Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Abenduak 10

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira

Unai Hualdek ohartarazi du inoiz baino gehiago aldarrikatu behar ditugula pertsona guztien giza eskubideak, mundua ez baitago unerik onenean, gerrek eta gatazkek gorakada izan duten honetan

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko gaur egindako ekitaldiari, zeina foru ganberak antolatu baitu zenbait entitate eta erakunde sozialek proposatuta.

 

Honako hau gogorarazi du lehendakariak: “inoiz baino gehiago ospatzen eta aldarrikatzen ditugu pertsona guztien giza eskubideak, mundua ez baitago bere unerik onenean, gerrek, indarkeriak eta gatazkek gorakada izan duten eta giza eskubide oinarrizkoena, bizitzarako eskubidea alegia, urratzen den honetan”.

 

Ildo horretan, honako hau adierazi du Hualdek: “Israel Palestinan gauzatzen ari den basakeria, genozidioa, eta Libanoko egoera giza eskubideen urraketaren eredu garbienak dira, baina ez ditugu ahantzi behar Ukraina, Siria, Afganistan, saharar herria, Sudan eta besten hainbat herrialde eta herri”.

 

Parlamentuko lehendakariaren iritziz, “indarkeria eta gerrateak giza eskubideen urraketaren adierazpen gorena dira, baina ezin ditugu ahaztu zenbait gobernuk gauzatzen dituzten politikak, giza eskubideen aurkako eraso nabarmenak direnak. Europan badira pertsona migratzaileen eskubideak, esaterako, sistematikoki erasotzen dituzten gobernuak, eta Europako agintarien esku-hartzeak gorabehera, ez du ematen horiek aldatuko direnik”. Era berean, Hualderen aburuz, “ultraeskuina Europan izaten ari den gorakadak hausnartzera eraman behar gaitu eta, aldi berean, ahalegindu behar dugu joera horri aurre egiten eta, batez ere, gizarte politikak eta giza eskubideen defentsa babesten. Azken urteetako negazionismo zientifikoa eta ingurumenari buruzkoa eskubide oinarrizkoenetakora zabaltzen ari da”.

 

Hori horrela, hau ere adierazi du Hualdek: “eskubide-urraketak Nafarroan ere arduratu behar gaitu. Pobreziaren eta Desberdinkeriaren Aurkako Nafarroako Ituna lantzea lehentasunetako bat da eta gehiengo parlamentarioaren konpromiso argia duena. Pobrezia dagoen bitartean, gizarte-bazterketa eta desberdinkeria dauden bitartean, baliabideak jartzen eta politikak gauzatzen jarraitu beharko dugu, Nafarroak eskubideetan aurrera egin dezan”.

 

Bere hitzartzeari amaiera emateko, Hualdek eskerrak eman dizkie “gure komunitatean giza eskubideen alde asoziazionismoan lan egiten duzuen guztiei. Lagundu egiten duzue, eta erakundeei ohartarazten diezue zer ez den ongi egiten, edo zer egiten ahal den hobeki, eta pazientziaz eta jardunbide onez egiten duzue gainera, eta erakundeok hori eskertu egin behar dugu beti, batzuetan errieta egiten badiguzue ere. Garbi dago zein den guztiok kezkatzen gaituen helburua. Nafarroa bidezkoagoa lortzea, Nafarroa hobea. Europa eta mundu bidezkoagoak eraikitzea, nahiz eta beti gelditzen zaigun lan handia egiteko”.

 

Jarraian, Andrea Corerak, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareko lehendakariak, adierazi du aldarrikapenak, zeinak 30 artikulu dituen, “berdintasuna eta askatasuna sustatzen duten printzipioak ezartzen” dituela, eta mugarria dela “pertsona guztientzat, inolako bereizketarik gabe eta munduko txoko guztietan, eskubide eta askatasun oinarrizkoak, unibertsalak eta besterenezinak aldarrikatzeko bidean”. Alabaina, azpimarratu duenez, “gaur egun, testuinguru konplexua eta desafiatzailea dugu aurrean. Krisi ekonomikoek, aldaketa klimatikoak eta ingurumen-narriadurak eragin neurrigabea dute pertsona zaurgarrienen eskubide-baliatzean. Pobrezia-egoeran dauden pertsonek, emakumeek, neskek, pertsona arrazializatuek, desgaitasuna duten pertsonek eta LGTBI pertsonek oraindik ere sistematikoki urratuta ikusten dituzte beren eskubideak egunero, eta giza eskubideen defentsan lan egiten dutenak jazarriak dira munduko leku askotan”.

 

Corerak Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia aipatu du, Antonio Guterres, Aldarrikapenaren 75. urteurrenean esan baitzuen pertsona guztien eskubideen defentsak interes komunari mesede egiten diola, eta, are garrantzitsuagoa dena, ezin dugula aukeratu zer eskubide defendatu; izan ere, edozein eskubide lortzeko, behar-beharrezkoa da eskubide guztiak defendatzea. “Akatsa izanen litzateke eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak gutxiestea, gertatu ohi den eran. Baina okerra izanen litzateke, halaber, pentsatzea eskubide horiek nahikoa direla pertsonen askatasun-nahiak asetzeko. Ekintzarako deia behar dugu, eskubideen multzo osoa barne hartuko duena”.

 

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisen emandako 217 A (III) Ebazpenean onartutako aldarrikapen-dokumentua da. Aldarrikapen hori Bigarren Mundu Gerran zenbait estatu totalitariok egin zituzten izugarrikeriek eragindako ikararen ondorioz sortu zen. Aldarrikapen horren bidez, oinarrizko eskubide batzuk bermatu nahi dira eta Estatuaren gainetik jarri, Estatua baita eskubide horien eraginkortasuna bermatu behar duena.

 

Hona hemen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluen irakurketa “kritikoan” parte hartu duten gizarte erakunde eta entitateen zerrenda: CERMIN, GKEen Koordinakundea, Pobreziaren aurkako Sarea, Médicos del Mundo, Medicus Mundi, Lantxotegi, Osasun Mentaleko Desatada Elkartea, Antox, Y os lo cuento elkartea, Salhaketa, Proclade, Coopera, CEAR, Setem, SEI elkartea, Adsis Navarra fundazioa, Vicente Ferrer elkartea, Asorna, Comfin, Elikagaien Bankua, Transforma, Ekonomia Alternatiboko eta Solidarioko Sarea, Astelehen Lilak, Itaca Escolapios, París 365 eta Oxfam Intermon.

 

Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarearen ordezkari Edurne Redínek gidatu eta koordinatu du irakurketa.

 

Ekitaldian izan dira lehen idazkari Yolanda Ibáñez, bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo, hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfaro, Foru Komunitateko Ararteko Patxi Vera eta UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PP eta Contigo Zurekin taldeetako parlamentariak.