Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Martxoak 4

Ez da aintzat hartu Nafarroako Estatistikari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena

Navarra Sumaren asmoa zen herritarren informazio-beharrizanak asetzea, Nastatek eginiko inkesten eta estatistiken mikrodatuak, behar bezala babestuak, eskuratzeko eskubidea esplizitatuz.

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur ez du aintzat hartu Nafarroako Estatistikari buruzko foru lege proposamena. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontrako botoa eman dute, eta Navarra Sumak, berriz, aldekoa.

 

Navarra Suma taldeak sustatutako lege proposamenak xede zuen “publiko”tzat har zitezen Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak edo Nastatekin hitzartutako edozein erakunde publikok edo diruz lagundutako erakunde pribatuk egindako estatistika-jarduera ororen emaitzak, lan horiek Nafarroako Estatistika Planean sartuta egon edo ez egon.

 

Gainera, Nafarroako Estatistika Institutuari agintzen zion mikrodatuak, behar bezala anonimizatu ondoren, bai eta emaitza estatistikoak ere, edozein dela ere horien desagregazio-maila teknikoki zuzena, “utzi beharra” interesa duen pertsona orori, horretarako muga bakarra izaki “sekretu estatistikoaren aurkakoa” ez izatea.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E estatistika ofizialen publizitateari buruzko bederatzigarren artikulua bere horretan uztearen aldeko agertu dira, Nafarroako Estatistikari buruzko 11/1997 Legea hein batean aldatu zuen 14/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

 

Gauzak horrela, ”Estatistika ofizialen emaitzak argitaratu eginen dira eta inpartzialki eta hedatuki jakinaraziko; betiere, datu agregatuak emanez eta datu indibidualak aipatu gabe, sekretu estatistikoa dela-eta araututakoari jarraikiz".

 

Zioen azalpenean, talde proposatzaileak agerian uzten zuen “herritarren sarbide-eskubidea esplizitatu” beharra dagoela, “legegilearen borondatea eragingarri” egite aldera “informazio-beharrizanak asetzeari” begira, haren ustez orain ez baita halakorik gertatzen, “taula, argitalpen eta txosten eran emandako datuen hedapen estandarra ezin delako mikrodatuetatik abiatutako ustiapen eta analisiarekin parekatu”.