Ganberak ebazpen bat onetsi du gerrak gatazkak konpontzeko metodo gisa arbuiatzeko
Parlamentuak Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziazioak sustatzeko ahaleginak babestu ditu, eta Nafarroa gerretatik ihes egiten duten pertsonak hartzeko prest dagoela adierazi du
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Ganberak, gerraren, hitzezko mehatxuen eta giza eskubideen urraketen gorakadaren aurrean, “gerrak arbuiatu egiten baititu gatazkak konpontzeko modu gisa”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean “giza eskubideen urraketak salatzen ditu, edozein dela ere haien jatorria, eta bereziki, emakume eta nesken gorputzen bortxaketak eta horiek gerra-arma gisa erabiltzea”. Atal honen alde bozkatu du Navarra Sumak ere, bi parlamentarik izan ezik (PPN).
Era berean, Parlamentuak “babestu egiten ditu su-eten bat lortzera eta negoziazioak hastera zuzendutako ahaleginak”. Navarra Sumak aurka bozkatu du.
Gainera, Nafarroako Parlamentuak “babestu egiten ditu gerretatik eta haien ondorioetatik ihesi doazenak, edozein dela ere haien jatorria edo erlijioa”. Navarra Sumaren parte diren PPNko bi parlamentariek aurkako botoa eman dute.
Ukrainako gerrari dagokionez, Parlamentuak babestu egiten ditu “egun bizi den gerraren lehen urteurrenaren harira eginen diren mobilizazioak”. Navarra Sumak (18), PSNk eta Geroa Baik abstentzioa bozkatu dute, eta PPNko bi parlamentariek, berriz aurkako botoa eman dute.
Azkenik, eta ingurumenari dagokionez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ahaleginak birbideratu eta justizia ekosozial global bat bultzatu dezan”. PSNk eta PPNko bi parlamentariek aurkako botoa eman dute.
Halaber, hiru atal baztertu egin dira, lehenak proposatzen zuen “babestea gerrak arbuiatzen dituzten guztiak, eta, ildo horretatik, babesa ematea Europak Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako objektoreak eta desertoreak har ditzan abiatutako kanpainari”. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute.
Bigarrenak Nafarroako Gobernua premiatzen duen “arbuia zezan gatazka-eremura eta besteren batera edozein material militar bidaltzea”. Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik aurkako botoa eman dute.
Hirugarren atal baztertuak Espainiako Gobernua premiatzen zuen “gastu militarra gutxitu dezan eta diru hori gerraren ondorioak leuntzeko eta gizarte zerbitzu publikoak (osasungintza, irakaskuntza eta abar) sustatzeko erabil dezan”. Navarra Suma eta PSNk aurkako botoa eman dute.
Zioen azalpenean, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak oroitarazi du datorren otsailaren 25ean urtebete beteko dela “Errusia Ukraina inbaditzen hasi” zenetik. Gatazka horrek “heriotza eta suntsipena ekarri du bertako biztanleria zibilarentzat, eta horren ondorioak Europako gainerako herrialdeetan ere nabaritu dira, kasu honetan, inflazioa eta zenbait produkturen eskasiarekin”.
Horri dagokionez, proposamena egin dutenek adierazten dute “une honetan 60 gerra edo gatazka armatu baino gehiago daudela mundu osoan zehar”, biktimen eta inplikatutako alderdien artean sortuko den “gorrotoaz” ohartarazten dute, eta gatazkak “negoziazioaren bidez konpontzeko” deia egiten dute.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (25. NPAO, 2023-02-14koa)