Gobernuak “lehenengo aldiz” Aniztasunerako Arretaren Plana sortzea aldeztu du
PSNren interpelazio bati erantzunez, zeinak “bere planetako bat bera ere ez betetzea eta propaganda besterik ez egitea” aurpegiratu baitio Gobernuari
Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari María Solanak azpimarratu du legegintzaldi honetan hezkuntzako Aniztasunerako Arretaren Plana onetsi dela "lehenengo aldiz" Foru Komunitatean, eta "bide egokian aurrera egiten” ari dela baieztatu du.
Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran, PSNren interpelazio bati erantzunez, María Solanak adierazi du bere departamentuak urtebete eman zuela plana taxutzen, plan hori iragan ikasturtean aplikatzen hasi zela, eta hiru ikasturte gehiagotan aplikatzekoa dela.
Kontseilariak azaldu duenez, joan zen azaroan planaren jarraipenerako batzordea bildu zen eta "guztiek iritzi zioten aurrera egiten ari dela norabide egokian". Nafarroako Alderdi Sozialistak “propaganda besterik ez egitea” egotzi ondoren, Solanak adierazi du Aniztasunerako Arretaren Planak eskatzen duen “plangintza eta aurreikuspena” garrantzitsua dela, “garatzeko denbora behar duelako”, eta Hezkuntzako "aurrekontua handitu" egin dela azpimarratu du, "ez PSNri esker, laugarren aldiz jarraian ez baitu onartu neurri positibo bakar bat ere, eta urteak baitaramatza dibertsitaterako arretaz hizketan baina zentzuzko ekarpenik egin gabe; egiten duen gauza bakarra da plana eta eskola publikoa hondatzen saiatzea, eta gero esaten du bera dela defendatzailerik handiena". "Bere diskurtsoa eta bere kanpaina Nafarroako eskola publikoaren gainetik jartzen ditu", esan du.
Gainera, gai horretan “zeharkakotasunak” duen garrantzia nabarmendu du kontseilariak. Izan ere, kontseilariaren esanetan, oposizioak —“irakasleen lan-egoera hobetzen baitute”— edo errenta bermatua bezalako neurriek ere ekarpena egiten diote aniztasunerako arretari, eta "arreta integralaren” beharra dago, “badirelako eskolatik kanpoko kausak".
Carlos Gimenok (PSN talde parlamentarioa) baieztatu du, aldiz, "iragarkien Gobernuaren aurrean” gaudela, baina ez duela betetzen “hezkuntzako komunitateari ezartzen dizkion plan eta ekimen ugarietako bat bera ere".
Carlos Gimenoren ustez, Gobernuak errenta bermatuaren garapenaren menpean utzi du bere politika. "Departamentuaren politika ez da baliabide gehigarriak ezartzea ikasleak bere merezimenduen araberako errendimendua lortu ahal dezan; konponbidea da 800 euro ematea ikaslearen familiari eta adingabe kalteberak ikastetxe publiko batean elkartzea, ahal dela gaztelaniazko batean", azaldu du.
Parlamentari sozialistak eskatu du "ikasle behartsuak modu orekatuan banatzea funts publikoekin mantentzen diren ikastetxeetan, titulartasun publikoetan nahiz itunduetan". Esan duenez, gaur egun "bereizkeria nabarmena da". "2014-2015 ikasturtean ikasle behartsuen % 56 ikastetxe publikoetan eskolatuta zeuden eta lau urte geroago zifra hori % 64ra igo da", kritikatu du.
Alberto Catalanek (UPN talde parlamentarioa) gogorarazi du Nafarroa garai batean “erreferente izan zela aniztasunerako arretaren arloan”, baina “tamalez egungo Gobernuaren gainditu gabeko ikasgaia” dela. Kontseilariaren hitzak “etsigarri”tzat jo ditu, “argudiorik ezean batek errezenera egiten baitu, deskalifikaziora”.
Catalanek esan duenez, “gora egin du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kopuruak, baita ikasteko zailtasunak dituzten ikasleen kopuruak ere”. Horiek guztiak “sare publikoan, AG ereduan eskolatuta” daudela kritikatu du.
Isabel Aranburuk (Geroa Bai talde parlamentarioa) aniztasunari erantzuteko garaian “errenta bermatuak duen garrantzia” nabarmendu du. “Pobrezia tasa beheratzea aniztasunerako arretaren arloko beste edozein neurriren aurretik egin beharreko urratsa da”, baieztatu du.
Aranburuk azpimarratu egin ditu orain arte egin diren jarduketak, besteak beste “ratioak mugatzea, berrikuntzarako lehentasunezko ikastetxeak identifikatzea, prestakuntza sustatzea edo baliabideen bankua sortzea”, eta plana “egokiro garatzen” ari dela gehitu du.
Miren Aranoak (EH Bildu talde parlamentarioa) kritikatu egin du aurreko gobernuek erabili izan duten aniztasun kontzeptua, “zaharkitua eta baztertzailea” izateagatik. Hala ere, Aranoak aniztasuna defendatzen du “hezkuntzaren kalitatearen oinarria den aldetik, ikasleak ez direlako elkarren berdinak eta ikuspegi horretatik bakarrik lor daitekeelako gizarteratzea”.
Gobernuak bide horretan eman dituen pausoak aldeztu ditu EH Bilduko parlamentaria, hala nola Lanbide Heziketako Plan Estrategikoa edo Skolae programa, “berdintasunez heztea aniztasunari aurre egiteko modurik onena baita”.
Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) programa-akordioa ekarri du gogora, aniztasunerako arreta “gobernu honen etengabeko kezka” izan dela baieztatzeko. “Lehen ere egin dira gauzak”, erantsi du, baina kritikatu egin du aurreko gobernuak hainbat murrizketa egin ondoren oraingo gobernuak 2015ean aurkitu zuen egoera.
Egindako jarduketak balioetsi ditu, tartean irakasleen egonkortasunaren alde egindakoak, zeren “horiek guztiek bermatzen baitute eskola inklusiboagoa izatea eta aniztasunerako arreta hobea eskaintzea”, eta “aurrekontuak gero eta handiagoak izatea” adierazgarria dela esan du.
Javier Garciak (PPNko foru parlamentarien elkartea) Gobernuari egotzi dio “alderdikoikeriaren alde apustu egiten jarraitzea, inposizioaren alde eta irakaskuntza-askatasunaren kontra”, eta gaineratu du ez dela izan “hezkuntzaren aldeko apusturik”.
Garciaren iritziz, “hezkuntza ez da alderdien interesetarako erabili behar, eta horixe egin du gobernu honek, bere ideologia inposatu du eta ideologia- eta kultura-aniztasuna gutxi ordezkatzen duten programen bidez doktrinatu du”.
Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) nabarmendu du Estatuko araudiaren aldaketek “aniztasunerako arretaren kontzeptuari eragin” diotela, eta eskatu du “LOMCE indargabetzea, curriculumean esku hartzea eta gehiago jotzea prestakuntzara alderdi instrumentalera baino”.
“Nahikoa ez bada ere”, Aniztasunerako Arretaren Planaren garrantzia balioetsi zu, zeinak bai baitu bere “finantzaketa espezifikoa”.