Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 24

Foru Gobernuak onartzen du ez dagoela gustura Nafarroako pobrezia-datuekin, baina oposizioaren errelato “katastrofistatik” aldentzen da

Hala erantzun dio UPNk aurkeztutako interpelazio bati, zeinean egoera kezkagarritzat jotzen baita, eta bai errenta bermatuak bai etxebizitza politikak porrot egin dutela ziurtatzen baita

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztu andreak aitortu du Gobernua “ez dagoela pozik” Nafarroako pobrezia-datuekin, baina adierazi du egoera gainerako erkidegoetakoa baino hobea dela, eta UPNren errelato “katastrofista” arbuiatu du.

 

Hala egin du kontroleko osoko bilkuran, UPNk aurkeztutako interpelazio bati emandako erantzunean. Maeztu andreak atzo ezagutzera emandako datuei buruz ohartarazi du; horien arabera, Nafarroa bizi kalitate onena duen erkidegoa da berriro ere, eta hala izan da 15 urtez jarraian.

 

UPNk “egoera katastrofista azaltzen du, baina datuak beren testuinguruarekin lotuta ikusi behar dira, eta ingurukoekin alderatu”, esan du, eta aldeztu du Nafarroa batezbesteko nazionalaren parametro askotako tasen buru dela, pobrezia “egonkortu” egin dela, tasa ez baita aldatu 2019-22 alditik, eta Nafarroa dela pobrezia-tasa txikiena duen bigarren erkidegoa.

 

Horrekin lotuta, gogora ekarri du UPNren azken agintaldian AROPE tasa 5 puntu igo zela Nafarroan (% 8,8tik % 13,9ra), eta, aldiz, 2020az geroztik 3 puntu hazi dela. Horren haritik, hau esan du: “egia da txostenak igoera bat izan dela adierazten duela, baina ezin dugu onartu egiten duzuen eta gizarte nafarrari helarazten diozuen errelato katastrofista, komeni zaizkizuen datuak soilik interpretatzen baitituzue”.

 

“Ez naiz horretan eroriko, Nafarroako pobreziak ez du halakorik merezi”, esan du Maeztuk. Hala, aitortu arren Gobernua “ez dagoela pozik” datu horiekin, Gobernuak egoera okerrenean daudenei laguntzeko abian jarritako neurriak aldeztu ditu, “gu ez baikara autokonplazienteak”.

 

Raquel Garbayo andreak (UPN TP) azken txosten nazionaletako datu "kezkagarriak" deitoratu ditu; izan ere, horien arabera Nafarroa da “Espainia osoan portaera okerrena izan duen erkidegoa, alde handiz”, Espainiako pobreziaren egoerari buruzko AROPE tasa kezkagarri batekin, Foru Komunitateak “historiako aurrekontu handiena” badu ere.

 

Nafarroan 117.000 dira pobreziako eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak, eta, “datu objektibo” horien arabera, pertsona horietatik 52.000 pobrezia-arrisku larrian daude. Datu horiek guztiak aurreko txostenekoak baino okerragoak dira, eta, horrenbestez, “ez dira paparra ateratzeko modukoak”, ohartarazi dio Foru Gobernuari.

 

Hori dela eta, iragarri du UPNk pobreziari buruzko osoko bilkura monografiko bat eskatuko duela, ekarpenak egin ahal izateko. Izan ere, bistan da errenta bermatuak “porrot egin" duela, etxebizitza politikak “huts egin du legegintzaldi honetan”, eta, horiek adibide hartuta, Gobernuari eskatu dio “hori guztia onartu” eta konponbiderako lehen pausoa eman dezala.

 

Errealitatea da “zenbat eta aurrekontu handiagoa, pobrezia handiagoa eta itxarote-zerrenda luzeagoak ditugula”, esan du Garbayok.

 

Olga Chueca andreak (PSN TP) aldeztu du Nafarroan pandemiaz geroztik abian jarri den "aurrekaririk gabeko ezkutu soziala” eta “urte asko daramazkigula herrialdean pobrezia tasa txikienetako bat izaten”. Baina horrek ez du esan nahi “gure buruarekin pozik” egon behar dugunik, esan du, eta bide horretan aurrerapauso gehiago emate aldera lan egiteko konpromisoa hartu du.

 

Javier Arza jaunak (EH Bildu TP) arbuiatu du “eskuinek pobrezian jartzen duten arreta okerra eta tranpatia” argudio hori beren jarrera politikoaren alde erabiltzeko, eta esan du benetan kezkatu behar gaituena dela abian jarritako neurriek arazoari bere horretan eusteko balio dutela, baina ez txikiagotzeko, eta pobreziaren arazoari etxebizitzaren eta gizarte-babesaren alderdietatik ekin behar zaiola.

 

Isabel Aranburu andreak (Geroa Bai PT) errenta bermatuari buruzko legearen alde egin du, eta esan du horren aldaketa oro ez dela izanen eredua aldatzeko, baizik eta “erabat garatzeko”; izan ere, “pobrezia eta bazterkeria haurtzarotik heredatu eta arnasten dira”, eta lege hori gaindituko duten neurriekin eragotzi behar dira.

 

Maribel García Malo andreak (PPN TP) Gobernuari leporatu dio “begiak estalita dituela” eta ireki behar dituela datuen “errealitate gordinaren” aurrean. “Baina are gehiago kezkatzen gaituena da azken urteotan nabarmena den okerreranzko joera”, azken 9 urteetan “gauzatu diren politikak, aurrerazaletzat aldarrikatu izan dituzuenak” eta pobrezia larriagotu dutenak, pobrezia pairatzen duten pertsonentzat eta Administrazioarentzat, gainezka egin baitu”.

 

Carlos Guzmán jaunak (Contigo-Zurekin TP) ere aldeztu du errenta bermatua dela Foru Administrazioak duen “tresna onena” pobreziari aurre egiteko; hori dela eta, bere taldeak ez du “berrikusketa murriztailerik onartuko” eta, aldiz, eredu hori "sendotu eta indartzearen” alde eginen du.

 

Maite Nosti andreak (Vox FPE) deitoratu du Nafarroan "gero eta handiagoa den zama fiskalak langile publiko gehiago finantzatzea ahalbidetu duela”, baina ez dela erlazio bera egon enplegu pribatuaren hezkundearen arloan, "hazkunde ekonomiko jarraitua bada ere pobreziaren koponbiderik onena”.