Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Urtarrilak 18

Genero-ekitateari eta LGTBI arloko politikei buruzko politika publikoak aztertzeko eztabaida

Geroa Baik adostasunetik aurrera egiteko deia luzatu du, EH Bilduk azkartasuna eskatu du, PSNk hezkuntza eta kontzientziazioa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek inboluzioa arriskua aipatzen dute eta UPN eta PPk oportunismoa

Genero-ekitateari eta LGTBI arloko politikei buruzko politika publikoak aztertzeko eztabaidari Koldo Martinezek, Geroa Bai taldeko eledunak eman dio hasiera, eta “feminismoaren oinarriak defendatzen jarraitzeko asmo irmoa adierazi du, gizonen biktimismo faltsua areagotzen duen manipulazio eta zarata alde batera utziz”.

 

Azaldu duenaren arabera, Geroa Baik bilkura hau ospatzeko eskaera egin zuen “gizonen eta emakumeen arteko parekidetasunaren alde lan egiteko adostasun batera iristeko premia sozial eta politikoa dela eta, parekidetasunak pertsona guztien arteko berdintasunerantz eramango baikaitu, sexu orientazio, nortasun edo generoa edozein dela ere".

 

“Adostasun hori inoiz baino premiazkoagoa dela uste dugu, sektore politiko eta mediatikoek emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideekiko erakutsi duten inboluzioa ikusita”, adierazi du.

 

Gaineratu du generoagatiko eta LGTBIfobiagatiko diskriminazioak “jatorri bera duela, patriarkatua”, eta maila politikoan oinarri zabaleko akordioak sustatzeko apustua egin du, “politika publiko guztietan genero berdintasuna lehentasun izan dadila bermatuz”.

 

Martinezek Estatuan 2003 urtetik ia mila emakume erailak izana gaitzetsi, du, eta genero indarkeria erauztea erronka nagusietako bat dela aitortu du. “Emakume askeak eta independenteak izaten saiatzen direlako hiltzen dituzte, sumisioari “ez” eta askatasunari “bai” esateagatik”.

 

Zentzu horretan, Vox, Alderdi Popularra, Ciudadanos eta haien inguruak egunero zabaltzen dituzten “gezur eta manipulazioen” aurrean, Geroa Bairen kezka nagusia “genero indarkeria oro salatzea da, desagertzeko bidean eman beharreko lehen pauso gisa”.

 

Egungo araudia “nahikoa ez dela” iritzi ostean, adierazi du ezinbestekoa dela genero ikuspegia “politika publiko guztietan” ezartzea. Skolae ere aipatu du, “desberdintasunaren aurka irmoki egiten duen programa aparta”.

 

UPNk eta PPNk politika egiteko jokabide arduragabea kritikatu du amaitzeko, programa hau “estigmatizatzen” saiatzeagatik.

 

 

UPNk eztabaidaren helburua zalantzan jarri du

 

Javier Esparzak (UPN) Geroa Bairen “elektoralismo merkea” eta genero-ekitateari buruzko Osoko Bilkurarekin “probetxu politikoa” ateratzeko asmoa kritikatu du, baieztatuz erregionalistek sekula ez dutela emakumeen “eskubideak, askatasuna edo segurtasuna” zalantzan jarriko duen erabakirik hartuko.

 

“UPNk konpromisoa hartzen du borroka honetan diharduten emakume eta gizonekiko eta ez du sekula hartuko hauen segurtasuna, askatasuna edo eskubideak zalantzan jarriko duen erabakirik. Geroa Bairen lehentasuna ez da adostasun edo akordioak bilatzea, probetxu politikoa ateratzea baizik”.

 

Esparzak uste du “gai hau hauteskundeen ikuspegitik interesgarria izan daitekeela alderdi batzuentzat”, baina haiek afera hau “pizgarri” gisa erabiltzeari uko egingo diotela adierazi du, gai “sensibleegia, larria eta dramatikoa” delako. “Pertsonei buruz ari gara, eskubideei buruz, berdintasun eta errespetuari buruz, eta horrekin ez da jolastu”.

 

Martinezen hitzak entzun ostean, ohartarazi du “gizarte politikak ezkerraren ondare direla dirudiela” eta aitzitik, “politika hauetan sinisten dutenenak direla, sustatzen dituztenenak”.

 

Bestalde, oroitarazi du erregionalistek “beti” defendatu dutela gizarte “parekatu” bat, eta “ezerk ez duela zalantzak jarriko UPNk genero indarkeriarekin amaitzeko eta pertsona guztien eskubide eta askatasunaren alde egiten duen lana”.

 

Esparzak egoera probestu du Berdintasunaren lege berrian “talde guztiei parte hartzen utzi ez dietela” salatzeko, “dirudienez ez dute gustoko espazio hori elkarbanatzea”.

 

Skolae programari dagokionez, “inposizioa” salatu du eta familiekiko “errespetua” eskatu du.

 

 

EH Bilduk urte hauetako aurrerapausoak aldarrikatu ditu

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) aitortu du Nafarroak lege “egokiak” dituela genero eta LGTBI berdintasunari buruz, baina “pausuak emateko” eta “neurri sakon eta estrukturalak hartzeko” deia luzatu du. “Legeak bere osotasunean ezartzeko eta lege hauetan aitortzen diren eskubide guztiak benetan islatzeko batzuetan ez da behar bezala jokatzen”.

 

“Oraindik ere desberdintasunak” daudela adierazi du, “heteropatriarkatua indartsua baita”, eta hori dela eta, “eraldaketa soziokultural sakon” baten beharra aldarrikatu du. “Oraindik ere pausu asko ditugu emateko, baina gauza bat argi dago, azken urteetan LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko eta diskriminazioak ekiditeko urrats garrantzitsuak eman dira”.

 

Politika publiko guztietan genero ikuspegia ezartzea ezinbestekoa dela adierazi du Ruizek. “Denok gaude berdintasun formalaren alde, baina desberdintasunak sortzen dituzten elementuei ekiterako orduan sortzen dira desadostasun politikoak”. Javier Esparza UPNko eledunaren hitzen “demagogia eta populismoa” kritikatuz amaitu du EH Bilduko eledunak bere hitzartzea.

 

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik legegintzaldi honetan egin den lana baloratu du

 

Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) uste du legegintzaldi hau “oso garrantzitsua “izan dela Nafarroan berdintasun politikei dagokienean, “Akordio Programatikoak lehen aldiz gaia jaso baitu eta legediaren garapen garrantzitsu bat egin baitugu”.

 

Saezek arazo honen “jatorrira eta arrazoi estrukturaletara” jotzea defendatzen du, eta errealitate honi aurre egoteko Skolae bezalako programak “ezinbestekoak” direla uste du.

 

Bestalde, azpimarratu du “berdintasunaren eta feminismoaren garrantzian kontzientziatzeko lan handia egin duela aldaketak, izkina guztietara iritsi baita”.

 

Tere Saezen iritziz, “berdintasun politikak dira indarkeria matxistaren aurkako txerto bakarra”, eta Vox bezalako alderdiak egiten ari diren “inboluzio saiakera” salatu du, orain arte hartutako neurriak “indargabetzen saiatzen ari baitira. Talde hauek “hitzak nahasten dituzte, ez baita gauza bera ‘gizona’, edo ‘matxista’ edo ‘tratu txarrak eragiten dituztenak’”.

 

 

PSNk hezkuntzaren eta gizarte kontzientziaren garrantzia azpimarratu du

 

Maria Chivitek (PSN) adierazi du genero-ekitatearen aldeko borrokaren oinarria hezkuntza dela, eta hezkuntza “berdintasunean” oinarritzen ez bada, “ez da inoiz gizarte parekide bat lortuko”. Legegintzaldi honetan aurrerapauso garrantzitsuak eman diren arren, PSNk uste du hezkuntzak eta gizarte kontzientziak huts egiten dutela oraindik ere. “Gobernu aldaketarekin Nafarroara ez da berdintasuna iritsi, Gobernuak askoz ere gehiago egin zezakeen”.

 

Skolae programa bikaina iruditzen zaigu, baina gure ustez ikastetxe guztietan ezartzea derrigorrezkoa izan beharko litzateke”.

 

Alderdi Popularrari dagokionez, azpimarratu du “inoiz ez dutela honetan sinetsi, ez dute inoiz baliabiderik jarri. Gauza bat da diskurtsoak egitea eta beste bat baliabideak mahai gainean jartzea”, eta UPNren “ikuspegi kontserbadorea” ere nabarmendu du, sozialistek defendatzen duten familia eredutik “oso urrun” baitaude.

 

“Berdintasunaren aldeko borrokan interpretazio posiblerik” ez dagoela adierazi du eta gai honetan “atzerapausorik ez” emateko apustua egin du, baita Andaluziako Gobernua eratzen denean “Legebiltzar honetan ozen oihukatzeko ere”.

 

“Aniztasunean elkarbizitzeko aurrera egitea” besterik ez dagoela adierazi du sozialistak, pertsona guztiei errespetua aitortuz, “euren sexualitatea bizi duten moduari erreparatu gabe”.

 

 

PPNk eskubideak bermatzen ditu baina pentsamendu bakarra gaitzesten du

 

Ana Beltranek (PPN) alderdi popularrak sexu aniztasunarekiko duen “errespetua” eta “pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta diskriminazio guztiak ekiditeko” borondatea agertu du, nahiz eta “inposizioa” eta “pentsamendu bakarra” gaitzetsi dituen.

 

“Irmoki sinisten dugu pertsona guztiekiko errespetuan, baina ez dugu diskriminazio positiboan sinisten, ezta inposizioan edo pentsamendu bakarrean ere”, azaldu du.

 

UPNrekin bat eginez, Beltranek bilkuraren asmoa zalantzan jarri du, bere iritziz Geroa Baiko eledunak “LGTBI kolektiboaren defendatzaile gorena izatea besterik ez baitu bilatzen”.

 

Gai honi dagokionez “gizartean aurrerapauso handiak eman diren arren, erabateko normalizaziotik urrun gaude zoritxarrez”. Ildo honetan, baieztatu du Alderdi popularrak ez duela “diskriminazioan sinisten”, askatasunean, aldiz, bai.

 

Skolae programari dagokionez, “inposizioa” kritikatu du. “Pentsamendu horretan bere seme-alabak hezi nahi dituenak egin dezala, baina utz diezagutela horrela sinesten ez dugunoi gure modura egiten”.

 

Salatu du, gainera, programa honek “pentsamendu bakarra eta genero ideología defendatzen duela” adierazi duten alderdiak, Alderdi popularra tartean, kriminalizatzen ari direla. “Desberdin pentsatzen duenaren eskubidea errespetatu”.

 

 

I-E, diskriminazioak deuseztatzearen alde

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) “matxismo, desberdintasun eta fobiarik gabeko gizarte bat eraikitzeko benetako eraldaketa sozialaren” aldeko apustua egin du, gizon eta emakumeen “aukera eta eskubide berak eduki ditzaten, inolako diskriminaziorik gabe”.

 

“Genero berdintasunerantz abiatzeko pausu garrantzitsuak eman diren arren, “generoagatik, sexuagatik edo sexu identitateagatik diskriminazioak oraindik ere jarraitzen du”. Ildo horretan, ohartarazi du gai honetan egin diren politikak “orainik ere ez direla nahikoak” eta zenbait kasutan, “ez direla eraginkorrak izan”.

 

I-E harro dago LGTBI pertsonen eskubideei dagokienez gizartean eman diren aurrerapausuetan parte hartu izanagatik, eta bereziki harro gaude eragile sozialekin batera lan egin dugulako, kaltetuekin eta talde eta elkarte parlamentario guztiekin”, baieztatu du.

 

De Simonek baieztatu du arazo honi irtenbidea bilatzeko modua “hezkuntzan, osasungintzan eta gizartearen kontzientziazioan” dagoela. “Tratu txarrik gabeko gizarte bat nahi dugu, lan abusu fisikorik, emozionalik, sexualik gabekoa, inor gutxiesten ez duela”, adierazi du.

 

UPNk indarkeria matxista gaitzestea zalantzan jarri du eta konpromisoa “erreala” eskatu die, eta ez “emakumeenganako indarkeria erauzteko legeak martxan jartzeari uko egiten dieten alderdiekin akordioak eginez edo gobernuak osatuz”. PPNri dagokionez, adierazi du “genero ideología haiena dela, ez gurea”.

 

 

Kontseilariak Gobernuaren lana nabarmendu du

 

Ana Ollok, Herritarrekiko eta Instituzioekiko Harremanetarako Kontseilariak, baieztatu du Gobernuko departamento guztiek irmoki lan egin dutela genero berdintasunaren gaian, eta Gobernuaren kezka nagusietako bat emakumeenganako indarkeriaren aurka lan egiteko baliabideak hobetzea izan dela.

 

“Badakigu emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan baliabideak oraindik ere ez direla nahikoak, baina Osasun, Ogasun, hezkuntza, Kultura eta Kirol departamentuek irmoki lan egin dute berdintasun gaian eta gainera, sindikatu eta gainerako erakundeekin elkarlanean aritu dira”.

 

LGTBI politikei dagokienez, Ollok ohartarazi du oposizioak ezin duela “dominarik jarri”, aurreko gobernuen agenda politikoan ez baitzen gai hau sartzen. Araudiaren garapenari dagokionez “bidea oraindik ere luzea den arren”, azpimarratu du “legegintzaldi honetan gizartearen onarpenean eta bisibilizazioan lan handia egin dela”.

 

Kontseilariak aipatu du gizarteak bi errealitate bizi dituela, batetik “berdintasunerako eskubidea eta emakumeen eskubideak zalantzan jartzen ari dira batzuk”, baina bestetik, Nafarroako gizartea berdintasunaren alde eta emakumeen eskubideen alde “inoiz ikusi ez den bezala mobilizatzen ari da”.