Ez da onartu Pandemian zehar maskarak eta osasun-materiala erosteari eta banatzeari buruzko ikerketa-batzorde bat eratzea
UPNk proposatu zuen "Koldo" auzia deritzonak Nafarroako administrazio publikoetan ustez izandako inpaktua fiskalizatzea eta Iruñeko Udalari dohaintzan emandako maskaren auzia argitzea
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak baztertu egin du, gaur, pandemian zehar maskarak eta osasun-materiala erosteari eta banatzeari buruzko ikerketa-batzorde bat eratzeko proposamena. PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin aurka azaldu dira, EH Bildu abstenitu egin da eta UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, aldeko botoa eman dute.
UPN talde parlamentarioak aurkeztutako ekimenaren zioen azalpenean esaten denez, "Koldo deritzon auziaren berri izan dugu; auzi horretan, zuzenean nahasturik ageri dira gutxienez ere PSNko kide eta zinegotzi ohi bat eta PSNren zuzendaritza-batzordeko kide bat"; hori dela-eta, beharrezkoa da argitzea ea ikertutakoekin zerikusia duen enpresaren batek "merkataritza-harremanik izan ote duen edo izan nahi ote duen Nafarroako Gobernuarekin, enpresa publikoekin, udalekin edo Gobernu Ordezkaritzarekin".
Bestalde, dohaintzan emandako maskarak ere aipatzen dira, ordurako nahitaezkoak ez zirenean (2022ko apirila), Gobernu Ordezkaritzak dohaintzan eman baitzizkion Iruñeko Udalari, eta, hortaz, "beharrezkoa da zalantzak argitzea eta, kasua bada, izan litezkeen erantzukizunak argitzea".
Aurreko legegintzaldiaren amaieran baztertu egin zenez gero –zorte bera izan zuen, beraz– asmo bera zeukan ikerketa batzorde bat eratzeko proposamena, UPNk dio "sasi-itxiera" eman zitzaiola orduan zenbait hitzarmen eta kontraturekin gertatutakoari, eta horregatik eskatzen du berriz ere "erabateko gardentasuna" maskarak eta osasun-materiala erosteko operazio publiko guztietan.