Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Apirilak 23

Foru Araubideko Batzordeak koronabirusaren krisiaren gobernu-kudeaketa ebaluatuko du berriz ere ostiral honetan

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ohiz kanpoko euste-neurriak mantentzeari edo aldatzeari buruzko erabakia hartu beharko dute bihar, baita irekiera posible bati edo lan parlamentarioak areagotzeari buruzkoa ere

Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, María Chivitek, agerraldia eginen du ostiral honetan Parlamentuan, Unai Hualde buru izanen duen For Araubideko Batzordean (09:15), koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiaren kudeaketari eta hartutako neurriei buruzko azalpenak emateko.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak pasa den asteartean, apirilaren 21ean, burututako bilkuran batzordearen saiorako gai-zerrenda dela-eta Navarra Sumak, Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek adierazitako agerraldi-zioak eta informazio eta dokumentazio eskariak zehaztu zituen. Onetsitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Lehendakariak osasun krisiaren kudeaketari eta hartutako neurriei buruzko azalpenak ematen jarraitu beharko du, honako arlo hauen inguruan: osasuna, ekonomia, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, berrikuntza, kirola, kultura, lurralde kohesioa, berdintasuna, toki entitateak, ingurumena eta landa garapena, besteak beste. María Chivitek organo honen aurrean eginen duen hirugarren agerraldia izanen da ostiral honetakoa, aldi honetarako kontrol, informazio eta komunikazio idatzirako ez-ohiko tresna gisa sortutakoa.

 

Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria eta Rebeca Esnaola, Kultura eta Kiroleko kontseilaria egonen dira Chiviterekin batera Foru Araubideko Batzordean, eta honako formatua izanen du: Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzaldia, denbora mugarik gabe. Eledunen txanda, 10 minutuz, ordezkaritza handiena duenetik txikienera. Lehendakariak 10 minutuz eledunei erantzuteko aukera izanen du eta ondoren eledunek 5 minutuko ihardespen txanda izanen dute. Amaitzeko, lehendakariak 5 minutu izanen ditu saioa ixteko.

 

Mahaiak martxoaren 27an erabaki zuen Foru Araubideko Batzordeak bilkura bat eginen duela astero, Nafarroako Gobernuaren eta talde parlamentarioetako eledunen arteko hartu-emanari eusteko Gobernua kontrolatzeko eginkizunaren esparruan. Kasu honetan koronabirusak eragindako krisi sanitarioari buruzko gaietara mugatuko da gai-ordena. Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n koronabirusa nazioarteko pandemia gisa katalogatu zuenez geroztik egin diren gainontzeko bilkurak bezala, bilkura horiek Osoko Bilkuren aretoan eginen dira (streaming bidez).

 

Foru Araubideko Batzordea amaitzean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute (12:00ak aldera, Osoko Bilkuren aretoan). Bilkura horretan Mahaiak Covid-19aren ondoriozko osasun krisiarekin lotutako ohiz kanpoko euste-neurriak mantentzeari edo aldatzeari buruzko erabakia hartu beharko du (martxoaren 16an onetsitakoak, eta apirilaren 13ra eta 26ra arte luzatu direnak), baita irekiera posible bati edo lan parlamentarioak areagotzeari buruzkoa ere. Egutegi aurreikuspen horrek Kontrolerako Osoko Bilkurak aurreikusten ditu.

 

Apirilaren 21ean agindutako txosten teknikoetan oinarrituko du bere erabakia Mahaiak. Lehena, Nafarroako Parlamentuko informatika teknikariei eskatutakoa, kontrolerako batzorde informatiboak telematikoki eta segurtasun-bermeekin ospatzeko aukerari buruz. Bigarrena, berriz, Foru Legebiltzarreko Segurtasun eta Osasun Batzordeari eskatutakoa, egunero presentziazko saio bat edo bi burutzeko aukerari buruz. Txostena martxoaren 12an Mahaiak onetsitako Covid-19 koronabirusaren aurkako kontingentzia-planaren baitan sortutako Koordinazio taldeari igorriko zaio.

 

Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Gainera, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ostiral honetan ez dute I-Ek aurkeztu duen proposamena aztertuko, Batzorde Berezi bat eratzekoa, krisi sanitarioak eragindako kalteei aurre egiteko berreraikitze sozial eta ekonomikorako formulak bilatzera zuzendutakoa. Izan ere, ekimena atzera bota du.