Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Urriak 26

Hartutako Kalte Zerebralaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez ekitaldi instituzional bat egin du Nafarroako Parlamentuak

Hiru Hamabik aitortu du Ganberak Nafarroako Ospitale-Gunean arreta espezializatuko diziplina anitzeko unitate bat ezatzeko egin duen ahalegina, estatuan aitzindaria izanen dena

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur Hartutako Kalte Zerebralaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Gizartea sentsibilizatzeko eta hartutako kalte zerebralak sortzen dituen arazoak agenda publikoan sartzeko helburuarekin egin da ekitaldia, eta parlamentuko talde guztiek bat egin dute Foru Erkidegoan 16 urte arteko 160 adingabe kaltetzen dituen patologia honen arreta indartzeko asmoz.

 

Hala berretsi du Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakariak; izan ere, bere ustetan, “garunean bat-batean izandako lesio baten ondorioz haien garapena eten egin den haurren bizi-kalitatea hobetzeko ahaleginean ari den erakunde aitzindari honen lana ikusaraztea bidezkoa da”.

 

“Atzo Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna zela eta komentatu genuen, eta ez gara nekatuko hori errepikatzeaz. Orain, inoiz baino gehiago, osasun-sistema sendoa izatearen garrantzia agerian dago. Aurreko legealdian, Hiru Hamabirekin batera, Haurren Kalte Zerebralaren Arretarako lehenengo programa landu zen. Eredu hori kanpora eraman daiteke, adituen diziplina anitzeko batzorde baten ekarpenetatik sortua baita”, adierazi du Hualdek.

 

Horrela, Hiru Hamabi Haurren Hartutako Kalte Zerebralaren Elkartea zoriondu eta 2013tik aholkularitza-, laguntza- eta sentsibilizazio-lanetan erreferentziazko erakunde gisa egiten ari den lana nabarmendu ondoren, lehendakariak azpimarratu du Legebiltzarrak konpromisoa duela gizarte hobe bat eraikitzearekin zerikusia duen guztiarekin.

 

“Ez dezagun ahaztu Hartutako Kalte Zerebralak, oro har helduak kaltetzen dituen arren, adingabeei ere eragiten diela. Komeni da gogoraraztea edozein unetan eta edozein adinetan iktusa edo garezurreko traumatismoa izan dezakegula. Hiru Hamabi zoriontzea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko zuen lanagatik”.

 

Ondoren, Yolanda Fonsecak, Hiru Hamabiko presidenteak, azkeneko gobernuen bultzada eskertu du; izan ere, “2015ean Osasun Batzordean agerraldia egin genuenetik, Nafarroako Ospitale-Gunean Hartutako Kalte Zerebralaren Arreta Espezifikoko Programa bat abian jartzen lagundu dute”, eta gogorarazi du, “gaur egun apur bat ikusgarriago garen arren”, oraindik ere zenbait gauza egiteke daudela.

 

“Gaur egungo familiek duela urte gutxi batzuk sentitzen genuen hutsune hori sentitzen ez dutela jakiteak poz handia ematen du. Kaltetutako haurrek behar dituzten neuroerrehabilitazio-tratamenduei heltzeko baliabideak izateak suposatzen duen lorpena ez da autonomia-erkidego gehienetan ematen. Horregatik, 2018an Nafarroako Parlamentuaren jarrera aitortu genuen, eta ohorezko bazkide txartela eman genion, gure eskaerei emandako babesagatik”.

 

Hala, hezkuntza-, lan- eta osasun-alorretan urrats berriak eskatu ondoren, Fonsecak María Zandio doktorea gogoratu du. María Zandio izan zen Hartutako Kalte Zerebralari aurre egiteko haurrentzako arreta espezializatuaren eredua sortu zuten bileren buru. Amaitzeko gaineratu duenez, “ez dugu ahaztu behar, hartutako kalte zerebrala adingabekoen garapena eteteko arrazoi nagusietako bat dela, eta urtean 250 biztanleko intzidentzia du”.

 

Parlamentuak, bestalde, urdin kolorez argiztatuko du gaur iluntzean bere egoitzaren aurrealdea (19:30 – 24:00).

 

Ekitaldia amaitzeko, Hiru Hamabiko ordezkariekin taldeko argazki bat atera dute Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideek, bai eta talde guztietako parlamentariek ere.

 

Hartutako kalte zerebrala (DCA) garunean izandako lesio baten ondorioz gertatzen da. Ondorioak oso desberdinak izan daitezke eta desgaitasun-maila desberdinak ekar ditzake, besteak beste, sistema motorean, bisualean, hizkuntzari dagokionean edo jokabidean. Haurrek, nahiz eta batzuetan ez den ikusarazten, Hartutako Kalte Zerebrala ere badute, eta haien diagnostikoak eta tratamenduak berezitasun eta eskakizun zehatzak ditu. 160 adingabe daude erregistratuta Nafarroan eta azken hamabi hilabeteetan erregistratuetako 17 adingabeak dira.

 

Hiru Hamabi Haurren Hartutako Kalte Zerebralaren elkarte espezifiko bakarra da Estatu osoan. 70 familia biltzen ditu, eta horiei informazioa, aholkuak eta laguntza-espazioak eskaintzen dizkie. Gainera, irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa, kolektibo horren arazo eta premiei buruzko sentsibilizazio-ekintzak egiten ditu, eta horretarako baliabideak lortzen saiatzen da erakunde publiko, elkarte eta klinika pribatuen bidez. Elkartearen izenak 3/12 esan nahi du, abenduaren 3a, hau da, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna.