Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 2

Gazaren aurkako zigor kolektiboa salatu du Nafarroako Parlamentuak, eta nazioarteko legedia bete dadin exijitu du

Gazako zerrendan gertatzen ari den “aurrekaririk gabeko” egoera ikusirik, zeinetan milaka zibil hildako baitaude, horien artean 2.000 haur baino gehiago

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Ganberak “gatazkako alderdiei exijitzen baitie nazioarteko legeria bete dezaten, bereziki NBEaren ebazpenak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin, Nafarroako Parlamentuak “salatu egiten du Israelek milioi bat pertsona baino gehiagori emandako ebakuazio-agindua, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa den lekualdaketa behartua eragin baitu, eta laguntza humanitarioa sar dadila eskatzen du, herritarrek berriz ere eskura izan ditzaten ura, elektrizitatea, elikagaiak, botikak eta bizitzeko funtsezko den oro”.

 

Era berean, hirugarren atalean, “Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du Gazako biztanleei ezartzen ari zaien zigor kolektiboa; izan ere, Gatazka Armatuen Legearen arabera –besteak beste, Genevako eta Hagako Konbentzioak biltzen ditu–, zigor kolektiboa, gerra-krimena izateaz gain, gizateriaren aurkako krimen gisa ere tipifikatuta dago”.

 

Azkenik, Ganberak Espainiako Gobernua premiatzen du “jardun dezan Nazioarteko Legeria indarduna betetzeko eta betearazteko duen betebeharri helduz, eta berehalako su-eten iraunkorra exiji dezan”.

 

PSNk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentariek, ekimenaren titularrek, onartu ez dutena. Xede zuen gaitzestea “Hamas talde terroristak Israelgo Estatuaren aurka egindako eraso terroristak, ehunka hildako eta zauritu eragin baitituzte, eta bahituak berehala askatzeko eskatu du”.

 

Gainera, proposatzen zuen “elkartasuna adieraztea inguruan lan egiten duten erakunde humanitarioei, eta azpimarratzea ezin direla inoiz helburu militarrak izan”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentariek ebazpena sustatu dute “aurrekaririk gabeko gertakariak eta Gazako zerrendan gertatzen ari den egoera ikusirik, zeinetan milaka zibil hildako baitaude, horien artean 2.000 haur baino gehiago”.

 

* UPNko parlamentari Iñaki Iriartek, arrazoi pertsonalengatik bere talde parlamentarioak bozkatzeko askatasuna emanda, mozioaren testu osoa babestu du.