Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Urriak 25

Foru Komunitatearen egoerari buruz ostegun eta ostiral honetan, hilaren 26an eta 27an, eginen den eztabaidarako arauak onetsi dira

Ardatz nagusiak: kontabilitate-kaudimena, enplegua suspertzea eta autogobernuaren inguruko adostasuna bilatzea, Hitzarmena gaurkotzea eta oinarrizko azpiegituren definizioa

Parlamentuak urriaren 26an eta 27an eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onetsi dituzten arauekin bat, eztabaida hilaren 26an eginen da –osteguna–, 09:30ean hasita, Gobernuko lehendakariaren azalpenarekin. Ondoren, ordu erdiko etena eginen da.

 

Etenaren ondotik, talde parlamentarioen eta foru parlamentarioen elkarteen eledunek hartuko dute hitza –gehienez ere, 30 minutu–, handitik txikira, lehendabizi oposizioko alderdiek –UPN, PSN eta PPN– eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenek –Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E–. Hitzaldiak bukatutakoan, Gobernuko lehendakariak horiei erantzuna emanen die. Jarraian, ihardespen-txanda irekiko da –gehienez ere, 10 minutu–, eta Gobernuko lehendakari Uxue Barkosen ihardespenarekin bukatuko da.

Eztabaida bukatzen denean, 15 minutuko epea irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari gehienez ere 5 erabaki proposamen aurkeztu ahal izateko.

 

Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidak ostiralean –hilaren 27an– jarraituko du, 09:30ean hasita, Mahaiak onartutako proposamenen eztabaidarekin. Erabaki proposamenen eztabaidaren ordena bezperako berbera izanen da –hau da, handitik txikira–; lehendabizi oposizioko taldeak eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenak.

 

Talde bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu; gehienez ere, 10 minutu. Jarraian, aldeko eta aurkako txandak abiaraziko dira, bai eta ihardespen-txanda bat ere (biak ala biak, 5 minutukoak), zeinetan taldeek eta foru parlamentarien elkarteek eztabaidako hurrenkera bera gordeko baitute.

 

Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko dira talde bakoitzak aurkeztutako erabaki proposamenak.

 

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 200.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, salbu eta Gobernuko lehendakariaren inbestidura eztabaida egin izan denean edo bilkuraldi horretan hauteskundeak egin behar direnean, Osoko Bilkura berezia eginen da Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko.

 

Manu horrek orobat ezartzen du eztabaidarako deialdia egin aurretik, irailaren lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari igorri ahalko diola horri buruzko komunikazio bat.

 

Igorritako komunikazioak dioenez, Gobernuko lehendakariak hasierako hitzaldian gogora ekarriko ditu “Gobernuak osasungintzaren, hezkuntzaren nahiz mendekotasunaren arloan egindakoa, horietan agerian gelditzen baita apustu irmoa egiten duela murrizketak lehengoratzeko, zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta gizarte-kohesioan aurrerabidea egiteko politiken alde”.

 

Hartara, Uxue Barkosek defendatuko du Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatutako Gobernu-akordioa arian-arian ezartzearen oinarrian “kontabilitate-kaudimena, enpleguaren suspertzea eta zerga-bilketaren areagotzea” daudela, eta “ahal den adostasunik handiena” lortzearen alde eginen du, “Hitzarmena gaurkotzeko, autogobernua defendatzeko eta oinarrizko azpiegiturak definitzeko; esate baterako, Nafarroako Ubidea eta Prestazio Handiko Trena”.

 

UPN, PSN eta PPN talde parlamentarioek, berriz, auzitan jarriko dituzte Gobernuaren jardunaren profil identitarioa eta sendotasun nahiz egonkortasun irudia, lehendakariaren esanen arabera “indar politikoen ekarpenak jasotzeko prest” dagoena.


· http://www.nafarroakoparlamentua.eus (112. NPAO, 2010-09-12koa).