Foru Gobernua premiatzen da Castejongo, Altsasuko eta Tafallako tren geltokietako txartel-salmentako zerbitzu presentziala eta bezeroari arreta laster berrezartzearen alde egin dezan Estatuko Gobernuaren aitzinean
Renfek duela urte eta erdi hartutako konpromisoa gogorarazten da, eta adierazten da pandemia ezin dela aitzakia izan garraio publiko, sozial eta jasangarri hau ez sustatzeko
Lurralde Kohesiorako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Castejongo, Altsasuko eta Tafallako tren geltokietako txartel-salmentako zerbitzu presentziala (txarteldegia) eta bezeroari arreta ematekoa laster berrezartzearen alde egin dezan Estatuko Gobernuaren aitzinean”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “bidezko prozedurak balia ditzan Renfe enpresarekin, Castejongo tren-geltokiko txartel-salmentako zerbitzu presentziala (txarteldegia) eta bezeroari arreta ematekoa ahalik lasterren berrezartze aldera”.
Jatorrizko ekimenak Castejon bakarrik aipatzen zuen eta aho batez onartu da.
Altsasuko eta Tafallako tren geltokien aipamena Geroa Baik aurkeztutako eta ekimenaren titularra den I-Ek onartutako gehitze zuzenketa bati dagokio. Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioekin onetsi da. UPNren kasuan, abstentzioa bigarren atalera mugatzen da. Lehen punturaren alde egin du.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak oroitarazten duenez, Renfek duela urte eta erdi Castegongo tren-geltokiko txarteldegi zerbitzu presentziala eta bezeroari arreta ematekoa berrezartzeko konpromisoa hartu zuen, baina 2019an iragarritako lizitazioa esleitu gabe gelditu zenez zerbitzuak ez dira berreskuratu, eta horrez gain, “azken urteko erabiltzaileen jaitsiera koiunturakoa izan da, pandemiaren ondorioz mugikortasunean izan diren murrizketek sortua”.
Trenbidea lurraldea egituratzeko elementua eta eskualdeak eta herriak lotu dituen “garraio publiko, sozial eta jasangarria” dela azpimarratu ostean, ohartarazten da egoera epidemiologikoa ezin dela “aitzakia izan Castejongo tren geltokiko zerbitzuen berreskurapena geroratzeko”, izan ere, salmenta informatikoa "disuasio-elementua" da "Erriberatik etorritako bidaiari kopuru handiarentzat".
Virginia Magdaleno (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier García, Marta Álvarez, María Jesús Valdemoros, Maribel García Malo, Elena Llorente, Yolanda Ibáñez (G.P. Navarra Suma), Ainhoa Unzu (G.P. PSN), Mikel Asiain, Isabel Aranburu (G.P. Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (G.P. EH Bildu) y Marisa de Simón (G-Mixto Izquierda-Ezkerrra).
* Podemos Ahal Duguk batzordean ez du parte hartu.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (55. NPAO, 2021-04-30ekoa)