurrera.

 

Aurreko hori, frakzio organikoari dagokionez. Zeren eta, balorizazio-emaitza globalei loturikoa den Hondakinen Funtsaren parteari dagokionez, toki entitate onuradunek ez baitute zilegi izanen gai horretan eskudun den departamentuak urtero zehazten dituen portzentajeetatik behera desbideratzea. Nolanahi ere, 2027tik aurrera onartu eginen da 10 portzentaje-puntu baino gehiagokoa ez den desbideraketa.

Halaber adierazten zen Funtsa banatzean kontuan hartuko zirela, halaber, banaketaren aurreko ekitaldian toki entitateek hondakin-sorrera prebenitzeko asmoz abiarazitako prebentzio-ekintzak.

¡