Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Azaroak 17

Foru Hobekuntza eguneratzeko ponentzia eratu da

Hualde izanen da oinarrizko arauak ezarritako eskumenen garapen osoa bultzatzeko eta transferitu gabeko eskualdaketak burutzeko lanen buru

“13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa, eguneratzeko” ponentzia eratu da gaur.

 

Ponentziak Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria aukeratu du presidentetzat, eta Silvia Domenech legelari nagusiak lagunduko dio, idazkari gisa.

 

Erregelamenduaren 64. artikuluaren arabera, Ponentzia agindu zaion lana bukatu arte arituko da lanean, eta lan hori amaituta eta txosten batean jasota egon beharko da ponentzia eratu eta sei hilabeteko epe luzagarrian. Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartuko dira.

 

Honako parlamentariek osatzen dure Ponentzia: Marta Álvarez (titularra), Juan Luis Sänchez de Muniáin (UPN), Ramón Alzórriz (titularra), Inma Jurío (PSN), Arantxa Izurdiaga (titularra), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona (titularra), María Solana (Geroa Bai), Javier García (titularra), Maribel García Malo (PPN), Miguel Garrido (titularra), Carlos Guzmán (Contigo Zurekin), Emilio Jiménez (titularra) eta Maite Nosti (Vox).

 

Gaur eguerdian egin den lehenengo bileraren ondoren, lantaldea datorren astelehenean bilduko da, 09:15ean, Ponentziaren lanak erregulatuko dituzten arauak eztabaidatu eta onartzeko, baita agerraldien egutegia zehazteko ere.

 

Ponentzia urriaren amaieran sortu zen Foru Araubideko Batzordean, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkakoekin.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek proposatutako ponentziak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2021eko Eztabaidaren baitan onartutako ebazpenari erantzuna ematearen alde egin du, "ezarritako eskumenen garapen osoa bultzatzeko eta transferitu gabeko eskualdaketak -negoziatu ondoren- burutzeko". Foruaren Hobekuntza gaurkotzeko eta XXI. mendeko errealitate sozialera eta nafarren iritzira egokitzea da helburua.

 

UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, proposamena proposatu dutenen "interes alderdikoiari" egotzi diote ekimena, duela 41 urte jarraitutako onarpen-prozeduraren "zilegitasuna" defendatu dute, eta Nafarroaren "estatus bereizia" eta egungo "errealitate soziolinguistikoa" babesteko asmoa aurreratu dute, oinarrizko arau instituzionalean ezarritakoaren arabera.

 

Orain arte, Foruaren Hobekuntza arautzen duen Lege Organikoa bi aldiz baino ez da aldatu, eta biak aldaketa puntualak izan dira. 2001ean, Gobernuko presidentea hautatzeko prozesu automatikoa ezabatu eta honi, era berean, Legebiltzarra aldez aurretik desegiteko ahalmena eman zitzaion. 2010ean, legegintzaldiaren iraupena lau urtera luzatzeko, aldez aurretik desegiten bada eta hauteskundeak deitzen badira.

 

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan edozein aldaketa egiteko, aldez aurretik Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko akordioa behar da, eta, ondoren, Nafarroako Parlamentuak eta Gorte Nagusiek berrestea.