Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 4

Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

“Espezifikotasuna” eman nahi zaio kolektibo horren estaldura sozial, juridiko eta ekonomikoari, adingabeen, mendekotasuna dutenen eta emakumeen babes integralean aurrera egiteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du aho batez.

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak bultzatutako foru lege proposamenaren xedea da familia gurasobakarren aitorpena sustatzea, baita gurasobakarra izate hori behin-behineko egoeren ondorioz gertatzen denean ere, ezinbestekoak dituzten zerbitzu publikoak eskura izanen dituztela bermatzeko, ahuldade edo gizarte bazterketarako arrisku nabarmeneko egoera izaten baitute (familia horiek 18 urtetik beherako adingabeak dituzten etxeen % 12 dira).

 

Berariazko onurak eta abantailak sustatzeaz gain, familia ugariaren titulua duten familiek dauzkaten laguntza berak ere aurreikusten ditu arauak, azken urteetan nabarmen hazi den familia gurasobakarren kolektiboarentzat.

 

Oro har, familia gurasobakarraren tituluaren indarraldia seme edo alaba batek 21 betetzen dituen egunak determinatuko du. Arloan eskumena duen departamentuak emanen du titulu hori. Indarraldi bereziak ere ezartzen dira, ikasketengatik (bi urte), harrerarengatik edo genero indarkeriarengatik (bost urte), zeinetan tituluaren indarraldia tasatutako tarte baten barnean aldatuko baita.

 

Zioen azalpenean, adingabeen, mendekotasuna dutenen eta emakumeen babesean aurrera egin behar dela adierazten da, hartara, “mota guztietako familiei arreta emanez, garapen pertsonala eta gizarte kohesioa” sortzen laguntzeko. Ildo horretan, beste autonomia erkidego batzuetan, bereziki Valentzian eta Katalunian, egin diren aurrerapenak aipatzen dira, eta familia gurasobakarren estaldura sozial, juridiko eta ekonomikoari “espezifikotasuna” ematearen garrantzia azpimarratzen da.

 

Aintzat hartu ondoren, Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamena irizpenpean jarriko da Batzordean, eta gero berriz eramanen da Osoko Bilkurara behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjunto12-10-4-18.JPG