Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 2

Gobernuak esan du ingelesaren ikaskuntza “bermaturik” dagoela ikasle guztientzat

PPNren interpelazio bati erantzunez, zeinak Departamentuari leporatu baitio deus gutxi egitea PAI programa hobetzeko eta baliabide urriko familiei hizkuntzak eskura jartzeko

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari María Solanak baieztatu du ingelesaren ikaskuntza bermaturik dagoela "Nafarroako ikasle guztientzat" eta irakaskuntza hori Foru Komunitatean "erabat finkatuta" dagoela.

 

"Ikasle guztiek ingelesa ikasten edo bederen ingelesa estudiatzen dute, ez ordea euskara, Nafarroako berezko hizkuntzetako bat", adierazi du kontseilariak, PPNk kontroleko osoko bilkuran aurkeztu duen interpelazioari erantzutean.

 

María Solanak azaldu duenez, LOMCEk astean hiru ingeles saio markatzen ditu ikasleentzat, baina Nafarroan astean bost saio egiten dira Haur eta Lehen Hezkuntzan.

 

Hala, kontseilariaren ustez, ingelesaren irakaskuntza "erabat bermatuta" dago. Etorkizunean "hizkuntza-aniztasunerantz jo, fokua handitu, eta atzerriko beste hizkuntza batzuen ikaskuntza sustatu" behar dela planteatu du. Hori dela eta, "frantsesa hain ikasle gutxik ikastea kezkagarria” iruditzen zaiola erantsi du.

 

Gainera, María Solanak adierazi duenez, Ingelesa Ikasteko Programari buruz egindako azken ebaluazioan "aztertutako lau trebetasunetatik batean ere ez da hobekuntza orokor nabarmenik aurkitu".

 

Interpelazio horren bidez PPN "titularraren bila" dabilela salatu du kontseilariak. "Badira jarrera politikoei eutsi nahian datuak manipulatu eta bihurritzeko gauza direnak, oinarririk ez duenari oinarria bilatzeko".

 

Javier Garcíak (PPN) Ingelesa Ikasteko Programa "geldiarazi" nahi izatea leporatu dio Gobernuari. "Familia asko horren aurka agertu dira. Hezkuntza Departamentuak deus gutxi egin du programa hori hobetzeko. Ez dugu ulertzen zergatik Gobernuak ez duen PAI programa eredu bilakatu nahi".

 

Javier Garcíak Nafarroako ikasleen "ehuneko ehunarentzat” eskatu du ingelesaren irakaskuntza, berdintasuna bermatzeko. "Guztientzat nahi dugu, ez ingelesezko eskolak ordaintzeko baliabide ekonomikoak dituztenentzat edo herriko ikastetxe batean programa edukitzeko zortea dutenentzat soilik", adierazi du.

 

Kontseilariaren hitzaldia "etsigarria" iruditu zaio Alberto Cataláni (UPN). PAI programa "jo eta hondatu" nahi dutela eta "dauden baliabide ziztrinek" beharrak estaltzen ez dituztela salatu du, eta PPNk bezala esan du ebaluazioak ez direla Gobernuak nahi zuen bezala atera, "hobeki” baizik.


Carlos Gimenok (PSN) ere auzitan jo du Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa lana. "Foru agindu berriaren bidez jada lortu dute PAI programaren hedapena mugatzea eta, nahi duten bezala, ezerezera ekartzea".

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) PPNren "erredukzionismo zentzugabea" kritikatu du. Hizkuntza anitzeko hezkuntza-sistemaren alde mintzatu da, eta ingelesa bermatuta dagoela baieztatu du.

 

Era berean Miren Aranoak (EH Bildu) hizkuntza aniztasuna aldeztu du, eta PPNren diskurtso "topikoz josia" dela-eta, "dezepzioa" agertu du.

 

Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu) ere Garcíaren hitzaldia kritikatu du, eta "hizkuntzen tratamendu integralaren” alde hitz egin du.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) "zentzugabekeria” gisa kalifikatu du eztabaida, eta azpimarratu du hizkuntzen ikaskuntza eskola-curriculumaren parte izan behar duen ala ez, horixe dela guztientzat hartu behar den erabakia.